Eusko Jaurlaritzak Euskadiko liburutegietako funtsak berritu eta/edo hornitzeko milioi bat euro bideratuko du 2026 urtean

0

Gobernu Kontseiluak Euskadiko liburutegietako funtsak hornitzeko eta/edo berritzeko 2026 urteko deialdia onartu du gaur. Guztira, Eusko Jaurlaritzak 1.000.000 euro bideratuko ditu helburu horretarako.

Zenbateko osoa honela banatuko da:

  • 15.000 euro, gehienez, liburutegi sortu berriek funts bibliografikoak eskuratu ditzaten.
  • 30.000 euro, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak ez diren euskal liburutegietako funtsak hornitzeko.
  • 955.000 euro, lehendik Irakurketa Publikoko Sarean dauden liburutegiek funts bibliografikoak berritu ditzaten.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, liburutegi publikoen titular direnek, toki-erakunde eskudunek, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal liburutegi publikoen arloan eginkizunak esleituta dituzten udal erakundeek ere, baldin eta haien liburutegiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak badira, agindu honetan funtsak hornitzeko eta/edo berritzeko ezarritako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegien titular diren eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak ez diren pertsona juridiko pribatuek ere jaso ahal izango dituzte laguntzak.

Era berean, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako funtsen katalogoan sartuko diren  eskuz idatzitako, inprimatutako edo edozein euskarritan erreproduzitutako liburuen, aldizkako edo serieko argitalpenen, grabatuen, mapen, soinu-grabazioen, dokumentazio grafikoaren, argazkien, ikus-entzunezkoen, multimedia-materialen, dokumentazio elektronikoaren eta bestelako material edo informazio iturrien edozein bilduma erosteko dirulaguntzak jaso ahal izango dira, bai eta liburutegiko katalogoan eskuratzeko ere, EIPSkoak ez direnen kasuan.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2025eko deialdian, guztira, 183 udalek edo erakundek jaso zituzten liburutegiko funtsak berritzeko dirulaguntzak.