- Eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa eta Europaren autonomia estrategikoa bizkortzeko premiaren aurrean, Euskal AEk Proiektu Eraldatzailea aurkeztu du prozesu administratiboak errazteko eta arintzeko, eta industriaren eta jarduera ekonomiko jasangarriaren lehiakortasuna bultzatzeko
- Gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da Euskal AEn interes publikoko proiektu bat baimentzeko. Europako Batzordeak Net-Zero Industry Act (NZIA) bezalako araudietan horrelako proiektuetarako ezartzen dituen gehieneko epeen —12 hilabetekoak— erdia da
- Euskal AEk, interes publikoko proiektuetarako, estatuko autonomia-erkidegoen artean araudirik osatuena eta arinena izango du, Europako zuzentarau berrietara egokitua eta ingurumenarekiko bermearekin
- Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredok «Autobide arautzailea» izenez ezagutzen den «Jarduera Ekonomiko Jasangarria Errazteko eta Arintzeko Premiazko Neurriei buruzko Legea» aurkeztu dute gaur goizean
Euskal AEk “Autobide arautzailea” abian jarriko du, eta horri esker, Euskal AEko jarduera ekonomiko jasangarriari eragiten dioten proiektuak onartzeko administrazio-izapideen epeak % 75 murriztu ahal izango dira.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredok «Jarduera Ekonomiko Jasangarria Errazteko eta Arintzeko Premiazko Neurriei buruzko Legea» aurkeztu dute gaur goizean Miñaoko Parke Teknologikoan, erakundeetako ordezkarien, patronaletako ordezkarien, eragile ekonomikoen eta industriako eta Euskal AEko hainbat sektoretako arduradunen aurrean.
Herrialdearentzako lehentasunezkoak diren proiektuetan administrazio-izapideen epeak murrizteko beharra Euskadi 2030 Industria Planean jasota dago. “Administrazio-prozesuen hobekuntza” proiektu eraldatzailearen barruan, administrazio-epeak % 30 murriztea proposatzen da. Interes publikoko proiektuak onartzeko prozesuak errazten dituen Lege berrian oinarrituta, aurreikuspen hori nabarmen hobetuko da, proiektuaren arabera izapidetze-denborak % 30 eta % 75 artean jaitsita.
Mikel Jauregi sailburuak adierazi duenez, “ekimen honekin izapideak azkartzea eta administrazio-prozesuak laburtzea lortuko dugu, Euskal AEk azkarrago aurrera egin dezan. Hori guztia hirigintza- eta ingurumen-arloetako eskakizunik aldatu gabe. Egiten duguna da prozesuak sinplifikatu”.
Jauregik nabarmendu duenez, “Autobide Arautzaile honekin % 75 arte murriztuko ditugu Euskal AEko proiektu estrategikoak onartzeko administrazio-izapideen epeak. Herrialdeko industriarekin eta jarduera ekonomiko jasangarriarekin lotutako proiektuak. Kasu batzuetan, izapidetzeko epea 2 urtetik 6 hilabetera murriztuko da, eta prozesuen kopurua 24tik 8ra murriztu daiteke”.
Sailburuak azpimarratu duenez, “burokrazia murrizten dugu, administrazio-izapideak digitalizatuz eta sinplifikatuz eta bikoiztasunak ezabatuz. Prozesuen sinplifikatze horrek gure industriaren lehiakortasuna eta inbertsioak erakartzea bultzatuko du”.
Bestalde, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredok nabarmendu duenez, Lege berriak «aldaketa sakona dakar Administrazioak lehen sektorearekin eta elikadura-katearekin harremanak izateko moduan, prozedurak errazen dituelako, bikoiztasunak ezabatzen dituelako eta nekazariek, abeltzainek, arrantzaleek, elikagaien industriek eta tokiko erakundeek beren proiektuak arintasun eta segurtasun juridiko handiagoarekin garatu ahal izatea ahalbidetzen duelako».
Barredok azpimarratu duenez, «kontua ez da bermeak murriztea, zerbitzu publiko hobea ematea baizik. Administrazio efizienteagoa nahi dugu, sektoreari lagunduko diona eta jarduera ekonomiko jasangarria erraztuko duena, ingurumenaren babesa bere horretan mantenduz».
Europako autonomia estrategikoa eta Europako berrindustrializazioa
Lege berri hau Europako autonomia estrategikoaren premian eta kontinentearen berrindustrializazioan kokatzen da. Eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa eta Europaren autonomia estrategikoa bizkortzeko premiaren aurrean, Euskal AE buru da prozesu administratiboak errazteko eta arintzeko garaian, industriaren eta jarduera ekonomiko jasangarriaren lehiakortasuna bultzatzeko.
Erronka horiei aurre egiteko helburuek beharrezko egiten dituzte Batasuneko ingurumen-arauekin bat datozen administrazio-prozesu arinagoak, industriaren eta sektoreen lehiakortasuna arriskuan jarri gabe.
Ildo horretan, Europako Batzordeak administrazio-mekanismoak eta gehieneko epeak ezarri ditu interes publikoko proiektuen baimenak lortzeko, baina horiek ez dira bateragarriak egungo arau-eskemarekin. Horregatik, bidezkoa da indarrean dagoen lege-esparrua egokitzea.
Europako Batzordeak Net-Zero Industry Act (NZIA) bezalako araudietan horrelako proiektuetarako ezartzen dituen gehieneko epeak 12 hilabetekoak da. Lege horrek epeak erdira murrizten ditu: gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da Euskal AEn interes publikoko proiektu bat onartzeko.
Jarduera ekonomiko jasangarriari eragiten dioten prozedurak erraztea
Horregatik, beharrezkoa da administrazio-izapideen denborak azkartzea eta murriztea, Herrialdearen interes publikoko proiektuak onartzeko. Lege honek administrazio-arloko kudeaketa erraztea eta arintzea eta ingurumen-araudia zorrotz betetzea uztartzen ditu.
Legearen helburua da Euskal AEko jarduera ekonomikoari eragiten dioten administrazio-prozedurak erraztea eta arintzea sustatzea. Arau berria ingurumenaren, energiaren eta elikaduraren sektoreetara eta lehen sektorera bideratuta dago bereziki, baita itsasoko, lehorreko eta portuko jabari publikoaren kudeaketara ere, euskal erakundeen arteko eskumen-banaketa errespetatuz.
Laburbilduz, Lege berriak sustatzen dituen sinplifikazio administratiborako eta desburokratizaziorako jarduketa nagusiak honako hauek dira:
- Ingurumen-izapideak “premiazkotzat” jotzea; beraz, aurreikusitako epeak erdira murriztuko dira.
- Administrazio-kargak murriztea, “once only” printzipioa kontuan hartuta.
- Funtsezko administrazio-prozesuak erraztea eta automatizatzea, tresna teknologikoen digitalizazioa eta ezarpena barne hartuta.
- Segurtasun juridikoa indartzea arau-esparru argi eta egonkorren bidez.
- Hirigintzaren aldetik GIPP izendatzea:
- Udal-planteamenduaren aldaketak aurreratuko ditu. Horren arabera, udalek plangintza egokitu beharko dute.
- Obra-lizentziak integratuko ditu. Aldez aurretik kontsulta egingo zaio dagokion udalari, eta hilabeteko epea egongo da erantzuteko.
Goi-mailako Interes Publikoko Proiektua (GIPP) deklaratzea
Proiektu bat sinplifikazio administratiboko prozesu horretan sar dadin, lege berriak “Goi-mailako Interes Publikoko Proiektuaren” (GIPP) figura sortzen du. Honako proiektu mota hauek, besteak beste, GIPPtzat har daitezke:
- Euskadi 2030 Industria Planaren proiektu eraldatzaileak.
- Sare elektrikoen jarduketak eta hedapenak.
- Energia berriztagarrien proiektuak.
- Zero emisio garbiko teknologien produkzio-instalazioak.
- Funtsezko lehengaien proiektuak.
- Hondakinen azpiegituren eta ekonomia zirkularraren proiektuak.
Gobernu Kontseiluak onartuko du behin betiko proiektu baten Goi-mailako Interes Publikoaren adierazpena, kontsulta publikoaren prozesua gauzatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak (EAELAB) txostena egin ondoren. Proiektu bat Goi-mailako Interes Publikoko proiektu izendatzeak hirigintza- eta ingurumen-arloko onarpenak barne hartzen ditu, egikaritze-epeak arintzeko helburuarekin.
Lege berri hau martxan jartzeak eragingo du Euskal AEk, interes publikoko proiektuetarako, estatuko autonomia-erkidegoen arte araudirik osatuena eta arinena edukitzea, Europako zuzentarau berrietara egokitua eta ingurumenarekiko bermearekin.
Gainera, legeak administrazio-izapideak murriztea aurreikusten du, indarrean dauden hainbat lege aldatuz eta artikulu berriak sartuz; horrek izapideak sinplifikatzeko helburua izango du, arauaren zati bati dagokionez, iazko apirilean itsasertzaren kudeaketa eskualdatzearen ondorioz autonomia-erkidego honek dituen eskumen berriekin bat etorriz. Horri guztiari esker, gure itsasertzeko jardueretarako baimenak arindu ahal izango dira, elikagaien sektoreko enpresek jasotzen dituzten ikuskapenak sinkronizatu eta harmonizatu ahal izango dira, haiek murriztuz, eta landa-inguruneko jarduerak antolatu eta bultzatu ahal izango dira.
Duela gutxi Imanol Pradales lehendakariak Eusko Legebiltzarrean adierazi zuen bezala, ekimen hau bat dator Eusko Jaurlaritzaren helburuekin: “desburokratizazioa eta sinplifikazio administratiboa herrialde-mailako helburua da. Aurre egin beharreko erronkek arintasuna eta abiadura eskatzen dizkigute. Lehiakortasunak administrazio publikoei ere eragiten digu. Munduak ez du itxaroten, ezta inbertsioek ere”.






