Arkak etapa berri bati ekin dio: argi berdea, Administrazioa herritarrengana gerturatzeko 15,7 milioiko birmoldaketari

0
  • Eraikin horretan kokatuko dira hainbat lurralde-ordezkaritza eta Zuzenean, herritarren arreta zerbitzuaren egoitza berria, orientazio-guneekin, autozerbitzu gidatuarekin eta espazio pribatuagoekin, administrazioaren eta herritarren arteko gertutasuna indartzeko, arreta gizatiarrago, pertsonalizatuago eta eraginkorragoaren alde
  • Obrak irailean esleitzea aurreikusten da, lanak urrian edo azaroan hasi ahal izateko; lanek 24 hilabete iraungo dute

Gobernu Kontseiluak Gasteizko Arka eraikina eraberritzeko obraren lizitazioari hasiera ematea onartu du gaur. Jarduketa estrategiko horren bidez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du zerbitzu publikoak hobetzearen aldeko bere apustua, herritarrei arreta emateko guneen modernizazioaren eta eraldaketaren eskutik.

Eraberritze lanak administrazioaren aro berriaren baitan kokatzen dira zerbitzu publikoak indartzeko helburuarekin. Lanek herritarren arreta-eredu berria dute oinarri, eredu honek pertsonak erdigunean kokatzen ditu, administrazio hurbilago eta eraginkorrago baten alde.

Arreta-eredu berriak pribatutasun handiagoa eta arreta pertsonalizatuagoa eta ordenatuagoa sustatu nahi ditu; espazio publiko funtzionalago, atseginago eta intuitiboagoekin. Orientazio-eremuak, autozerbitzu gidatuko espazioak eta eremu erdipribatuak sortuko dira, mahaiko arreta lehenetsiz.

Zuzenean zerbitzuko espazioak birmoldatzeko estrategiak, beraz, gizartearen eta herritarren eskaerei eta espazio publikoak modernizatzeko beharrari erantzuten dio; horregatik, herritarren arretarako bulegoak funtzionalagoak izateaz gain,  atseginagoak,  eta intuitiboak izango dira, herritarren esperientzian hobetzeko.

 

Obren hasiera udazkenean

Arka eraikinak 5.874,18 m2-ko azalera du, sestra gaineko sei solairu eta bi soto ditu eta San Prudentzio eta Arka kaleen izkinan dago, Gasteizko erdigunean. Eraikin berezia da, Fernando Chueca Goitia arkitektoak egina. Arabako hiriburuko eraikin enblematikoetako bat da.

Birmoldaketa-proiektua idatzi ondoren, Eusko Jaurlaritzak obra egiteko lizitazioari ekingo dio orain, 15.738.953,79 euroko aurrekontuarekin. Obren esleipena irailerako dago aurreikusita, eta lanak aurtengo urrian edo azaroan has daitezke, 24 hilabeteko iraupen epearekin.

Esku-hartzeari esker, eraikinaren barruko espazioak modu integralean berrituko dira, egiturazko jarduketak egiteaz gain, energia-eraginkortasuna hobetu eta erosotasuna sustatzea helburu duten hobekuntzak ere egingo dira.

Eraikinak Zuzenean-en egoitza berria eta lurralde-ordezkaritzak hartuko ditu – Mugikortasun jasangarria; Etxebizitza eta Hiri Agenda; Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna; Ekonomia, Lana eta Enplegua; Eustat; Hezkuntza; Habe; Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa eta Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa-, eta, horri esker, gaur egun sakabanatuta dauden zerbitzuak toki bakar batean kontzentratuko dira, herritarren esperientzia eta zerbitzu publikoen eraginkortasuna hobetzeko.

Zuzenean bulegoko arreta-guneetan ondorengoa lehenetsiko da:

  • Erabiltzaileen erosotasuna, espazio zabalago, argitsuago eta ergonomikoagoen bidez
  • Arreta-guneak berrantolatuko dira, kudeaketa arintzeko eta itxaronaldiak murrizteko
  • Arreta arinagoa eta pertsonalizatuagoa erraztuko duten soluzio teknologikoak txertatuko dira
  • Diseinu inklusiboa eta kolektibo guztientzako irisgarritasun unibertsala bermatuko da

Gainera, Administrazioaren eta herritarren arteko gertutasun eta harremana indartzeko, espazioen konfigurazio berri bat landuko da, lehen hartu-emanetik arreta gizatiarragoa eta zuzenagoa izan dadin. Beraz, birmoldaketak aukera emango du herritarrei erantzun azkarragoa, hurbilagoa eta pertsonalizatuagoa eskaintzeko; herritarren esperientzia hobetuz.

Arka eraberritzea urrats bat gehiago da pertsonengan oinarritutako administrazio modernoago, irekiago eta eraginkorragoaren aldeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoan eta apustu horren baitan kokatu behar da,  kalitatean eta gertutasunean oinarritutako arreta eskaintzeko espazio fisikoen berrantolaketa eta birmoldaketa.