Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan, ekainaren 22an, alarma gorria aktibatuko du Euskadin muturreko tenperatura altuengatik, lurralde osoari eragingo dion bero-gertakari oso bizi baten aurreikuspenaren aurrean. Alarma gorria 12:00etatik 20:00etara egongo da indarrean; tarte horretan, tenperatura maximoak 37 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, 40 ºC ingurukoak Kantauri isurialdeko barnealdean, 39 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta 40 ºC ingurukoak Ebro ardatzean.
Bero-gertakaria tenperatura altu iraunkorrek eta baso-sute arriskuak lagunduta etorriko da, hego-osagaiko haizearen ondorioz.
Biharko aurreikusitako alerta gorriaren aurrean Segurtasun Sailak LABIren 0 egoera, Larrialdi Fasea ezarriko du, bihar eguerdiko 12:00etatik aurrera. Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planak egunaren jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspena egingo ditu, SOS DEIAK Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan egongo den mahai tekniko baten bidez.






