Euskarazko literaturak etorkizun oparoa izango duela aitortu du Eusko Jaurlaritzak Urruzuno lehiaketaren 41. edizioan

0
  • Donostiako Miramar Jauregian banatu dira DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzendutako literatura-lehiaketako sariak.
  • Prosa eta poesiako 302 lan aurkeztu dira edizio honetan.
  • 26 sarik aitortu dituzte 20 ikasleren sormena eta talentu literarioa.

(Donostia, 2026ko ekainaren 20a).- Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Urruzuno 41. edizioko sariak banatu ditu. Urruzuno Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei zuzendutako euskarazko literatura-sorkuntzako lehiaketa da. Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutuko zuzendaria buru izan da Donostiako Miramar Jauregian egindako ekitaldian, eta 20 egile gazteren talentua eta sormena aitortu ditu, 26 sarirekin.

Aurtengo edizioan Euskadiko 51 ikastetxetako ikasleek hartu dute parte, eta euskarazko literatura-sorkuntzako 302 lan aurkeztu dituzte. Jasotako lan guztietatik, 193 A kategoriakoak dira –Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak– (108 prosan eta 85 poesian); gainerako 109 lanak, berriz, B kategoriakoak dira –DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak– (100 prosan eta 9 poesian).

Lan originalak eta argitaragabeak eta euskara hutsean idatzitakoak literaturako eta hezkuntzaren arloko profesionalek osatutako epaimahai batek ebaluatu ditu, eta hainbat alderdi baloratu ditu, besteak beste, irudimena eta sormena, testuen kalitate literarioa, obren ekarria, koherentzia eta kohesioa, bai eta hizkuntzaren aberastasuna eta erabilera zuzena ere.

20 IKASLE SARIDUN

41. edizioko Urruzuno sariak Euskadiko hainbat ikastetxetako 20 ikaslerentzat izan dira, eta 26 aintzatespen lortu dituzte guztira.

  • Elene Azurmendi Larrion
  • Irati Gallastegi Molero
  • Andere Bouza Bengoetxea
  • Aiora Jauregi Pagalday
  • Yu Ting Ji
  • Izaro Pagalday Aburto
  • Mara Orbe Alcalde
  • Iraide Rodriguez Talledo
  • Maria Iribar Larrañaga
  • Joanes Plazaola Ricondo
  • Leire Sarasola Auzmendi
  • Iman Zian Marzgui Al Amin
  • Uxue Atxurra Alberdi
  • Izei Gallastegi Molero
  • Amaiur Viana Rey
  • Ioritz Ramos Otxoa
  • Elene Odriozola Iritz
  • Ohiane Garcia Gorrotxategi
  • Zihara Eiguren Ogando
  • Ane Villar Uribarren-Iturrieta

EUSKARAZKO LITERATURA-SORKUNTZAREN ALDEKO APUSTUA

Jasotako aintzatespenaz gain, irabazleek astebeteko literatura-egonaldi batean parte hartuko dute, Zerainen (Gipuzkoa). Esperientzia hori sortze-prozesuetan sakontzeko, esperientzien trukea sustatzeko eta ikasleak idazle eta euskal kulturako beste erreferente batzuen lanera hurbiltzeko sortu da.

Egonaldiaren helburu nagusia euskal kulturan murgiltzea da, artistekin eta sortzaileekin egingo den zuzeneko topaketaren bitartez. Artista eta sortzaile horiek sormen artistiko eta literarioari buruzko lan-prozesuak, esperientziak eta ikuspegiak partekatuko dituzte gazteekin. Era berean, programak idazteko, irakurketa partekaturako eta literaturaren inguruko hausnarketarako guneak eskainiko ditu, elkarren arteko ikaskuntza eta ideien trukea sustatzeko helburuz.

Astean zehar, parte hartzaileek tailer eta topaketetan parte hartuko dute profesionalekin —Yolanda Arrieta, Gaizka Aranguren, Markos Zapiain, Xabier Gantzarain eta Gotzon Barandiaran, besteak beste— eta beste diziplina kultural eta artistiko batzuekin lotutako jardueretan parte hartuko dute. Musikarekin, arte plastikoekin eta bertsolaritzarekin zerikusia duten proposamenak ere bilduko ditu saioak, baita bazkari-solasaldi bat ere, Andoni Egaña eta Aitor Mendiluze bertsolariekin.

Egonaldia osatzeko, bisitaldiak eta ibilbideak egingo dira Euskadiko interes kulturaleko hainbat gunetan, eta gazteei aukera emango zaie euskal kultura-ondarea hobeto ezagutzeko eta, astebetez, literaturarekiko eta sorkuntzarekiko interesa partekatzen duten beste parte-hartzaile batzuekin harremanetan egoteko.

Sariaz harago, egonaldiak sortzaile gazteen arteko loturak sendotu nahi ditu, euskarazko literaturaren inguruko komunitate bat irmotu eta beren talentua garatzen, beren kezkak partekatzen eta aukera kulturalak zabaltzen lagunduko duen esperientzia bat eskaini. Esperientzia hori, duela lau hamarkadatik hona, Urruzunoren ezaugarrietako bat da, eta ekimen honetan parte hartu dutenek gehien baloratu duten elementuetako bat.

Gainera, Hezkuntza Sailak Sagastiberri bildumaren baitan saritutako lanen bilduma bat argitaratuko du, edizio honetan aintzatetsitako egile gazteen lanei eta talentuari ikusgarritasuna ematen laguntzeko.

EUSKAL LITERATURAREN ERREFERENTEAK

Sortu zenetik, Urruzunok euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna sustatu du milaka ikasleren artean, eta erreferentzia bihurtu da gazteen literatura-sorkuntzaren esparruan. Hezkuntza Sailak komunikaziorako konpetentzia, sormena eta belaunaldi berrien arteko euskararen erabilera bultzatzeko duen konpromisoaren parte da lehiaketa.

Bere lau hamarkadako ibilbidean zehar, Urruzunok gerora ibilbide literario eta kultural nabarmena garatu duten egile gazteak deskubritzen lagundu du. Lehiaketan parte hartu zutenen artean daude Harkaitz Cano, Leire Bilbao, Alaine Agirre, Uxue Alberdi, Eider Rodríguez eta Unai Elorriaga, euskal literatura garaikidearen erreferenteak.

Urruzuno bezalako ekimenekin, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du gazteen pentsamendu kritikoa, sentsibilitate kulturala eta adierazpen-gaitasuna sustatuko dituen hezkuntzaren aldeko apustua, sortzaileen belaunaldi berrien bidez euskara eta euskal kultura indartzen lagunduz.