Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Kontsumobideko zuzendari Ana María Sánchez Herráezekin batera, amaiera eman dio gaur arratsaldean Donostian Kontsumobidek antolatutako “El impacto de la inteligencia artificial y las personas consumidoras” uda-ikastaroari. Ekimen hori Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan bultzatu da, adimen artifizialak kontsumoaren esparruan planteatzen dituen erronkak eta aukerak aztertzeko.
Sailburuak nabarmendu du adimen artifiziala eguneroko bizitzaren eta kontsumo-harremanen parte dela jada. “Adimen artifiziala ez da etorkizuneko teknologia bat, gure gizartean erabat integratuta dagoen errealitate bat baizik. Askotan isilean jarduten du algoritmoen eta egunero uzten dugun arrasto digitalaren bidez, eta, beraz, funtsezkoa da nola funtzionatzen duen ulertzea eta bere onurak eta arriskuak ezagutzea”, adierazi du. Era berean, azaldu du kontsumoak azken urteetan izan duen eraldaketa digitala “eraldaketa algoritmikoa” izenekoak markatutako etapa berri bati ematen ari zaiola bide. Testuinguru horretan, ohartarazi du adimen artifizialak, portaerak aztertzeaz gain, haietan ere eragina izan dezakeela eta, horregatik, beharrezkoa dela kontsumitzaileen eskubideen babesa indartzea.
“Berrikuntza teknologikoak zentzua du soilik pertsonak eta haien eskubideak erdigunean mantentzen baditu”, adierazi du, eta defendatu du adimen artifiziala tresna baliagarria izan daitekeela herritarrenganako arreta hobetzeko, abusuak detektatzeko eta kontsumitzaileen defentsa indartzeko, betiere bere garapena eta aplikazioa irizpide etiko eta gardenekin egiten bada.
“Garrantzitsua da erronka horiei aurre egitea, enpresen eta kontsumitzaileen artean egon daitekeen informazio-desberdintasuna kontuan hartuta. Enpresek gero eta tresna sofistikatuagoak dituzte datuak aztertzeko eta portaerak aurreikusteko. Bermatu egin behar dugu berrikuntza honek saltzailearen eta eroslearen arteko desberdintasun berririk ez sortzea”, azpimarratu du.
Ildo horretan, gogorarazi du kontsumitzaileek eskubidea dutela jakiteko noiz elkarreragiten duten adimen artifizialeko sistemekin, nola erabiltzen diren haien datuak eta nola hartzen diren haiei eragin diezaieketen erabakiak. Era berean, adimen artifizialak gizartean duen eraginari buruzko hausnarketa eta dibulgaziorako guneak bultzatzen jarraitzearen garrantzia nabarmentzeko balio izan du ikastaroaren amaierako ekitaldiak.






