- Sari horrek Euskadiko asistentzia sanitarioaren etengabeko hobekuntza jartzen du balioan, eta Osakidetza osasun-kudeaketako erreferente gisa ezartzen du berriz ere
- Berganzo, lanbidez neurologoa, 2025eko abuztutik dago kargu horretan, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak antolamenduaren eta teknologiaren modernizazioari aurre egiteko diziplina anitzeko taldearen alde egindako apustuaren parte da
Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendari Koldo Berganzo saritu dute Osasun Administrazioaren XXI. Sarietan. Erredakzio Medikoak urtero ematen ditu aipatu sariak, Osasun Ministerioko eta autonomia-erkidegoetako goi-kargudunen lana eta dedikazioa aitortzeko.
Errekonozimendua Madrilen entregatu zen, eta hantxe balioetsi zuten Osakidetzak Euskadiko asistentzia sanitarioa etengabe hobetzeko egindako ibilbidea eta konpromisoa. Berganzok Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzaren buru gisa egindako lana bereziki nabarmentzekoa izan da, asistentziaren kalitatera, mailen arteko koordinaziora eta osasun-zerbitzuetako berrikuntzara bideratutako ekimenak bultzatu dituelako.
Sari horrek Osakidetza erreferente bihurtu du berriz ere kudeaketa sanitarioari begira, eta aitortu egin die bertako profesionalei bikaintasuneko arreta publikoa eskaintzeko egiten duten ahalegina.
Antolakuntzaren eta teknologiaren modernizazioa Euskadiko Osasun Itunean
EHUn Medikuntzan eta, zehazki, Neurologian lizentziatua, Berganzo Neurozientzian doktorea da, eta Osakidetzan mediku gisa jardun du hamarkada batez baino gehiagoz, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, nagusiki. Gainera, Zuzendaritza eta Kudeaketa Sanitarioko Masterra du, eta 2021tik 2024ra bitartean, asistentziaren kudeaketarekin lotutako zereginak bete ditu: lehenik, Bilbo-Basurtuko ESIko zuzendariorde mediko izan zen bi urtez, eta, ondoren, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko Baliabide eta prozesu asistentzialen analisiko zerbitzuko burua izan zen.
2024ko azaroan, Berganzo Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko Ospitaleko Arreta Koordinatzeko zuzendariorde izendatu zuten, eta 2025eko abuztuan, Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendari izatera pasa zen; horixe da gaur egun betetzen duen kargua. Izendapen horren bitartez, Osakidetzak osasun-sistema eraldatzeko duen konpromisoa indartu da, herrialdean eragina duten proiektu berritzaileak bultzatzen dituzten eta Euskadiko osasungintzarako garapen-aukera berriak irekitzen dituzten lider berriak baititu. Hala, Osasun Sailak eta Osakidetzak diziplina anitzeko talde baten aldeko apustuari eutsi diote, antolamenduaren eta teknologiaren modernizazioari aurre egiteko eta euskal gizartearen zahartze demografikoak eta globalizazioak dakartzan erronkei erantzuteko.
Horrez gain, Berganzok ikerketaren eta irakaskuntzaren eremuan ere lan egin du denbora luzez, 27 artikulu zientifiko original argitaratu ditu aldizkari indexatuetan eta 15 ikerketa-proiektu eta saiakuntza kliniko ditu. Gainera, besteak beste, Espainiako Neurologia Elkarteko Irakaskuntza eta Akreditazio Batzordeko kide izan da (2014-2020), baita Bizkaiko Sendagileen Elkargoko Etika eta Deontologia Medikoko Batzordekoa ere (2019-2024). Era berean, Berganzok Bizkaiko Parkinson Elkartean (Asparbi) parte hartzen du neurologo aholkulari gisa duela zenbait urtetik.






