Eusko Jaurlaritzak Mutrikuko kofradia zaharreko eraikina birgaitzeko lanak lizitatu ditu, portuko zerbitzuetarako eta ostalaritzarako

0
  • 1,41 milioi euroko inbertsioari esker, 2017ko suteak kaltetutako eraikin historikoa berreskuratuko da, eta portuari nahiz tokiko jarduerari lotutako erabilera berrietara egokituko da
  • Amaia Barredo: “Eraikin hau berreskuratzeak Mutrikuri espazio erabilgarri, bizia eta mutrikuarren zerbitzura dagoena itzultzea esan nahi du”

Eusko Jaurlaritzak Mutrikuko portuko Kofradia zaharreko eraikina osorik birgaitzeko obren lizitazioa onartu du. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1.417.536,61 eurokoa da (BEZa kanpo), eta lanak egiteko epea 10 hilabetekoa izango da. Obrak 2026. urtearen amaieran hastea aurreikusten da.

Proiektuari esker, 1921ean eraikitako eta 2017ko sutean kalte handiak jasan zituen eraikin enblematikoa berreskuratuko da, eta portuko jarduerari, ostalaritzari eta eraikinaren erabilera kulturalari lotutako erabilera berrietara egokituko da.

“Ez da arkitektura-birgaitze hutsa; Mutrikuko portuko gune estrategiko bat berreskuratzeko apustua da, haren eginkizun ekonomikoa eta soziala indartzeko eta itsasoari lotutako ondarea balioan jartzeko”, azpimarratu du Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua Amaia Barredok.

Proiektuak eraikinaren ondare-balioa errespetatuko duen esku-hartze integrala aurreikusten du. Beheko solairuan ostalaritzarako espazioak prestatuko dira, oztopo arkitektonikoak kenduz eta irisgarritasun unibertsala bermatuz. Lehen solairuan erakusketa-gunea eta Bentaleku enkante-makina berreskuratuko dira; bigarren solairua, berriz, egitura birgaitu ondoren, bulego edo bilera-geletarako erabiliko da.

Era berean, proiektuak eraikinaren energia-eraginkortasuna hobetuko du, inguratzaile termikoa berrituz, arotzeria efizientea instalatuz eta instalazio-sistema jasangarriagoak ezarriz; horri esker, energia-kontsumoa eta isurketak murriztuko dira.

Horrez gain, Sailak eta Euskadiko Kirol Portuak (EKP) gaur egun erabiltzen dituzten instalazioak Hezkuntza Sailaren esku utzi dituzte, akuikulturan espezializatutako Kardala Lanbide Heziketako ikastetxea handitzeko.

Mutriku Debabarreneko Lehentasunezko Ekintza Eremuaren barruan dago. Horrek indartu egiten du ekintza honen izaera estrategikoa, Eusko Jaurlaritzaren lurralde-oreka sustatzeko politiken barruan.