- Euskalmetek 40 ºC-ra arteko maximoak aurreikusi ditu Kantauri isurialdeko barnealdean eta Ebro ardatzean, eguneko erdiko orduetan.
- Bero-gertakaria tenperatura altu iraunkorrek eta baso-sute arriskuak lagunduta etorriko da, hego-osagaiko haizearen ondorioz.
Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan, ekainaren 22an, alarma gorria aktibatuko du Euskadin muturreko tenperatura altuengatik, lurralde osoari eragingo dion bero-gertakari oso bizi baten aurreikuspenaren aurrean. Alarma gorria 12:00etatik 20:00etara egongo da indarrean; tarte horretan, tenperatura maximoak 37 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, 40 ºC ingurukoak Kantauri isurialdeko barnealdean, 39 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta 40 ºC ingurukoak Ebro ardatzean.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, asteleheneko jardunaldian alerta laranja ere indarrean egongo da tenperatura altu iraunkorrengatik, 00:00etatik 24:00etara. Tenperatura minimoak eta maximoak 21/37 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, 20/40 ºC ingurukoak Kantauri isurialdeko barnealdean, 19/39 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta 22/40 ºC ingurukoak Ebro ardatzean.
Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du alarma gorria aktibatzea eguneko erdiko orduetan salbuespenezko tenperatura altuak aurreikustearen ondorio dela, Euskadiko zati handi batean eguneko zein gaueko balio altuak uzten ari den bero-gertakari iraunkor baten testuinguruan.
Era berean, astelehen osoan abisu horia egongo da indarrean baso-sute arriskuagatik, 00:00etatik 24:00etara, tenperatura altuen eta hego-osagaiko haizearen intentsitatearen ondorioz.
Gaurko jardunaldian, igandea, ekainak 21, alerta laranja indarrean egongo da muturreko tenperatura altuengatik, 12:00etatik 20:00etara. Tenperatura maximoek 36 ºC gaindi ditzakete kostaldean, 39 ºC-ra iritsi Kantauri isurialdeko barnealdean, 37 ºC-ra trantsizio-eremuan eta 38 ºC-ra Ebro ardatzean. Gainera, abisu horia indarrean egongo da egun osoan tenperatura altu iraunkorrengatik.
Igande honetan ere alerta laranja indarrean dago baso-sute arriskuagatik Araban, 00:00etatik 24:00etara; Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, abisu horia mantenduko da arrazoi beragatik. Kasu guztietan, arriskua tenperatura altuekin eta hego-osagaiko haizearekin lotuta dago.
Asteartean, ekainaren 23an, Euskalmetek aurreikusi du bero-gertakariak jarraipena izango duela, eta alerta laranja egongo dela muturreko tenperatura altuengatik 12:00etatik 20:00etara, bai eta alerta laranja ere tenperatura altu iraunkorrengatik egun osoan. Tenperatura maximoak 35 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, 39 ºC ingurukoak Kantauri isurialdeko barnealdean, 38 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta 39 ºC ingurukoak Ebro ardatzean.
GOMENDIO ORROKORRAK
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, datozen egunetan aurreikusten diren muturreko tenperatura altu eta iraunkorren aurrean, eta horiek eragin ditzaketen ondorio negatiboak prebenitzeko edo arintzeko, Osasun Sailaren 2026ko Bero Planeanan Osasun Publikoko Zuzendaritzak jasotako autobabes-gomendioak jarraitzea aholkatzen du:
Aire zabaleko berotik babestea
- Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.
- Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
- Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
- Jantzi arropa arina, nasaia eta transpiragarria.
- Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.
- Kontsultatu osasun-langileekin sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.
Etxea fresko mantentzea
- Itxita eduki leihoak eta pertsianak bero gehien egiten duen orduetan.
- Gauez etxebizitza aireztatu, gelak freskatzeko.
- Saihestu eguneko erdiko orduetan beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak erabiltzea.
- Haizegailuak kontuz erabili, 35 ° C-tik gora ez baitute gorputzeko tenperatura murrizten.
- Freskatu ur hotzeko dutxa edo bainuekin, edo zapi hezeak erabilita aurpegian eta eskuetan.
- Ezin bada etxebizitza fresko mantendu, igaro egunean 2-3 ordu klimatizatutako lekuetan, esaterako, eraikin publikoetan.
Deshidratazioa saihestea
- Edan maiz ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
- Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.
- Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa gatz mineralak berritzeko.
- Saihestu berora egokitzea zailtzen duten otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.
Pertsona zaurgarrienak zaintzea
- Arreta berezia eman haurtxoei, adingabeei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei.
- Ez utzi inoiz inor ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.
- Zaindu bereziki bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak, haiek egunean behin gutxienez bisitatuta.
Laneko arriskuen prebentzioa:
- Lanak planifikatzea, bero handieneko orduetan ez egiteko.
- Etengabe hidratatzea.
- Ur edangarrirako sarbidea duten eremu hoztuak gaitzea, atsedenaldiak maiz egin ahal izateko.
- Arropa arina eta eguzki-babesa erabiltzea.
- Intsektuak uxatzea eta ur geldiko eremuak saihestea, bektoreek transmititutako gaixotasunak prebenitzeko.
Larrialdietan, 112 zenbakira deitu behar da.
Eguneratutako eguraldi-iragarpena Euskalmeten webgunean eta X sare sozialeko kontu ofizialean kontsulta daiteke.






