- Laguntzek ekoizleak kalitate-araubideetara biltzea sustatuko dute, eta merkatuetan sustapen-ekintzak finantzatuko dituzte
- 2026ko deialdiak lehen sektorearen lehiakortasuna indartzen, balio erantsia sortzen eta euskal produktuen kokapena hobetzen lagunduko du
Gobernu Kontseiluak 2026ko ekitaldirako nekazaritza eta elikadura-produktuen kalitate-araubideetarako laguntzen deialdia onartu du, guztira 816.872,90 euroko zuzkidurarekin.
Neurriaren helburua Euskadiko nekazaritza eta elikadura-produktuen kalitate bereizia sustatzea, nekazaritza-ustiategien lehiakortasuna indartzea eta aitortutako kalitate-figurak baliatuz balio erantsia sortzea da. Era berean, produktuen ikusgarritasuna eta merkatuan duten kokapena hobetzea du xede, informazio eta sustapen-jardueren bidez.
Deialdiak hiru laguntza-ildo jasotzen ditu. Alde batetik, nekazariei kalitate-araubideetara biltzen laguntzeko dirulaguntzak aurreikusten dira, parte-hartzearen ondoriozko kostuak estaltzen lagunduko duen urteko prima baten bidez. Bestetik, kalitate-sistema horietan sartutako pertsonei aurreko deialdietan emandako laguntzei jarraipena emango zaie. Azkenik, ekoizleen elkarteek bultzatutako informazio eta sustapen-jarduerak finantzatuko dira, kalitate-figuren babespean dauden produktuak ezagutarazteko.
Laguntzak 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) Plan Estrategikoaren gauzatzearen barruan kokatzen dira, eta Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren parte dira lehen sektorea indartzeko, ekoizpen-eredu jasangarriak sustatzeko eta landa-eremuen garapen ekonomikoa bultzatzeko.
Finantzaketak Landa Garapenerako Nekazaritza Funts Europarraren (LGENF-FEADER) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren baliabideak uztartzen ditu. Funtsen zatirik handiena kalitatezko produktuen sustapen eta informazio-jardueretara bideratuko da, merkatuetan duten presentzia handitzeko eta euskal nekazaritza eta elikadura-ekoizpenek kontsumitzaileen artean duten aitortza sendotzeko.
Deialdi honen bidez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du kalitatearen aldeko apustua, nekazaritza eta elikadura-sektorearen lehiakortasunerako, landa-eremuan aberastasuna sortzeko eta Euskadin ekoitzitako produktuen nortasuna eta prestigioa indartzeko funtsezko elementu gisa.






