Eusko Jaurlaritzak Otxarkoagan alokairuko 48 BOE sustatuko ditu, lursail finalista bat erosi ondoren

0
  • Operazioak 1,77 milioi euroko inbertsioa izango du, eta etxebizitza babestuen parke publikoa handitzeko aukera emango, bizitegi-eskari handiena duen Bilboko auzo horretan
  • Alma Serges S.L. enpresari lurzorua erostea Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak lurzoru erabilgarria mobilizatzeko eta alokairuko etxebizitza babestuen eraikuntza bizkortzeko duen estrategiaren parte da

Eusko Jaurlaritzak alokairuko babes ofizialeko 48 etxebizitzaren sustapena bultzatuko du Bilboko Otxarkoaga auzoan, Zizeruena OT.01.1 azpiesparruan kokatutako lursail finalista bat erostea baimendu ondoren. Operazioa asteartean onartu du Gobernu Kontseiluak, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak proposatuta, eta 1.773.468,20 euroko inbertsioa izango du, BEZa barne. Gaur egun Alma Serges S.L. merkataritza-enpresarena da lursaila, eta Euskadiko Lurzoruaren Ondare Publikoan sartuko da, oso-osorik alokairura bideratutako etxebizitza babestua sustatzeko, eta, hala, Bilbon etxebizitza eskuragarriaren eskaintza publikoa handitzeko.

Denis Itxaso sailburuak nabarmendu duenez, “etxebizitza babestuaren eskaera estrukturala eta iraunkorra den hirian etxebizitza-parke publikoa handitzeko beharrari erantzuten dio operazioak”. Otxarkoagaren kasuan, behar hori bereziki handia da, auzoan alokairu eskuragarriaren eskaera handia dagoelako eta jada finkatuta dauden hiri-inguruneetan lurzoru publiko gutxi dagoelako.

Sailburuaren hitzetan, “erosketa horri esker, azkar garatu ahal izango da sustapenaren garapenean; izan ere, lurzoru finalista da, ez du eraikuntzarik eta indarreko hirigintza-plangintza du; horrek guztiak erraztu egiten du etxebizitzaren sustapen publikoko prozesuetan berehala txertatzea”. Itxasok nabarmendu duenez, operazioa “Eusko Jaurlaritzak etxebizitza-premia dagoen tokietan jarduteko duen borondatearen adibide da, etxebizitza-parke publikoa handitzeko eskuragarri dauden baliabide guztiak mobilizatuta”. Eta azpimarratu duenez, “ezin dugu onartu etxebizitza babestuak eraiki ahal diren lekuan lurzorua garatzerik gabe egotea, milaka pertsona etxebizitza eskuragarria izateko aukeraren zain dauden bitartean”.

Sailburuak adierazi duenez, “tresna berriak ari gara gehitzen etxebizitza babestuaren ekoizpena bizkortzeko, eta, alde horretatik, funtsezkoa da udalekin lankidetzan aritzea lurzorua doan laga dezaten, baina gai izan behar dugu lurzorua erosteko ere, egoerak hala eskatzen duenean eta operazioa interes publikorako onuragarria denean”, gaineratu du.

 

Lurzoru gehiago, alokairuko etxebizitza babestu gehiago sortzeko

Otxarkoagako lursaila erostea Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak etxebizitza babestuetarako lurzoruaren erabilgarritasuna handitzeko eta sustapen publiko berrien sorrera bizkortzeko bultzatutako estrategiaren parte da. Eusko Jaurlaritzak sustatutako etxebizitza-operazio asko udalek lursailak doan laga direlako egin dira. Hala ere, Jaurlaritza bide hori lurzorua zuzenean eskuratuta osatzen ari da, horrek aukera ematen badu garapen estrategikoak aktibatzeko, etxebizitza-premia bereziki nabarmena den udalerri eta hirietan.

Otxarkoagako operazioa etxebizitza babestuetarako lurzoruarentzat ezarritako balorazio-mugen barruan egin da. Gainera, etorkizuneko sustapena alokairu babestuaren araubidera bideratu denez, lurzoruaren balio jasanaraziaren moduluari % 50eko murrizketa aplikatu zaio, eta operazioa indarrean dagoen araudiak ezarritako irizpide ekonomikoetara egokitzen dela bermatu da.

 

Parke publikoa handitzeko helburuekin bat datorren jarduketa

Etorkizunean 48 etxebizitza babestu sustatzeak Eusko Jaurlaritzaren helburua lortzen lagunduko du, hau da, alokairuko parke publikoa modu iraunkorrean handitzea eta merkatu librera sartzeko zailtasun handienak dituzten pertsonei eta familiei etxebizitza eskuratzen laguntzea. Operazioa datorren abuztua baino lehen formalizatuko da; nolanahi ere, ekitaldi honen barruan. Eskrituratze-prozesua amaitu ondoren, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak aurrera egin ahal izango du bizitegi-sustapenaren plangintzan eta garapenean.

Bilboko jarduketa horrez gain, Eusko Jaurlaritza etxebizitza babestuetarako lurzorua erosteko beste eragiketa batzuk aztertzen ari da Euskadiko zenbait udalerritan, besteak beste, Urretxun eta Iruña Okan.