Gobernu Kontseiluak Lezoko (Gipuzkoa) 01 sektoreko D lursailean 52 etxebizitza eraikitzeko kontratua onartu du gaur, eta 8.051.442,73 euroko inbertsioa izango du.
Jarduketa horren bidez, alokairuko sustapen publiko berri bat jarriko da abian, tentsionatutako eremu izendatutako udalerrian. Etxebizitzak gazteentzako izango dira nagusiki, eta txandakako alokairukoak izango dira, hau da, gehienez bost urte iraungo dute alokairuek.
Babestutako etxebizitzen eskatzaileen erregistroaren arabera, 36 urtetik beherako 96 pertsona daude Lezon Etxebiden izena emanda. Beraz, sustapen horri esker, erantzuna eman ahal izango zaio udalerriko bi eskatzailetik bati.
Lursaila Eusko Jaurlaritzari laga zion doan Lezoko Udalak. Hirigintza-plangintzaren arabera, eremu hori zuzkidura-etxebizitzak egiteko erreserbatu behar zen.
Jarduketa Lezoko ekintza-planaren baitakoa da; tentsionatutako eremua izanik, lehentasunen artean du etxebizitza-eskuragarritasuna arrazoizko prezioetara hedatzea, emantzipatutako herritarren ahalegin ekonomikoa murriztea eta alokairuko parke publikoa handitzea.
Proiektuak lokal bat ere izango du beheko solairuan, eta anbulatorioa egingo da bertan. Hala, alokairuko etxebizitza publikoa sortzea eta udalerrirako ekipamendu berriak sortzea uztartzen ditu jarduketak.
Sustapenak lehenengo lizentzia 2021ean jaso zuen. Geroago, egokitzapen tekniko batzuk egin behar izan dira, lursailaren baldintzen eta lurra egonkortzeko jarduketen ondorioz.
Proiektua euste- eta zimendatze-baldintza berrietara egokitu ondoren, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren aurreikuspena da lizitazioa 2026ko ekainean argitaratzea, uztailean eskaintzak jasotzea, esleipen-proposamena irailetik urrira egitea eta lanak 2027ko hasieran hastea.






