Lehendakariak 36 neurri planteatu dizkio Sánchezi familien poltsikoak, ekonomia produktiboa, industria eta lehen sektorea babesteko, Ormuzen blokeoak eragindako inflazioaren aurrean

0
  • Haragiaren eta arrainaren BEZa murriztea; gasolio profesionalari litroko 20 zentimoko laguntza eta arrantzako gasolioari 35 zentimokoa luzatzea; energia-sorkuntzari % 7ko zerga kentzea; edo ongarrien gasturako laguntzan gutxienez 100 euroko zenbatekoa kentzea, besteak beste.
  • Imanol Pradalesek erakundeen, enpresen, gizarte-eragileen eta herritarren arteko erantzukidetasunerako deia egin du ongizatearen euskal eredua bermatzeko.

Imanol Pradales LehendakariakOrmuzi erantzuna” agiria bidali zion Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteari joan den astelehenean. Agiriak 36 neurri jasotzen ditu, Iranek bi hilabetez itsas pasabide horretatik itsasontziak igarotzea blokeatu izanaren ondorioz, datozen hilabetetan gero eta handiagoa izan daitekeen inflazioari aurre egiteko.

Herenegun Estatu Batuen eta Iranen arteko su-eten akordio bat iragarri zen arren, Imanol Pradalesek gogorarazi du analistek aurreikusten dutela joera inflazionista “iraunkorra” izango dela datozen hilabeteetan, eta horrek eragina izango duela familien poltsikoetan, ekonomia produktiboan, industrian eta lehen sektorean, Ormuzen blokeoak eragin zuzena baitu gasaren, petrolioaren edo oinarrizko lehengaien nazioarteko fluxu eta prezioetan. Horri erantsi behar zaio Europako Banku Zentralak iragarri duela diruaren prezioa 0,25 puntu igo daitekeela Eurogunean, hiru urtean lehenengo aldiz.

Lehendakariak adierazpen horiek egin ditu Eusko Legebiltzarrean herritarren bizi-segurtasuna bermatzea helburu duten politiken gainean egiten ari diren osoko bilkura monografikoan. Bere hitzaldian, Imanol Pradalesek gogorarazi du Pedro Sánchezi astelehenean bidalitako dokumentuak martxoan Espainiako presidenteari krisi energetikoari aurre egiteko bidalitako gutunaren helburu bera duela –eta dokumentu hartako neurriak Espainiako Gobernuak aplikatu zituela–: egungo egoera geopolitiko zailaren ondorioei aurrea hartzea eta euskal gizarteak ahalik eta kalterik txikienak izatea.

36 neurri zehatz

Horrela, planteatutako 36 proposamenen artean, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari lehen neurri multzo bat proposatu dio erosketa-saskiaren kostua murrizteko: haragiaren eta arrainaren BEZa tasa supermurriztura jaistea, % 10etik % 4ra, alegia; elektrizitatearen eta gas naturalaren BEZaren jaitsiera berreskuratzea; ibilgailu guztientzat erregaietan litroko 30 zentimoraino aurreztea; eta, negura begira, erretiratuentzat berokuntza-bonu bat sustatzea, besteak beste.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak garraioari eta mugikortasunari laguntzeko bigarren laguntza sorta bat diseinatu du, eta proposatu du gasolio profesionalari litroko 20 zentimoko laguntza eta arrantzako gasolioari 35 zentimokoa luzatzea; neutraltasun teknologikoko Renove Plan bat bultzatzea ibilgailu zaharrak gutxiago kontsumitzen duten eta emisio gutxiago sortzen duten ibilgailu berriekin ordezkatzeko; eta kamioi, furgoneta edo autobus flotak modernizatzeko eta efizienteagoak, teknologikoki neutralagoak eta gutxiago kutsatzen dutenak izateko laguntzak ematea, besteak beste.

Hirugarrenik, Lehendakariak industria elektro-intentsiboari laguntzeko neurri estruktural eta iraunkorrak zehaztu ditu: sare elektrikoaren ahalmena gainditzeko inbertsioak bermatzea; energia-sorkuntzaren % 7ko zerga kentzea; eta garraio eta banaketa elektrikoaren kostua % 80 jaistea.

Era berean, “Ormuzi erantzuna” dokumentuak baserritarrei, nekazariei, mahastizainei eta arrantzaleei laguntzeko neurriak ere jasotzen ditu, hala nola ongarrien gasturako laguntzan gutxienez 100 euroko zenbatekoa kentzea; Gizarte Segurantzako kuotetan 6 hilabeteko ezohiko geroratzea; eta NPBren nekazaritza-erreserba aktibatzea, urtean gutxienez 450 milioirekin, besteak beste.

Ongizatearen euskal eredua

Bere hitzaldian, Lehendakariak erne egoteko deia ere egin du, ezinezkoak diren gauzak aginduz mezuak zabaltzen dituztenen aurrean edo herritarren kezka areagotzen duten ideiekin engainatzen dutenen aurrean.

Horrela, gogorarazi du ezin dela “dena bermatu esparru publikotik”, eta alderdi politikoei eta gizarteari “elkarrekin arraun egiteko” deia egin die, Euskadiko ongizate-eredua iraunkorra eta eraginkorra izan dadin. Lehendakariak erakundeen, enpresen, gizarte-eragileen eta herritarren arteko erantzukidetasunerako deia ere egin du: “Esparru publikoak ez du dena konpontzen. Ezin du dena zuzendu, eta ez du egin behar. Ez dut sinesten ekimen pertsonala ordezkatzen, tutelatzen edo mugatzen duen gobernu-ereduan. Ez dut sinesten erantzukizun guztia beti kutxa publikora eramatean.  Ez dut sinesten “iturria mugarik gabe” irekitzean. Indar guztien batasuna, antolatzen den eta laguntzen duen komunitate bat, defendatzen dut”.

“Galdera ez da zein politikoa publikok bermatzen duten ongizatea edo sortzen duten segurtasun-sentsazioa.  Galdera da zer egin behar duen herri batek hori lortzeko. Legebiltzar honetan beste eredu alternatibo batzuk proposatzen dira. Baina kezkatu egiten naiz herriaren gaitasunei buruz hitz egiten entzuten dudanean eta gero erantzukizun guztia politika publikoen gainean uzten denean”, esan du amaitzeko Imanol Pradalesek