- Euskal Mendizale Federazioak 40.000 pertsona federatu baino gehiago ditu, eta mendiko jardueren segurtasunaren arloko erreferente nagusietako bat da.
- Akordioak prestakuntza, prebentzioa, hedapena eta aholkularitza espezializatua indartuko ditu, mendiko segurtasuna hobetzeko.
Gobernu Kontseiluak ontzat eman du Segurtasun Sailaren eta Euskal Mendizale Federazioaren arteko lankidetza-hitzarmen berri bat sinatzea. Federazioa Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemaren erakunde laguntzailea da, eta gaur egun 40.000 pertsona federatu baino gehiago ditu; mendiarekin lotutako jarduerak egiten dituzten pertsonen segurtasunaren arloan erreferentziazko erakundea da.
Lankidetza hori bereziki garrantzitsua da Euskadin; izan ere, milaka pertsona dira mendira joaten direnak, eta Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemak urtean 400 esku-hartze inguru egiten ditu eremu horretan istripua izan duten edo arrisku-egoeran dauden pertsonak artatzeko edo erreskatatzeko.
Akordioaren arabera, Federazioak konpromisoa hartzen du Segurtasun Sailarekin lankidetzan aritzeko mendiko arriskuei, sorospenei eta jarduketa seguruei buruzko prestakuntza teknikoko jardueretan; segurtasuna sustatzeko, herritarrak kontzientziatzeko, komunikatzeko eta zabaltzeko ekintzetan; segurtasun-politikak eta aholkularitza garatzeko bileretan eta lantaldeetan; eta mendiko dispositiboetan, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak haren parte-hartzea eskatzen duenean.
Bestalde, Segurtasun Sailak konpromisoa hartzen du Federazioaren urteko jarduera-programan jasotako ekintzak finantzatzeko, ekitaldi bakoitzerako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan erakundearen aldeko dirulaguntza izendun gisa jasotako zenbatekoetan. Finantzaketa hori honako hauetara bideratu ahal izango da: mendiko arriskuei, sorospenei edo jarduketa seguruei buruzko prestakuntza teknikoko ekintzetara; segurtasuna sustatzeko, herritarrak kontzientziatzeko, komunikatzeko eta zabaltzeko ekintzetara; jarduera horiei lotutako baliabide materialak eskuratzera eta mantentzera; mendian kokatutako segurtasun-azpiegitura jakin batzuk bultzatzera eta hornitzera; eta adituen lankidetzara bileretan, lantaldeetan eta aholkularitza-guneetan.
Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du formalizatzen denetik aurrera, eta, aldeek berariaz hala erabakita, beste lau urtera arteko aldi gehigarri baterako luzatu ahal izango da.






![[VÍDEO] La Policía Local de Plentzia y la Ertzaintza detienen a dos jóvenes por agredir a varios agentes en la playa](https://www.agenciadenoticias.es/wp-content/uploads/2026/06/Michael-De-Locksley-MichaelDeLocks1-X-06-23-2026_09_06_AM-100x70.png)