Eusko Jaurlaritzak 990.000 euro bideratuko ditu kultura-sorkuntza artistikoa babesten eta sustatzen duten kultura-gune independenteak bultzatzeko

0
Compañia Dantzaz
  • Aurtengo deialdia bi berrikuntza nagusirekin dator: hiru urterako izango da eta espazio publiko-pribatua izeneko sorkuntza espazio tipologia gehitu da
  • Aurreko deialdiarekin alderatuta, laguntza honetara bideratuko den diru partida %43,43 igo da

Gobernu Kontseiluak kultura-sorkuntza artistikoa babesten eta sustatzen duten kultura-gune independenteen programak laguntzeko, “Sorgune” izeneko deialdia onartu du gaur.

Aurtengo deialdiak bi aldaketa nagusi ditu:

  • Programa bi urterako izatetik, hiru urtekoa izatera pasako da.
  • Sorkuntza-espazioen tipologia berri bat zabaldu da: espazio publiko-pribatua

2026 urterako, 990.000 euroko partida aurreikusi da eta iazko deialdiarekin alderatuta, dirulaguntza honek %43,43ko igoera izan du.

Sorguneei zuzendutako deialdiaren helburua beren sortzaileen sormen-lana garatzen laguntzea da, «arte-adierazpenen berrikuntza, talentuaren babesa, kudeaketa parte-hartzailea eta tokiko ingurunearekiko harremana bideratuz».

990.000 euroko zuzkidura sorkuntza-espazioen tipologia hauen arabera banatuko da:

Espazio pribatuak. Kultura-espazio independenteak dira, eta kultura-sorkuntza artistikoa sustatzen eta babesten dute; jabetza pribatukoak dira (jabetza juridikoa pertsona fisiko edo juridiko pribatu bati dagozkionak). Espazio mota horretarako gehieneko zenbatekoa 195.000 eurokoa izango da, eta inola ere ez da onartutako aurrekontuaren % 70 baino handiagoa izango.

Espazio publiko-pribatuak (berria). Kultura-espazio independenteak dira, eta kultura-sorkuntza artistikoa sustatzen eta babesten dute. Titulartasun publikokoak dira, betiere kudeaketa edo ustiapena eskatzaileari badagokio, sorkuntza-jardueran autonomia bermatuko duen kudeaketa-, lagapen- edo alokairu-kontratu baten bidez. Espazio-mota horretarako gehieneko zenbatekoa 105.000 eurokoa izango da, eta inola ere ez da izango onartutako aurrekontuaren % 70 baino handiagoa.

Espazio horiek hartzen dituzten proiektuek honako kultura- edo arte-jarduera-eremu hauetan kokatuta egon beharko dute: Arte plastikoak eta bisualak, Ikus-entzunezkoak, Arte eszenikoak, Literatura, Musika eta Bertsolaritza.

Era berean, proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira, 2026ko urtarrilaren 1etik 2028ko urriaren 30era bitartean, eta proiektuak 2026an hasitakoak izan beharko dute.

Interesdunek hilabeteko epea izango dute laguntzok eskatzeko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gero.

 

2025eko deialdian sei proiektu lagundu ziren diruz, 3 Araban, eta proiektu bana Bizkaian zein Gipuzkoan.