Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena sinatu du Sestao Xake Taldearekin “41 Open Ezkerraldea Basque Country” ekitaldia ospatzeko

0

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Gobernu Kontseiluan aurkeztu du Club de Ajedrez Sestao – Sestao Xake Taldearekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea eta zuzeneko dirulaguntza bat ematea, 2026ko irailaren 8tik 13ra egingo den “41 Open Ezkerraldea Basque Country” ospatzeko.

”Open Ezkerraldea Basque Country” nazioarteko egutegiko xake txapelketa garrantzitsuenetako bat da, Sestao mundu osoko zale eta profesionalentzako topagune garrantzitsua bihurtuz. Ekitaldi honek urtero hainbat herrialdetako ehunka jokalari biltzen ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoan erreferentziazko kirol- eta turismo-esperientzia gisa sendotu da. 2025eko edizioan, lau kontinentetako 33 herrialdetako xakelarien 240 inskripzioren gehieneko kupoa bete zen. Izena eman zuten horietatik % 12 inguru emakumeak ziren.

42.350 euroko zuzeneko dirulaguntza horri esker “41 Open Ezkerraldea Basque Country” antolatzea eta gauzatzea finantzatuko da, Ezkerraldea, Bizkaia eta Euskal Autonomia Erkidegoa xakearen esparruan kirol-turismoaren erreferente bihurtzeko. Hitzarmena sinatuta, ekitaldia bi ardatz nagusitan egituratuko da:

  • “41 Open Ezkerraldea Basque Country”, elite profesionalera bideratutako kategoria nagusiko txapelketa.
  • Eta B Txapelketa, 2.000 ELO (Arpad Elo puntuazio-sistema eta sailkapena) baino gutxiago duten jokalari zaleentzat berariaz antolatua.

B Txapelketa Portugaleten jokatzeak kalitate goreneko txapelketen estrategiari erantzuten dio, maila teknikoaren arabera kategoriak bereizteko estrategiari, alegia. Txapelketa horren helburu nagusia bertako eta autonomia-erkidegoko zaleak motibatzea da, beste herrialde eta autonomia-erkidegoetako jokalariekin ingurune profesional batean lehiatzeko aukera paregabea eskainiz, xakearen oinarri sozialaren hazkundea sustatuz eta leialtasun handiko bisitariaren profila erakarriz, kasu honetan Bizkaiko Ezkerraldeko eskualdera.

Txapelketa, oro har, Espainiako bost txapelketa nagusien artean kokatzen da, nazioartean oihartzun handia izanik eta turismo-inpaktu handia eraginez:

  • Kategoria nagusian 45 herrialde baino gehiagotako 400-500 jokalarik parte hartzea aurreikusten da.
  • B txapelketan, 20 herrialde baino gehiagotako 150-250 jokalarik parte hartuko dutela kalkulatu da.

Gainera, txapelketak balio sozialak sustatzen ditu, hala nola berdintasuna; hala, Club Ajedrez Sestao – Sestao Xake Taldeak ekitaldi alternatiboak egiteko konpromisoa hartzen du, adibidez, «Emakumea eta Xakea» txapelketa (2025ean izan zen emakumeen % 12ko parte-hartzea gainditzeko helburuarekin) eta 18 urtez azpiko txapelketa, sexu, erlijio, arraza edo dibertsitate funtzionala erabat errespetatuz.