Eusko Jaurlaritzak (HABE) euskararen ezagutzaren egiaztapen-eredu berri bat ezarriko du, hizkuntza-gaitasunak zehaztasun handiagoz aitortzeko eta egiaztatzeko aukera gehiago eskaintzeko

0
  • Urriko deialditik aurrera, lehen aldiz egiaztapen asimetrikoak eskainiko dira, eta egiaztapen partzialak orokortuko dira
  • Azterketetarako izena emateko epea irailaren 7an irekiko da, eta irailaren 13ra arte egongo da zabalik

Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ibone Bengoetxeak, gaur aurkeztu du HABEk 2026ko urriko deialditik aurrera ezarriko duen euskararen ezagutzaren egiaztapen-eredu berri bat.

2026ko urriko deialditik aurrera, Eusko Jaurlaritzak, HABEren bitartez, euskararen ezagutzaren egiaztapen-sistema berri bat jarriko du abian. Lehen aldiz, HABEk egiaztapen asimetrikoak eskainiko ditu, eta egiaztapen partzialak orokortuko ditu, pertsonen gaitasunak eta egoerak zehaztasun handiagoz aitortzeko. Sistema berri honek abiapuntu argi bat du: pertsona guztiek ez dituzte hizkuntza-gaitasunak modu berean garatzen, eta egiaztapen-sistemak errealitate horri erantzun behar dio.

Bengoetxea lehendakariordearen hitzetan, «sistema malguagoa, bidezkoagoa eta pertsonen errealitatera hobeto egokitua eraiki nahi dugu». Neurri hau JAUZIA GARA estrategiaren barruan kokatzen da, Eusko Jaurlaritza euskararen ikaskuntzaren arloan bultzatzen ari den eraldaketaren baitan.

Azken urteotan, 100.000 pertsonatik gora igaro dira euskaltegietatik, eta 43.500 pertsonak baino gehiagok jaso dituzte euskara ikasteko laguntzak. Helburua da gero eta pertsona gehiagok euskara ikasten hastea ez ezik, beren ikasketa-ibilbidea amaitzea eta eskuratutako hizkuntza-gaitasunak zehaztasun handiagoz egiaztatzeko aukera izatea ere bada.

 

Zer dira egiaztatze asimetrikoak?

Orain arte, hizkuntza-maila bat egiaztatzeko (A2, B1, B2, C1 eta C2) maila bera egiaztatu behar zen lau eremutan: irakurmenean, entzumenean, idazmenean eta mintzamenean.

Hemendik aurrera, egiaztatze asimetrikoek aukera emango dute trebetasun guztietan maila bera izan beharrik gabe ahozko zein idatzizko gaitasunak egiaztatzeko. Beste era batera esanda, pertsona batek idatzian eta ahozkoan maila desberdinak baditu, gaitasun horiek modu zehatzagoan aitortu ahal izango dira.

Adibidez, pertsona batek B1 maila izan dezake irakurmenean eta idazmenean, baina B2 maila entzumenean eta mintzamenean. Sistema berriarekin, errealitate hori egiaztatu ahal izango da.

Honako egiaztatze hauek eskainiko dira:

  Irakurmena eta idazmena Entzumena eta mintzamena
A2B1 A2 B1
B1B2 B1 B2
B2C1 B2 C1
C2C1 C2 C1

 

Zer dira egiaztatze partzialak?

Desgaitasunen bat duten pertsonei egokitutako egiaztatze-sistema da.  Desgaitasunen bat izatekotan, eta, horren ondorioz, trebetasun jakin bat ezin bada jorratu edo egiaztatu, sistema honetara aurkezteko aukera zabaltzen du Jaurlaritzak. Kasu horietan idatzizko trebetasunak edo ahozko trebetasunak soilik egiaztatzeko aukera emango da.

Adibidez, entzumen-desgaitasuna duen pertsona batek entzumena ebaluatu ezin badu, idatzizko trebetasunetan duen gaitasuna egiaztatu ahal izango du. Era berean, bestelako desgaitasun edo behar berezien ondorioz trebetasun jakin bat ebaluatu ezin den kasuetan ere, idatzizko edo ahozko gaitasunak egiaztatzeko aukera izango da.

Neurri honen helburua da euskararen egiaztatzea irisgarriagoa egitea eta pertsona guztiek beren gaitasunak aitortzeko aukera izatea.

 

Nola izango dira azterketak?

Egiaztatze asimetrikoen inguruan, azterketek orain arteko egitura eta berme akademiko berak izango dituzte. Lau hizkuntza-trebetasunak ebaluatzen jarraituko dira: irakurmena, entzumena, idazmena eta mintzamena. Berritasuna da trebetasun guztiek ez dutela zertan maila berean egiaztatu.

Horrek ez du esan nahi azterketak errazagoak izango direnik. Helburua ez da eskakizun-maila murriztea, baizik eta pertsonen gaitasunak modu zehatzagoan eta errealitateari egokituagoan aitortzea.

 

Zer jasoko du azterketa egiten duenak?

Azterketa gainditzen duten pertsonek egiaztatutako gaitasunen araberako ziurtagiria jasoko dute. Egiaztatze asimetrikoen kasuan, ziurtagiriak jasoko du zein maila egiaztatu den irakurmenean eta idazmenean, eta zein maila entzumenean eta mintzamenean.

Adibidez, pertsona batek B1 maila egiaztatu badu irakurmenean eta idazmenean, eta B2 maila entzumenean eta mintzamenean, hori izango da jasoko duen egiaztapena (Beti ere, maila asimetriko horretan izena eman badu).

Egiaztatze partzialen kasuan, ziurtagiriak egiaztatutako trebetasunak jasoko ditu, indarrean dagoen araudiak ezarritako baldintzen arabera.

Nork aurkeztu ahal izango du bere burua?

Oro har, 16 urte beteta dituzten edo matrikula-urtean beteko dituzten pertsona guztiek aurkeztu ahal izango dute beren burua. Ez da beharrezkoa izango aurretik maila simetriko bat egiaztatua izatea, salbuespen batekin: A2-B1 egiaztatze asimetrikora aurkezteko, A2 maila egiaztatuta eduki beharko da.

 

Aukera gehiago, oztopo gutxiago

Sistema berriaren bidez, HABEk euskararen egiaztatzea pertsonen errealitateetara gehiago hurbildu nahi du. Helburua argia da: herritar gehiagok euskararen ezagutza aitortzeko aukera izatea, ikaskuntza-ibilbide desberdinei erantzun hobea ematea eta inor atzean ez uztea. Horrela, euskararen egiaztatze-sistemak urrats berri bat emango du aukera gehiago, malgutasun handiagoa eta irisgarritasun handiagoa eskaintzeko. Sistema hau 19/2024 sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko Dekretuan, aurreikusitakoaren ondorioa da.