- Ogasun eta Finantzetako sailburu Noël d’Anjouk Bilbao Bootcamp II ekimenaren irekiera instituzionalean parte hartuko du, eta Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendari Asier Aranbarrik topaketako lan-saioetan parte hartuko du.
- Eusko Jaurlaritzak, Nazio Batuek eta Espainiako Gobernuak antolatutako ekimen honen helburua da lurralde-proiektuak inbertsio-aukeretan bihurtzea, eskala handiko finantzaketa publiko eta pribatua mobilizatzeko gai izan daitezen.
- Euskadik sendotu egin du Garapen Jasangarrirako Helburuen lokalizazioaren arloan nazioarteko erreferente gisa duen papera, baita Nazio Batuen Local2030 Koalizioaren Idazkaritzaren egoitza gisa ere.
Datorren astean, Bilbok eta Euskadik garapen jasangarriaren finantzaketaren arloko nazioarteko hitzordu garrantzitsuenetako bat hartuko dute. Ekainaren 9tik 11ra bitartean, gobernuetako, nazioarteko finantza-erakundeetako, erakunde multilateralen, inpaktu-inbertitzaileen, erakunde filantropikoen eta tokiko agintaritzen ia 200 ordezkari bilduko dira Bilbao Bootcamp II: Eskalatzen eta Lurraldeko Irtenbide Finantzagarriak Eraikitzen izeneko ekimenean. Jardunaldiaren helburua Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) betetzeko behar diren inbertsioen mobilizazioa bizkortzea da.
Topaketa Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak, Nazio Batuen GJHetarako Funts Bateratuak (UN Joint SDG Fund) eta Nazio Batuen Local2030 Koalizioak antolatu dute elkarlanean. Ekainaren 9tik 11ra bitartean, Deustuko Unibertsitatean egingo diren hiru lan-jardunaldietan, parte-hartzaileek 2030 Agendaren erronka nagusietako bati helduko diote: lurraldeen garapen-lehentasunak eskala handiko finantzaketa publiko eta pribatua erakartzeko gai diren proiektu bihurtzea.
Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak gidatuko du, topaketaren irekiera instituzionalean parte hartuz. Halaber, Asier Aranbarri Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendaria ere bertan izango da, GJHen lokalizazioari eta garapen jasangarrirako inbertsioen mobilizazioari lotutako hainbat lan-saiotan parte hartzeko.
Euskadi, 2030 Agendaren lokalizazioaren nazioarteko erreferentea
Bilbo bigarren edizio honen egoitza izateko hautatu izana euskal lurralde-eraldaketaren ereduak nazioartean lortu duen aitortzaren ondorio da. Eredu hori epe luzeko ikuspegi estrategikoan, erakundeen eta gizarte-eragileen arteko lankidetzan eta maila anitzeko gobernantza sendoan oinarritzen da.
Gainera, Euskadik Nazio Batuen Local2030 Koalizioaren Idazkaritza hartzen du, Garapen Jasangarrirako Helburuak tokiko eta lurralde-mailara eramateko ahaleginak mundu mailan koordinatzen dituen plataforma. Posizio horrek Euskadi nazioarteko erreferente bihurtu du lankidetza deszentralizatuaren eta 2030 Agendarekin lerrokatutako politika publikoen sustapenaren arloan.
Topaketa hiru fasetan garatuko da. Lehenengo fasean lurralde-finantzaketaren arkitektura diseinatuko da, eta inbertsiorako mekanismo berritzaileak identifikatuko dira. Bigarren fasean, herrialdeetako taldeek beren proposamenak fintzeko aukera izango dute, saio teknikoen eta balizko finantzatzaileekin egingo diren zuzeneko topaketen bidez. Azkenik, hirugarren jardunaldian, proiektuen aurkezpen-saioa egingo da garapen-finantza erakundeen, inpaktu-inbertitzaileen eta erakunde filantropikoen aurrean, finantzaketa- eta lankidetza-akordioak aztertzeko.
Espero diren emaitzen artean daude 200 milioi dolar arteko kofinantzaketa-aukerak identifikatzea, lurralde-mailako hamabi irtenbide finantzagarri garatzea, nazioarteko hogeita hamar aliantza estrategiko baino gehiago sortzea eta tokiko esparrutik Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzea bizkortzera bideratutako finantzaketa-arkitektura global bat indartzea.
Bilbao Bootcamp II ekimenaren ospakizunarekin, Euskadik indartu egiten du 2030 Agendarekin konprometitutako nazioarteko eragile gisa duen posizionamendua, baita lurraldeetatik abiatuta erronka ekonomiko, sozial eta ingurumeneko handiei aurre egiteko irtenbide berritzaileak eraikitzeko duen konpromisoa ere.






