- Alarma gorria indarrean egongo da Kantauri isurialdeko barnealdean, trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean bi jardunaldietako erdiko orduetan.
- Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak gomendatzen die erakunde eskudunei egoera aztertzeko eta, hala badagokio, San Joan suak ez pizteko baso-masetatik hurbil dauden eremuetan.
Eusko Jaurlaritzak gaur goizean asteartera, ekainak 23, eta asteazkenera, ekainak 24, zabaldu du alarma gorria muturreko tenperatura altuengatik, datozen egunetan muturreko bero-gertakariak Euskadiko zati handi bati eragiten jarraituko duela aurreikusten baita.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, alarma gorria asteartean eta asteazkenean egongo da indarrean Kantauri isurialdeko barnealdean, trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean, 12:00etatik 20:00etara. Eremu horietan, tenperatura maximoak 40 ºC-ra iritsi edo horren ingurukoak izan daitezke eguneko erdiko orduetan.
Asteartean, ekainak 23, tenperatura maximoak 40 ºC ingurukoak izan daitezke Kantauri isurialdeko barnealdean, 39 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta 40 ºC ingurukoak Ebro ardatzean. Itsasertzean, alerta laranja aktibatuko da muturreko tenperatura altuengatik, 12:00etatik 18:00etara, eta kostaldean maximoak 35 ºC ingurukoak izan daitezke.
Asteazkenean, ekainak 24, alarma gorria mantenduko da muturreko tenperatura altuengatik Kantauri isurialdeko barnealdean, trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean, 12:00etatik 20:00etara. Tenperatura maximoak 40 ºC ingurukoak izan daitezke Kantauri isurialdeko barnealdean, eta 39 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean. Kostaldean, alerta laranja indarrean egongo da 12:00etatik 18:00etara, eta maximoak 36 ºC-ra irits daitezke.
Gainera, Euskalmetek alerta laranja mantentzen du bi jardunaldietarako tenperatura altu iraunkorrengatik Euskadi osoan, 00:00etatik 24:00etara, tenperaturek altu jarraituko baitute bi egunetan, eta gau “tropikalak” utziko baitituzte lurralde osoan. Asteartean, minimoak 22 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, 20 ºC ingurukoak Kantauri isurialdeko barnealdean, 19 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta 22 ºC ingurukoak Ebro ardatzean. Asteazkenean, balioak 22 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, 21 ºC ingurukoak Kantauri isurialdeko barnealdean, 20 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan eta 22 ºC ingurukoak Ebro ardatzean.
Alarma gorria zabaltzea muturreko bero-gertakari baten testuinguruan gertatu da; izan ere, astelehen honetan, ekainak 22, alarma gorria aktibatu da Euskadin muturreko tenperatura altuengatik 12:00etatik 20:00etara, eta 37 ºC-ko maximoak aurreikusten dira kostaldean, 40 ºC-koak Kantauri isurialdeko barnealdean, 39 ºC-koak trantsizio-eremuan eta 40 ºC-koak Ebro ardatzean.
Muturreko bero-testuinguru honetan, eta San Juan gaua ospatuko dela kontuan hartuta, Euskadiko udalerri askotan ohiko suak piztea aurreikusita baitago, Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak erakunde eskudunei gomendatzen die udalerri bakoitzeko egoera aztertzeko eta, hala badagokio, baso-masetatik hurbil dauden eremuetan suak ez pizteko.
Egoera horren aurrean, Segurtasun Sailak astelehen honetan, 12:00etatik aurrera, LABIren Larrialdi Fasea deklaratu du: 0 egoera, gertakariaren jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspena egiteko.
GOMENDIOAK
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, datozen egunetan aurreikusten diren muturreko tenperatura altu eta iraunkorren aurrean, eta horiek eragin ditzaketen ondorio negatiboak prebenitzeko edo arintzeko, Osasun Sailaren 2026ko Bero Planak jasotzen dituen autobabes-gomendioak jarraitzea aholkatzen du:
Aire zabaleko berotik babestea
- Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.
- Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
- Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
- Jantzi arropa arina, nasaia eta transpiragarria.
- Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.
- Kontsultatu osasun-langileekin sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.
Etxea fresko mantentzea
- Itxita eduki leihoak eta pertsianak bero gehien egiten duen orduetan.
- Gauez etxebizitza aireztatu, gelak freskatzeko.
- Saihestu eguneko erdiko orduetan beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak erabiltzea.
- Haizegailuak kontuz erabili, 35 ° C-tik gora ez baitute gorputzeko tenperatura murrizten.
- Freskatu ur hotzeko dutxa edo bainuekin, edo zapi hezeak erabilita aurpegian eta eskuetan.
- Ezin bada etxebizitza fresko mantendu, igaro egunean 2-3 ordu klimatizatutako lekuetan, esaterako, eraikin publikoetan.
Deshidratazioa saihestea
- Edan maiz ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
- Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.
- Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa gatz mineralak berritzeko.
- Saihestu berora egokitzea zailtzen duten otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.
Pertsona zaurgarrienak zaintzea
- Arreta berezia eman haurtxoei, adingabeei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei.
- Ez utzi inoiz inor ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.
- Zaindu bereziki bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak, haiek egunean behin gutxienez bisitatuta.
Laneko arriskuen prebentzioa
- Lanak planifikatzea, bero handieneko orduetan ez egiteko.
- Etengabe hidratatzea.
- Ur edangarrirako sarbidea duten eremu hoztuak gaitzea, atsedenaldiak maiz egin ahal izateko.
- Arropa arina eta eguzki-babesa erabiltzea.
- Intsektuak uxatzea eta ur geldiko eremuak saihestea, bektoreek transmititutako gaixotasunak prebenitzeko.
Larrialdietan, 112 zenbakira deitu behar da.
Eguneratutako eguraldi-iragarpena Euskalmeten webgunean eta X sare sozialeko kontu ofizialean kontsulta daiteke.






