Bengoetxea lehendakariordea: «Bilboko Arte Ederren Museoa ez da museo bat bakarrik; herrialde-azpiegitura bat da»

0

Bilboko Arte Ederren Museoak Arriaga Atrio berria aurkeztu du, museoaren eraldaketa arkitektonikoaren mugarri nagusietako bat

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Bilboko Arte Ederren Museoko Arriaga Atrio berriaren aurkezpenean parte hartu du gaur. Museoaren handitze- eta eraldatze-prozesuaren mugarri nagusietako bat da, eta erakundearen bihotza izatera deituta dagoen espazioa.

Bere hitzaldian, Bengoetxeak Francisco Durrioren Juan Crisóstomo Arriagaren monumentuak gidatutako espazio berriaren balio sinbolikoa azpimarratu du. Lehendakariordearen esanetan, Arriaga Atrioak «iraganaren eta etorkizunaren arteko zubia irudikatzen du; belaunaldien artekoa, eta gaur garenera ekarri gaituen memoriaren eta eraiki nahi dugun etorkizunaren artekoa».

Halaber, museoaren historia eta ondarea zainduz etorkizunera begiratzen duen eraldaketa nabarmendu du, eta gogorarazi du Bilboko Arte Ederren Museoa «ez dela museo bat bakarrik; herrialde-azpiegitura bat dela». Bengoetxeak, era berean, proiektua posible egin duen erakundeen arteko lankidetza azpimarratu du, eta gogorarazi du Arriaga Atrio berriak ekainaren 24an irekiko dizkiola ateak herritarrei, datorren udazkenean egingo den museoaren berrinaugurazioaren atariko gisa.