Euskadiko Garraio Agintaritzak protokolo bat adostu du VTC zerbitzuetan ikuskapenak eta zehapenak koordinatzeko

0
  • Autonomia Erkidegoko garraio publikoa koordinatzeko organo honen osoko bilkurak formalki berresten ditu tarifen integrazioaren oinarriak, erakundeak eta operadoreak dagoeneko aurreratzen ari direnak

 

Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburua Euskadiko Garraio Agintaritzaren osoko bilkuraren buru izan da asteazken honetan, hura baita Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen eta garraio publikoko operadoreen koordinazio- eta kontsulta-organo nagusia. Topaketa horretan, gidaridun ibilgailuak (VTC) alokatzeko zerbitzuetan arau-hausteak zein erakundek zigortu behar dituen zehazteko protokoloa onartu da, modu sistematikoan eta koordinatuan jarduteko eta segurtasun juridikoa emateko, eta tarifak integratzeko dagoeneko erakundeek eta operadoreek lantzen ari diren sistemaren oinarri komunak formalizatu dira.

Zerbitzua emateko baimena eman duen lurraldea ez den beste lurralde historiko batean jarduten duten VTCen errealitatea ikusita, protokoloak mota horretako egoerak gertatzen direnean eskumen-araubidea argitzea du helburu. Ildo horretan, protokoloa administrazio-zehapenen arloko lurraldetasunaren printzipiotik abiatzen da, hau da, Aldundi bakoitzak bere lurraldean egindako arau-hausteen gaineko zehapena bere gain hartzea, baimena eman duen administrazioa edozein dela ere. Bai prozedura polizia-kidego desberdinetatik abiatzen bada, bai partikular baten salaketa batetik abiatzen bada, arau-haustea gertatu den lurraldeko Aldundiak zehapen-prozedura hasi eta izapidetuko du. Eta baimenak ematen dituen administrazioa arduratuko da Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioan dauden VTC zerbitzuen komunikazio-erregistroko datuen kontrola ofizioz egiteaz.

Protokoloa gutxieneko edukia duen dokumentu gisa ezarri da, eta Euskadiren berezitasuna jasotzen du. Izan ere, Euskadiren errepideko garraioaren eskumen gehienak foru-eremura eskualdatuta daude 1985etik, beste autonomia-erkidego batzuetan ez bezala, maila autonomikoan geratu direnak. Dokumentuak “zerbitzuak emateko baldintzen gainbegiratzea eta kontrola arautzeko beharrari” erantzuten dio, Ministerioaren komunikazioen erregistroaren elementu gehigarri gisa, bai eta foru-aldundien ikuskapenen plangintzei ere. Jarduera horien harira, protokoloak ezartzen du Aldundi bakoitzak ikuskapen espezifikoen egutegi bat sustatuko duela, emandako baimenak behar bezala erabiltzen direla zaintzeko.

Protokoloak azpimarratzen duenez, gidaridun ibilgailuak alokatzeko aldundiek ematen dituzten baimenek “bidaiarien hiriarteko garraioa egiteko soilik gaitzen dute”, indarrean dagoen araudiari jarraiki. Arau-hauste posibleen artean daude zerbitzuen aurrekontratazioa ez betetzea edo zerbitzua bide elektronikoz ez jakinaraztea, bai eta hiriko joan-etorriak soilik egitea ere.

Tarifen integrazioa

Euskadiko Garraio Agintaritzak formalki berretsi ditu hiru lurraldeetako eta garraio publikoko operadoreen gutxieneko eduki komunak, tarifen integrazioan aurrera egiteko. Izan ere, eragile guztiak ari dira dagoeneko herritar guztientzako deskontu progresiboak sortzeko premisa orokorraren pean lanean, bai erabileraren arabera, bai profil sozioekonomikoaren eta egoera pertsonalaren arabera, doako edo kostu txikiko ibilgailu-aldaketekin. Sistemaren oinarria Bat, Barik eta Mugi txartelen arteko elkarreragingarritasuna da, garraio-operadore nagusietan urteetan lan teknikoak egin ondoren lortua.

Edukiek neurri espezifikoak jasotzen dituzte haur eta gazteentzat —12 urtera arteko doakotasun estrukturala, jada autonomia erkidego osoan adostua eta ezarria eta 26 urtera arteko gazteentzako titulu espezifikoak—, 65 urtetik gorakoentzat —erabileraren araberako deskontuak— desgaitasuna duten pertsonentzat —laguntzaileen doakotasuna, dagoeneko ezarria, eta erabileraren araberako deskontuak— eta kolektibo jakin batzuentzat —lurralde bakoitzeko gizarte-ongizateko araudietan jasotakoak lehentasunezko arretarako, tartean familia ugariak—, azken kasu horietan tarifikazio gehigarria hobaritua dutenak.

Osoko bilkuran, tarifak bateratzeko egiten ari diren aurrerapenen berri eman da, Arabako Mugikortasun Agintaritza formalki eratzeko aurrerapausoekin —partzuergoaren egitura eta lurraldeko tarifak integratzeko eredu espezifikoa zehazteko lanean ari dira—. Aurrerapen hori beharrezkoa da lurralde horretan operadore desberdinen tarifa-egitura bat sortzeko, bai eta Bizkaian lortutako akordioak gauzatzeko ere, lurraldean tarifikazio bateratu bat ezartzeko, bost eremu ekonomikotik hirura igarota eta mugikortasun-sistema publikoari doako ibilgailu-aldaketak gehituta.

Hemendik aurrera, oinarrietan aurrera egiten jarraituko dute operadore eta erakundeek eta beharrezkoak diren lurralde historiko bakoitzeko sistema-koordinazio akordioak landuko dira, bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuz.