- Proiektuak trenbide-lubakia kentzea eta egungoa ordezkatu eta terminala hiri-multzo osoan hobeto integratuko duen geltokiko atari berria eraikitzea aurreikusten du
Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Euskal Trenbide Sareak (ETS) Altza eta Galtzaraborda arteko trenbide-azpiegitura berrian egindako aurrerapenak bisitatu ditu ostiral honetan. Errenteriako puntu horretan trenbidea hobeto integratzearen ondorioz etorkizun hurbilean aldaketak biziko dituen auzoa da Galtzaraborda. Miguel Ángel Páez Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordea eta Antonio López ETSko zuzendari nagusia ere izan diren saihesbidearen Errenteriako aldera egindako bisitan, sailburuak Galtzarabordan emango diren hurrengo urratsak azaldu ditu, eta Jaurlaritzak trenbideak estaltzeko egindako proposamena azaldu du. Jarduketa horrek, tren-geltokiko atari berria hartuko du barne, egungo trenbide-lubakia ezabatuko du eta 12.000 metro karratu inguruko azaleran esku hartzea aurreikusten du.
Estalkiari esker, herritarren erabilerarako plaza bat, berdegune bat eta haurrentzako jolas gune bat sortu ahal izango dira. Atari berriak 240 metro karratu inguruko azalera izango du, lekuz aldatuko da eta gaur egun nasak amaitzen diren tokian egongo da. Horrela, 2012ko informazio-azterlanaren ideiari heltzen zaio berriro, eta terminala gehiago hurbiltzen da hirigunera. Gainera, egungo geltokiak utziko duen espazioak kiroldegiaren inguruan plaza bat sortzeko aukera ematen du. Geltokiaren egitura lauangeluarra, izango da, Herrerakoaren antzekoa.
Geltoki berrirako sarbidea errazteko, eraikuntza proiektuak pasabideak izango dituzten hiru hiri-igogailuren instalazioa jasotzen du: bat Parke kaletik; beste bat Irumugarrietatik hurbilduko litzateke terminalera Alaberga inguruko bizilagunentzat; eta hirugarrena, tunela amaitzen den tokian, Urdaburu plazara begira egongo litzateke.
“Gure proposamenak trenbideak estaltzeko eta trenbidearen lubakia kentzeko Galtzarabordako bizilagunekin dugun konpromisoa jasotzen du. Urbanizazioaren azken definizioa Errenteriako Udalarekin trenbidearen hiri-integrazioari buruzko finantzaketa-hitzarmenaren bidez adostu beharko da, beste udalerri batzuetan egiten dugun bezala”. Dokumentuan erakunde bakoitzaren betebeharrak eta partaidetza-ehunekoak jasoko dira”, adierazi du sailburuak.
“Jarduketa honek –gaineratu du– une honetan egiten ari garen Altza-Galtzaraborda tartearen bikoizketa osatzen du. Tarte hori 15 egun barru jarriko da martxan, eta iraultza ekarriko du Gipuzkoako garraio publikoan, Donostiatik igarotzean Topoaren trenbide-pasagunea irekitzen denean”.
Hain zuzen ere, Galtzarabordara egindako bisitan, Mugikortasun Jasangarriaren arduradunek ikusi ahal izan dute zer lan ari diren egiten balasto gaineko trenbidearen azken tartea gauzatzeko, Altza eta Galtzaraborda artean sortutako sare berria Galtzarabordan dauden trenbideekin lotzeko. Konexio hori uztailaren 17tik (ostirala) 18ra (larunbata) egingo da, zerbitzuak normaltasunez jarraituko duen bitartean. Goizalde horretan katenaria konektatu eta Pasaiako geltoki berriko instalazio guztiak aktibatuko dira, eta, aldi berean, geltoki zaharra deskonektatu egingo da. Pasai Antxoko lurpeko geltoki berrian, nasetako erremateak, garbiketa orokorra eta sarbideko edikuluan koralina jartzea baino ez dira falta.
Azken urteotan, Susana García Chuecak zuzentzen duen sailak Donostia-Hendaia trenbidea pixkanaka bikoizteko proiektua bultzatu du. Plan hori ondoz ondoko tarteetan gauzatu da, linearen ahalmen operatiboa handitzeko eta, ondorioz, Donostialdeko metropoli-eremuko trenbide-eskaintza hobetzeko.






