Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado izan da buru 2026ko Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Euskadi Sarien banaketan Donostiako San Telmo Museoan, Turismoko zuzendari Clara Navasekin, Merkataritzako zuzendari Izaskun Gómezekin eta Kontsumobideko zuzendari Ana Sánchezekin batera. Sari hauek Euskadirentzat estrategikoak diren esparru horiei lotutako profesionalen, enpresen eta erakundeen ibilbidea, konpromisoa eta jardunbide egokiak aitortzen dituzte.
Ekitaldian, sailburuak zoriondu egin ditu saritutako pertsonak eta erakundeak, eta nabarmendu du herrialdearen garapen ekonomiko eta sozialean egunero laguntzen duen sektore oso baten “ilusioa, profesionaltasuna eta konpromisoa” ordezkatzen dutela. Sailburuak adierazi duenez, 2026a funtsezko urtea izaten ari da euskal turismorako, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak bultzatutako aurrerapen garrantzitsuei esker, besteak beste, Turismo Lege berriaren aurreproiektuaren aurkezpena, egonaldi turistikoen gaineko zerga ezartzeko akordioa eta Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien artean turismo jasangarriaren aldeko ituna sinatu izana. Era berean, Next Generation Europako Funtsekin finantzatutako proiektuak burutu direla nabarmendu du, eta horrek 105 milioi euroko inbertsioa ekarri duela turismoaren arloan. Euskadi aitzindari da gaur egun funts horien gauzatze-mailan, jarduketen % 90 baino gehiago osatuta.
Bestetik, ekitaldiak balio izan du hurbileko merkataritzaren lana eta herri eta hirien kohesio ekonomiko eta sozialean duen zeregina nabarmentzeko. Hurtadok gogorarazi duenez, merkataritzak 134.000 lanpostu baino gehiago sortzen ditu Euskadin, BPGaren % 11 da, eta funtsezko elementua da hiriko bizitzarako. Ildo horretan, berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak merkataritzaren sektorea eraldatzeko eta modernizatzeko duen konpromisoa, laguntza, berrikuntza, digitalizazio eta ekintzailetzako programen bidez, bai eta egungo erronketara egokitutako Merkataritza Jardueraren Lege berri bat garatzeko ere. “Merkataritzak eraldaketa sakona bizi du, baina gure kale eta auzoetarako elementu ordezkaezina izaten jarraitzen du. Saltoki bakoitzaren atzean komunitatearentzat konfiantza, hurbiltasuna eta balioa sortzen duten pertsonak daude”, adierazi du.
Era berean, kontsumitzaileen eskubideen defentsarekin, enpresa-jardunbide egokien sustapenarekin eta kontsumoaren arloko interes publikoko informazioaren zabalkundearekin lotutako erakunde eta profesionalen lana saritu da. Sailburuak gogorarazi du Kontsumobidek 41.000 kontsulta eta 27.000 erreklamazio baino gehiago kudeatu zituela 2025ean, eta zifra horrek kontsumo-ohituren bilakaera eta herritarrek beren eskubideei buruz duten kontzientziazio handiagoa islatzen dituela.
Sailburuak bere hitzaldian azpimarratu duenez, turismoa eta merkataritza EAEko BPGaren % 18 inguru dira, eta enpleguaren % 25 inguru sortzen dute, jarduera horiei zuzenean lotutako 240.000 familia baino gehiagorekin. “Sari hauek profesional gutxi batzuk aitortzen dituzte, baina egunero Euskadi lehiakorragoa, jasangarriagoa eta kohesionatuagoa eraikitzen laguntzen duten milaka pertsonaren lana sinbolizatzen dute”, adierazi du.
- Aurtengo edizioan, Turismoaren arloan, Santxotena Tailer Museoa saritu dute Ibilbidea Sariarekin, Ocean Tours Hondarribia Ekintzailetza Sariarekin eta Gorbeia Helmuga Turistikoa Helmuga Arduratsua eta Jasangarria Sariarekin.
- Merkataritza kategorian, honako hauek jaso dituzte sariak: Fernández Terreros harategia, Ibilbidea Saria; Érase una vez, Ekintzailetza Saria; eta Bilbaodendak, Merkataritzako Eremuak Dinamizatzeko Saria.
- Kontsumoaren arloan, Urola Garaia Mankomunitateko Urretxuko KIUBak Kontsumitzailea Saria jaso du, SOILIK, S. Coop.ek Jardunbide Egokiak Saria eta Consuma Crudeza Komunikazioa Saria.
- Sari Bereziak ere banatu dira: Ilunion Hotels, Turismo kategorian; Mentxu y Yone, Merkataritzan; eta Telmo Lazkano, Kontsumoan.
- Era berean, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Sari Berezia Petritegi sagardotegiari eman zaio, Euskadiko turismoaren, merkataritzaren eta kontsumoaren sektoreak garatzen eta sustatzen laguntzeagatik.
Ekitaldia amaitzeko, turismo, merkataritza eta kontsumoko profesionalen talentua eta dedikazioa aintzatetsi dira, baita administrazio publikoek sektore horien egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko politikak bultzatzeko egindako lana ere.






