Kontsumobidek zehapen-kanpaina bat egingo du higiezinen atarietan atzemandako ez-betetzeen aurrean

0
  • Higiezinen atarietan eskainitako informazioa aztertzeko lehen kanpaina egin ondoren Kontsumobidek akats ugari antzeman ditu eta, beraz, zehapen-kanpaina bat irekiko du.
  • Aldi berean, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak errekerimendu bat bidali du ezkutuko gainprezio-praktikak erabiltzen dituzten babes ofizialeko etxebizitzen iragarkiak kentzeko.

 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Kontsumobideren bitartez, informazio-kanpaina bat egin die higiezinen agentzia eta atari nagusiei, Euskadin bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuetan ohiko erabilerako etxebizitzak eskaintzen dituzten agentzia eta plataformen webguneetan informazio-betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko.

Zentzu horretan, Kontsumobidek webguneak arakatzeko kanpaina bat egin du, higiezinen agentziek eta atariek beren informazio-betebeharrak betetzen ote zituzten egiaztatzeko (adibidez, aurreko errentari, erreferentzia-indizeari eta gastu gehigarriei buruzko informazioa emateko betebeharra, besteak beste). Fase honetan, 43 webgune aztertu ziren guztira, 40 higiezin-agentzia eta 3 bitartekaritza-plataforma handi barne.

Hasierako bilaketaren emaitzek ondorioztatu dutenez, eskaintza aktiboak dituzten webguneetako batek ere ez zituen osorik betetzen legezko baldintzak kontsumitzaileari informazioa emateko. Atzemandako ez-betetze larrienen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

  • «Eremu tentsionatu» izaera ezkutatzea: Iragarkiek ez dute adierazten higiezina araubide juridiko horren mende dagoela, eta hori funtsezko datua da, maizterraren portaera ekonomikoari eragiten diona.
  • Datu ekonomikorik eza: Ez da jakinarazi azken bost urteetan indarrean egon den azken errentaren zenbatekoa, ezta aplikatu beharreko prezioen erreferentziazko indizea ere.

Egoera horren aurrean, Kontsumobidek ikuskapen-kanpaina berri bat egingo du, zehapen-izaerarekin, irregulartasun horiek guztiak konpondu direla egiaztatzeko. Kontsumobidek jakinarazpen formalak bidali dizkie Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargoei (HJA) eta higiezinen atari nagusiei, informazio-kanpainaren emaitzak helaraz diezazkieten eta konpon ditzaten. Horrez gain, gogoraraziko die zer lege-betebehar dituzten eta zer zehapen jaso ditzaketen, betetzen ez badituzte.

Era berean, Kontsumoko Euskal Institutuak bilerak egingo ditu higiezinen agentziekin eta atariekin, emaitza horiek aztertzeko eta publizitate-informazioak egiazkoa, eraginkorra eta nahikoa izan behar duela azpimarratzeko. Era berean, gogorarazpen berezia egingo zaie bidegabeko gastuak kargatzeko debekuari buruz: higiezinen kudeaketako gastuak eta kontratua formalizatzekoak errentatzaileak bere gain hartu behar ditu oso-osorik, eta horrek ZERO kostua ekarriko dio maizterrari.

Informazio-topaketa horiek egin ondoren, ikuskapen- eta kontrol-kanpaina hasiko da, zehapen-izaerarekin, antzemandako akatsak agentziek eta atariek zuzendu dituzten egiaztatzeko.

Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren errekerimendua

Aldi berean, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin koordinatuta, errekerimendu bat bidali du iruzurra detektatu den plataformetara eta higiezinen agentzietara ezkutuko gainprezio-praktikak erabiltzen dituzten babes ofizialeko etxebizitzen iragarkiak kentzeko, lehenengoa idealistara. Jakinarazpenean plataformari eskatzen zaio berehala berrikus ditzala argitaratutako babes ofizialeko etxebizitzen iragarkiak, eta arreta berezia jartzen zaie ezkutuko ordainketa gehigarriak dituzten eskaintzei. Era berean, halako iragarkiak kentzeko eskatzen da, eta ikuskapenak egingo direla jakinarazten da.