- Tokiko eta eskualdeko gobernuen munduko hitzordu nagusian parte hartuko du Euskadik, nazioarteko presentzia indartu eta autogobernuan, kalitate demokratikoan, gobernu irekian eta eraldaketa digitalean duen esperientzia partekatzeko
- Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak emakumeen lidergoari, eskualdeek gobernantza globalean duten paperari eta kalitate demokratikoari buruzko saioetan parte hartuko du
Maria Ubarretxena, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua Tangerren (Maroko) 2026ko ekainaren 22tik 25era egingo den Hiri eta Tokiko Gobernu Batuen (CGLU) Mundu Biltzarrean parte hartuko duen euskal ordezkaritzaren buru izango da.
CGLU tokiko eta eskualdeko gobernuen munduko sare nagusia da, 140 herrialde baino gehiagoko milaka hiri, eskualde eta estatu azpiko gobernu-elkarte biltzen ditu, eta gobernu horien erakunde-ahots gisa jarduten du Nazio Batuen eta nazioarteko beste erakunde batzuen aurrean; eta munduko biltzarra tokiko eta eskualdeko gobernuen nazioarteko hitzordu nagusiena da, eta hirietako, eskualdeetako, estatu azpiko gobernuen elkarteetako, nazioarteko erakundeetako, gizarte zibileko eta mundu osoko lurralde-lankidetzako sareetako 3.000 ordezkari instituzional baino gehiago bilduko ditu.
Euskadik foro honetan parte hartzea, apustu estrategikoa da, gobernantza demokratikoaren etorkizuna, lurraldeen arteko lankidetza eta kalitatezko zerbitzu publikoen eskaintza eztabaidatzen den nazioarteko guneetan Euskadik duen presentzia indartzeko helburuarekin.
Eusko Jaurlaritza Hiri eta Tokiko Gobernu Batuetara atxikitzea
Euskadirentzat, Munduko Biltzarra aukera bat da nazioartean bere esperientzia proiektatzeko autogobernuan, maila anitzeko gobernantzan, gardentasunean, gobernu irekian, herritarren parte-hartzean, eraldaketa digitalean eta erakundeen arteko lankidetzan. Halaber, antzeko erronkei aurre egiten dieten eskualdeetako eta tokiko beste gobernu batzuekin harremanak sendotzeko aukera ere ahalbidetzen du kongresuak, eta herritarren konfiantzari, kalitate demokratikoari eta erakunde publikoak XXI. mendeko erronketara egokitzeari buruzko eztabaidetan aktiboki parte hartzeko aukera ere eskaintzen du.
Beraz, Euskadi erakunde honen parte izatea kalitate demokratikoaren, erakundeen arteko lankidetzaren eta herritarren konfiantza eraikitzearen aldeko apustuaren baitan kokatzen da.
Mundu Biltzarreko Agenda
Aurtengo kongresua tokiko zerbitzu publiko unibertsal eta inklusiboen belaunaldi berri baten lelopean egingo da, eta hainbat gai jorratuko ditu, hala nola kalitate demokratikoa, maila anitzeko gobernantza, berrikuntza publikoa, adimen artifiziala, berdintasuna, gizarteratzea, jasangarritasuna eta nazioarteko lankidetza. Gainera, Kongrsuan, Batzar Nagusia, Munduko Kontseilua eta CGLUren Bulego Exekutiboa bilduko dira, datozen urteetan erakundearen lehentasun estrategikoak zehazteko.
Ekainak 24, asteazkena:
Maria Ubarretxenak, asteazkenean, Emakumeen Asanbladan, parte hartu du, Mugimendu Munizipalista Feminista Globalaren gune politiko nagusian, erakunde irekiagoei, inklusiboagoei eta herritarrengandik hurbilago daudenen alde.
Egun berean, Eskualdeen Foroan ere parte hartuko du, «Eskualdeak mundu zatikatu batean: lurralde-kohesioa, diplomazia ekonomikoa eta Tokiko Koalizio Soziala» izeneko bilkuran. Topaketa honek lurralde ezberdinetako eskualdeetako ordezkariak bilduko ditu eta Eskualdeen Foroaren 2026-2030 Ibilbide Orria egiteko prozesuari hasiera emango dio.
Gainera, euskal ordezkaritzak Munduko Kontseiluaren eztabaidan parte hartuko du. Kontseilu hori erakundearen organo politiko nagusia da, eta datozen urteetarako lehentasun estrategikoak eta lan-ildoak jorratuko ditu.
Ekainak 25, osteguna
Ostegunean, ekainak 25, berriro ere hartuko du parte Ubarretxenak Munduko Kontseiluan eta ondoren, Open Government Partnership (OGP) erakundearen gidaritzapean gauzatuko den «Transparency and Participatory Approaches. Human Capital and Democratic Transformation: What Future for the Global South? » izeneko jardunaldian parte hartu du. Sailburuak eraldaketa demokratikoari buruzko panelean parte hartuko du, herritarren konfiantza, erakundeen kalitatea, gizabidezko hezkuntza eta giza garapena ardatz hartuta.
Aldebiko bilerak
Sailburuak parte hartzen duen saioetan, besteak beste, Quilmes, Dakar, Utrecht, Guapi, Pichincha, Nuakchot, Gauteng, Katalunia, Santa Fe, Singapur, São Paulo eta Beningo erakundeetako arduradunak egongo dira. Biltzarrean Paris, Bogota, Mexiko Hiria, Toulouse, Mombasa, Montevideo, Amman, Accra, Viena, Konya, Guangzhou eta Sejong bezalako hiri eta lurraldeetako ordezkariek ere parte hartuko dute, baita gobernu irekiari, lurralde-lankidetzari, iraunkortasunari, berdintasunari eta gobernantza demokratikoari lotutako nazioarteko erakunde eta sareetako ordezkariek ere.
Sailburuak kongresua baliatuko du, baita ere, biltzarrean parte hartuko duten erakundeetako ordezkariekin eta hirietako, eskualdeetako eta nazioarteko sareetako arduradunekin aldebiko bilerak egiteko. Helburua da harremanak estutzea, esperientziak trukatzea eta Euskadirentzat interesgarriak diren gai eta esparruetan lankidetza-bide berriak aztertzea.






