Finantzen Euskal Institutuaren Kontseiluak Euskadiko Produkzio Eraldaketarako Zor Funtsa kudeatzeko adjudikazioa onartu du

0

Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) Administrazio Kontseiluak Euskadiko Produkzio Eraldaketarako Zor Funtsaren eraketa eta kudeaketa Oquendo Capital SGEIC S.A.ri adjudikatzea onartu du. Finantza-tresna hori erabiliko da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarean inbertsioa bultzatzeko eta haren lehiakortasuna indartzeko.

Sozietate kudeatzailea hautatzeko lehiaketa-prozesuaren ondoren hartu da adjudikazio-erabakia. Lehiaketa-prozesu horretan zenbait hautagaik hartu dute parte, eta lehiaketaren oinarrietan ezarritako publizitate, lehia, berdintasun eta objektibotasun printzipioen arabera garatu da.

Produkzio Eraldaketarako Zor Funtsa Euskadi Eraldatuz 2030ean jasotako neurrietako bat da. Izatez, plan hori Eusko Jaurlaritzaren inbertsio eraldatzaileen plana da, Euskal Finantza Aliantzaren esparruan, eta Finantzen Euskal Institutuak kudeatzen du. Era berean, lankidetza publiko-pribatuak eraldatze-motor gisa dituen aukeren adibide argia da, eta, hain zuzen ere, hori da Aliantzaren oinarria. Izatez, funtsa eratzea Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuaren bidez, sustatutako ekimena da, betiere Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunde nagusiekin (aurrerantzean, “BGAEak”) lankidetza estrategikoarekin.

Produkzio Eraldaketarako Zor Funtsak gutxienez 100 milioi euroko tamaina objektiboa izango du, eta hazkunde-ahalmen gehigarria, baliabide pribatuak erakartzearen bitartez.

Partaidetza publikoa INDARTUZ Kapitala entitatearen bidez gauzatuko da. Entitate horrek inbertitzaile nagusi gisa jardungo du, gehienez ere kapitalaren % 25 eta % 49 arteko ekarpenarekin, eta bermatuko du funtsaren gehiengoak izaera pribatua izatea eta inbertsio instituzionalean duen trakzio-efektua betetzea.

Tresnaren helburua da hazkunde, berrikuntza eta eraldaketarako proiektuak dituzten tamaina ertaineko Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei finantzaketa malgua ematea (batez ere zor pribatuaren bidez) eta, horrela, banku tradizionalaren finantzaketa osatzeko finantzaketa osagarrian dagoen defizita estaltzen laguntzea.

Oquendo Capital enpresaren proposamenak jaso du baloraziorik onena hautaketa-prozesuan, eta zor-funtsen kudeaketan egindako ibilbide sendoagatik nabarmendu da.

Kudeatzaileak banku-finantzaketa tradizionala osatzera bideratutako inbertsio-tesia aurkeztu du, eta, horretarako, lurraldeko lehentasun estrategikoekin bat datozen enpresa-proiektu eraldatzaileetarako baliabideak eskuratzea indartuko du. Proposamenaren elementu bereizgarrien artean dago funtsaren % 100 Euskadirekin lotzen diren inbertsioetara bideratzeko konpromisoa, baita antzeko tresnen kudeaketan duen esperientzia eta errentagarritasun-historia ere.

Hurrengo urratsak eta abian jartzeko egutegia

Kontseiluak funtsa onartu ostean, funtsaren azken diseinuaren faseari ekingo zaio, Finantzen Euskal Institutuarekin eta inbertitzaile instituzionalekin elkarlanean.

Aurreikusitako egutegiak aintzat hartzen du tresna hori datozen hilabeteetan egituratzea, eta akordioa jakinarazten denetik gehienez ere 12 hilabeteko epean lehen itxiera lortzea, finantzaketa Euskadin errotuta dauden enpresetara eta enpleguan, berrikuntzan eta produkzio-eraldaketan eragina duten proiektuetara bidera dadin.

Tresna berri hori onartzearekin Finantzen Euskal Institutuak lankidetza publiko-pribatuko ereduen alde egiten duen apustua finkatzen da eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarearen finantzaketa-ahalmena handitzea ahalbidetzen da, baliabide pribatuak mobilizatuta eta inbertitzaile instituzionalen eta sektore publikoaren arteko interesak bat etorrita.

 Euskadi Eraldatuz 2030

Produkzio Eraldaketarako Zor Funtsa beste mugarri bat da Euskadi Eraldatuz 2030 planaren garapenean. Inbertsio estrategikoko plan horrek 1.000 milioi euroko kapital publikoa du, Eusko Jaurlaritzak Euskal Finantza Aliantzan hartutako konpromisoaren ondorioz eta Eusko Jaurlaritzaren eta tokiko finantza-eragileen —barnean direla Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunde guztiak— arteko lankidetza-akordioaren ondorioz. Gobernuaren konpromisoaren helburua da inbertsio publiko-pribatuaren bidez 3.000 milioi euro gehiago mobilizatzea, ekonomia eraldatzeko, enpresen errotzea indartzeko, talentua erakartzeko eta industriaren eta enpresa txiki eta ertainen hazkundea sustatzeko.

Abian jarri zenetik haren ezarpena aurrera egiten ari da, eta dagoeneko Planaren zenbait mugarri aktibatu dira. Finkatuz sozietatea —trakzio-enpresak errotzeko tresna— indartu eta egokitu da, eta duela gutxi erreferentziazko inbertsioak egin ditu, hala nola Ayesa edo Talgo enpresetan.

Era berean, inbertsio eraldatzaile handietara bideratzen den Indartuz sozietatea sortu da. Sozietate horren bidez, inbertsioa egingo da Produkzio Eraldaketarako Zor Funtsean, eta eskalagarritasunean inbertitzeko programaren lehen deialdia egingo da —amaitzear dago—.

Bestalde, Hazten funtsa jarri da abian, Finantzen Euskal Institutuak osotasunean sortua eta Euskadiko Arrisku Kapitalak kudeatua, industria berria eta hazten ari diren sektoreak sustatzeko helburuarekin. Horrekin batera, Finantzen Euskal Institutuak industriarako zuzeneko finantzaketako Indartuz linea jarri du abian, enpresak eraldatzeko proiektuetarako mailegu eta abalen bidez.

Planaren ezarpenak aurrera egiten jarraitzen du eta datozen hilabeteetan aurreikusitako ekimen berriak hedatzen hasiko dira. Horien artean, Elkargiren bitartez abalatutako finantzaketa-lerroak, Indartuzen inbertsio-programa berriak, eta Euskadiko Arrisku Kapitalak kudeatutako titulartasun publikoko arrisku-kapitaleko bigarren funts bat.