- Hezkuntza sailburuak “Taupadak berpiztu!” lelopean Amurrioko Aresketa Ikastolak antolatutako Araba Euskaraz 2026an parte hartu du.
(Amurrio, 2026ko ekainaren 14a).- Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Araba Euskaraz 2026ren irekiera-ekitaldian parte hartu du gaur goizean. Arabako ikastolen jaia Aresketa Ikastolak antolatu du aurten Amurrion, “Taupadak berpiztu!” lelopean. Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek, Amurrioko alkate Txerra Molinuevok, Aresketa Ikastolako presidente Josu Barrenengoak eta Araba Euskarazeko presidente Unai Mendizabalek ere parte hartu dute ekitaldian.
Bere mintzaldian zehar, Pedrosak euskal gizartea kohesionatzen duten loturak sendotzearen garrantzia defendatu du, baita komunitate indartsu bat eraikitzen jarraitzearen garrantzia ere, gero eta handiagoa den aldaketa sozialaren eta aniztasunaren testuinguruan. “Gure erronka etorkizunera begiratzea eta komunitate indartsu eta kohesionatua izaten jarraitzea da”, adierazi du. “Gizarteek aurrera egiten dute pertsona desberdinak, esperientzia desberdinak eta munduari begiratzeko modu berriak bereganatzeko gai direnean”, esan du, gizarte irekia, kohesionatua eta aniztasunetik komunitatea eraikitzen jarraitzeko gai dena aldarrikatuz.
Euskara, etorkizuna eraikitzeko indargunea
Bere hitzaldian, sailburuak adierazi du euskara Euskadiren indarguneetako bat dela etorkizuna eraikitzeko. Lur honetako hizkuntza dela, eta euskal gizartearen kulturaren eta mundu ikuskeraren adierazpenetako bat, nabarmendu du. “Euskara garena da, eta baita izan nahi duguna ere”, esan du.
Ikasleengan eta egunero ikastetxeetan egiten den lanean ere jarri du fokua Pedrosak. “Datozen hamarkadetako Euskadi gure ikasgeletan ari da hazten”, nabarmendu du. Eta gaineratu du: “egunero ditugu ikasgela horietan hazten diren pertsonengan konfiantza izateko arrazoiak”.
Era berean, ikastolek euskarari, hezkuntzari eta komunitate eraikuntzari hamarkadetan egindako ekarpena aitortu du. Zentzu horretan, Aresketa Ikastolak Amurrion eta Aiaraldean izandako papera nabarmendu du bereziki, hainbat belaunaldik hezkuntzarekin, euskal kulturarekin eta euskararen transmisioarekin duten konpromiso kolektiboaren adibide gisa.
Araba Euskaraz 2026
2026ko edizioak kultur, musika, kirol eta familia jarduera egitarau zabala eskaintzen du publiko guztientzat. Kontzertuak, ikuskizunak, tailerrak, haurrentzako jarduerak eta jai-guneak Amurrioko hainbat tokitan banatuta, Araba Euskaraz euskararen eta Arabako ikastolen aldeko urteko topaketa nagusietako bat bilakatu da.






