- Topaketan Aguraingo, Alegria-Dulantziko, Asparreneko, Barrundiako, Burgeluko, Iruraiz-Gaunako, Donemiliagako eta Zalduondoko udalerrietako ia 30 tokiko eragilek parte hartu dute.
Basque Segurtasun Foroak Arabako Lautadako eskualdeko gizarte-, ekonomia- eta erakunde-esparruetako ia 30 ordezkari bildu ditu gaur arratsaldean Agurainen. Talde-dinamika parte-hartzaile baten bidez, inguruko egungo eta etorkizuneko segurtasun-erronkei aurre egiteko erantzun bateratua hobetzeko esperientziak eta proposamenak jaso dira, besteak beste, prebentzioari, larrialdien kudeaketari, zibersegurtasunari, bide-segurtasunari eta bizikidetzari dagokienez.
Foroaren topaketa honetan parte hartu dute Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak; Iñaki Gurtubai Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak; Aguraingo, Alegria-Dulantziko, Asparreneko, Barrundiako, Burgeluko, Iruraiz-Gaunako, Donemiliagako eta Zalduondoko udalerrietako ordezkari instituzionalek; Arabako Lautadako Kuadrillako tokiko eragileek; administrazio-batzarrek; Ertzaintzako eta udaltzaingoetako arduradunek; Babes Zibilak; Osakidetzak; landa-garapenerako elkarteek; merkataritzako, ikastetxeetako eta inguruan errotutako enpresetako ordezkariek.
Euskadi osoan garatzen ari den prozesu parte-hartzailea
Gaurkoa Basque Segurtasun Foroaren hogeita bederatzigarren bilera izan da, aurretik honako eskualde eta eremu hauetan egindako topaketen ondoren: Txorierri, Hernanialdea, Urdaibai, Urola Garaia, Uribe Kosta, Urola Erdia, Vitoria-Gasteiz, Ibaizabal, Bidasoa, Mungialdea, Goierri, Debagoiena, Meatzaldea, Arabako Errioxa eta Mendialdea, Oarsoaldea, Bilbao, Aiaraldea, Urola Kosta, Lea-Artibai, Ezkerraldea, Debabarrena, Enkarterri, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia; horrez gain, gazteekin ere topaketa bat egin da.
Basque Segurtasun Foroa segurtasunari buruzko diagnostiko partekatua ikuspegi integral batetik eraikitzeko prozesu parte-hartzailea da. Prozesu horretan, hainbat erakundek, entitatek eta eragilek elkargune bat izango dute kezkatzen dituzten segurtasunarekin lotutako gaiak lantzeko.
Gaur Agurainen egindako topaketaren ondoren, hurrengo bilera ekainaren 11n, ostegunean, izango da, Durangon.






