Eusko Jaurlaritzak hurbileko zerbitzuak kokatzen ditu aukera eta kohesio handiagoko landa-eremua eraikitzeko ardatz gisa

0
  • EHUren Udako Ikastaroak hainbat lurraldetako landa-garapeneko esperientzia berritzaileak partekatzeko adituak eta arduradun publikoak bilduko ditu Donostian datorren ostegunean
  • “Landa-lurralde bizi batek enplegua behar du, baina baita zerbitzuak, komunitatea eta bizi-proiektu bat garatzeko aukerak ere. Hori da gure herrien eta kontzejuen etorkizunerako bermerik onena”, nabarmendu du Amaia Barredo sailburuak

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak ekainaren 25ean, Donostian, EHUren Udako Ikastaroa egingo du: “Lurralde biziak: landa-eremua eraldatzen duten hurbileko zerbitzuak”. Jardunaldi horretan erakundeetako arduradunak, teknikariak, unibertsitate-eremuko ordezkariak, landa-garapeneko eragileak eta ekintzaileak bilduko dira, hurbileko zerbitzuek euskal landa-eremuaren etorkizunean duten zeregina aztertzeko.

Ikastaroan Europako landa-lurraldeek partekatzen dituzten erronka nagusietako batzuk jorratuko dira, hala nola biztanleriaren zahartzea, kalitatezko oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko aukera, gazteak erakartzea edo jarduera ekonomikoa dibertsifikatzea. Aldi berean, Euskadik dituen indarguneak ere balioan jarriko dira, besteak beste gobernantza-eredua, lurralde-antolamendua eta erakundeen zein tokiko eragileen arteko lankidetza.

Jardunaldian zehar Asturiasen, Zamoran eta Ansó Haranean (Huesca) garatutako esperientziak aurkeztuko dira. Esperientzia horiek zaintza, mugikortasuna, etxebizitza, digitalizazioa edo biztanleria finkatzea bezalako arloekin lotuta daude, eta helburua Euskadiko landa-eremuaren garapenerako baliagarriak izan daitezkeen ikasgaiak ateratzea da.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok emango dio hasiera ikastaroari, eta azpimarratu duenez, “hurbileko zerbitzuak bermatzea lurralde-kohesioan inbertitzea da. Pertsonei bizi, lan egin eta beren bizi-proiektua aukeratzen duten tokian garatzeko aukera ematea da, baita gure herri eta landa-eremuetan ere”.

Programak, gainera, tailer praktiko bat izango du, Euskadin eragina izango duten hurbileko zerbitzu berriak nola aktibatu aztertzeko. Azken saioan ondorioak eta etorkizuneko lan-ildoak partekatuko dira, landa-garapenarekin konprometitutako administrazio, erakunde eta profesionalen arteko ezagutza-trukea indartuz.