Ikerbasqueko 200 ikertzaile baino gehiago Donostian elkartu dira gaur, elkarlana sustatzeko

0
  • Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan lanean ari diren 35 herrialdetako ikertzaileak sinergiak eta lankidetza-ildo berriak sustatzeko topaketan bildu dira.
  • Pérez Iglesias sailburuak komunitate zientifikoa animatu du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren eta Berrikuntzaren Itsasargien estrategiaren garapenean parte hartzera.

Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan lanean diharduten 35 herrialdetako 200 ikertzaile baino gehiago Ikerbasquek antolatutako jardunaldi batean  bildu dira gaur Donostiako Basque Culinary Center-eko GOe eraikinean. Topaketaren helburua izan da euskal komunitate zientifikoaren arteko loturak sendotzea, lankidetza berriak sustatzea eta diziplinen arteko ezagutza-trukea bultzatzea.

Jardunaldiaren inaugurazioan ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua, Juan Ignacio Pérez Iglesias, Zientzia Politikarako zuzendaria, Amaia Esquisabel eta Ikerbasqueko zuzendari zientifiko Fernando Cossío.

Bere hitzaldian, bertaratutako ikertzaileei egiten duten lana aitortu ondoren, Pérez Iglesias sailburuak Eusko Jaurlaritzak berriki onartu duen Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP 2030) eguneraketa aurkeztu du. Era berean, euskal ikerketa-komunitatea, eta bereziki Ikerbasqueko ikertzaileak, planaren garapenean eta Berrikuntzaren Itsasargien estrategian aktiboki parte hartzera animatu ditu. Estrategia horren helburua da ezagutza zientifikoa eta berrikuntza eragin ekonomiko eta soziala sortzera bideratzea, Euskadik dituen erronka nagusiei erantzuna emanez.

Gizarte eragina sortzeko ikerkuntza

“ZTBP 2030ek norabide argia ezartzen du Euskadirentzat, eraldaketa teknologiko, energetiko, demografiko eta sanitario sakonen testuinguruan. Orain, ikerketa-gaitasun handiko pertsonek ikuspegi hori ezagutza, berrikuntza eta gizarte osoarentzat balioa sortuko duten proiektu bihurtzen laguntzea behar dugu», adierazi du sailburuak.

Ildo horretan, sailburuak Berrikuntzaren Itsasargiak bultzatzeko laguntza-programa berriaren (Φ operatiboa) bidez zabalduko diren aukerak ere nabarmendu ditu. Programaren lehen deialdia datorren irailean argitaratuko da. Urtero 12 milioi euroko aurrekontua izango duen programa 2026 eta 2030 artean garatuko da, eta lehen fase honetan tresna espezifikoak eskainiko ditu estrategia publikoak, erronketara bideratutako berrikuntza-proiektuak, Europako programetan ebaluazio positiboa jaso duten bikaintasun-ekimenak eta azpiegitura zientifiko eta teknologiko handiak babesteko.

“Lehen mailako ikerketa-komunitatea dugu. Irtenbideak aurreikusteko, ideia berriak sortzeko eta elkarlanean aritzeko duen gaitasuna funtsezkoa izango da gure ahalmen zientifiko eta teknologikoak indartzeko eta Euskadik berrikuntzan eta ezagutzan Europako erreferente izaten jarrai dezan”, amaitu du sailburuak.

Fernando Cossíok, bere aldetik, Ikerbasque ikertzaileek beren ibilbidean egindako bidea azpimarratu nahi izan du: “Eskerrak eman nahi nizkioke gaur ekitaldi honetan dagoen Ikerbasque komunitate osoari. Zoragarria da ikustea nola hazi den gure komunitatea 20 urte hauetan. Zuen ezagutza eta pasioa ekarri dizkiguzue, eta, horrela, Ikerbasqueren bihotz eta arima bihurtu zarete; Ikerbasquek mundu osoko puntako ikerketa-erakundeekin zubiak eraiki ditu. Eskerrik asko zuen ikerketa Euskal Herrira ekartzeko erabakia hartzeagatik. Eskerrik asko zuen ekarpenengatik eta Euskal Komunitate Zientifikoarekin izan duzuen lankidetza emankorragatik”.

Esperientziak partekatzea, aukera berriak sortzeko

Irekiera instituzionalaren ondoren, parte-hartzaileak hainbat lan-talderen artean banatu dira, beren ikerketa-ildoak aurkezteko, esperientziak trukatzeko eta jarduera zientifikoari lotutako erronka nagusiak aztertzeko.

Lankidetza- eta elkarrizketa-dinamiken bidez, oso esparru desberdinetako ikertzaileek aukera izan dute interes komunak identifikatzeko, elkarlaneko proiektu posibleak aztertzeko eta egungo nahiz etorkizuneko ekimenak indartzen lagun dezaketen beharrak, baliabideak eta aukerak partekatzeko.

Jardunaldian bildutako profilen aniztasunak, gainera, itxuraz elkarrengandik urrun dauden diziplinen arteko loturak sortzea ahalbidetu du; izan ere, askok metodologia, ikerketa-galdera edo antzeko erronkak partekatzen dituzte. Ezagutza-truke horrek bide berriak irekitzen ditu proiektu berritzaileak garatzeko, eta euskal ekosistema zientifikoaren gaitasuna indartzen du datozen urteetako erronka zientifiko, teknologiko eta sozial handiei aurre egiteko.

Topaketa honen bidez, Ikerbasquek berretsi egin du bikaintasunezko ezagutza sortzeko eta Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialari ekarpena egiteko gai den ikertzaile-komunitatea eraikitzeko bere konpromisoa, elkarlanean diharduen nazioarte mailako komunitatea, hain zuzen.

Urteroko topaketa haue esperientziak partekatzeko, lankidetza-aukerak aztertzeko eta datozen urteetan ikerketaren etorkizuna markatuko duten erronkei buruz hausnartzeko gune gisa finkatu da. Zientziak gero eta ikuspegi diziplinartekoagoetatik egiten duen aurrerabidean, horrelako ekimenek funtsezko zeregina dute ideia berriak sortzeko eta Euskadiren garapen zientifikoan laguntzeko.