Merkataritzako lankidetza-protokolo bat sinatu da tokiko merkataritza eta sen ekintzailea sustatzeko

0

Gobernu Kontseiluan jakinarazi da lankidetza-hitzarmen bat sinatu dutela Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzak, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Saileko Enplegu eta Ekintzailetzako Foru Agentziak – DEMA, Bizkaidendak eta CECOBI Bizkaiko Merkataritza Elkarte eta Federazioek eta Bilbao Dendak Hiri Merkataritzako Plataformak.

Protokoloaren helburua da aldeen arteko lankidetza-esparru bat ezartzea, interes komunak lortzeko balioko duten ekimenak elkarrekin bultzatu eta garatzeko, besteak beste, enpresa-transmisioaren formula indartzea, Bilboko udalerriko merkataritzan eragina duten politika instituzionalen koordinazioa eta eraginkortasuna hobetzeko aukera emanez.

Lankidetza horren helburua da, besteak beste, tokiko merkataritzaren sektorea gure identitatearen ezaugarri nagusi eta definitzaile gisa aitortzea, eta gure sare komertziala babesteko eta transmisioaren formulari balioa emateko beharraz kontzientziatzea, negozioa eta ekintzailetza mantentzeko hartu beharreko tresna eta alternatiba optimo gisa.

Helburu horiek lortzeko, ekintza hauek egingo dira:

  • Transmisioa zabaltzea, mantentze komertzialerako eta ekintzailetzarako aukera gisa, eremu posible guztietan (jardunaldiak, kongresuak, mahai-inguruak, komunikabideak…).
  • Merkataritzaren sektorean enpresa-transmisioko prozesuen ezaugarri eta aukeren berri ematea.
  • Transmisioaren figurak garapen profesionalerako eta lan-merkaturako sarbide gisa eskaintzen dituen aukerei buruzko informazioa ematea ekintzaile potentzialei, bai eta transmisio-prozesu osoan eta integrazioan laguntzea ere.
  • Eskualdaketa posibleen aurretiazko kudeaketa bultzatzea.
  • Lehendik dauden transmisio-programak optimizatzea, zerbitzu erantsien bidez (aholkularitza, prestakuntza, martxan dagoen negozio bat transmititzeko/eskuratzeko prozesua hobetzen eta/edo errazten duten laguntzak).

Protokoloaren koordinazioa eta jarraipena errazteko, jarraipenerako batzorde tekniko bat sortuko da, gutxienez alderdi bakoitzeko ordezkari banak osatua. Batzorde horrek inplementatu beharreko ekimen eta ekintzen jarraipena egingo du, eta protokoloaren betetze-maila ebaluatuko du, besteak beste.

Protokolo honek bi urteko iraupena izango du hasieran, eta ondoz ondoko aldietarako luzatu ahal izango da, alderdi sinatzaile guztiek aho batez eta idatziz hala adostuz gero.