Eusko Jaurlaritzak 858.333 euroko laguntza emango dio Arte Ederren Bilboko Museoa fundazioari, 2026 urteko inbertsioen aurrekontua finantzatzeko

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Arte Ederren Bilboko Museoa fundazioari 858.333 euroko dirulaguntza zuzena ematea, 2026 urteko inbertsioen aurrekontua finantzatzeko.

Arte Ederren Bilboko Fundazioaren Patronatuak 2025eko abenduan aurkeztutako Jarduketa Planaren arabera, 2026ean egin beharreko inbertsioen kostua, guztira, 2.575.000 eurokoa da: ekipamendurako, 1.275.000,00 euro; funts artistikorako, 900.000,00 euro; eta Arteder, euskal artearen datu baserako, 400.000,00 euro.

Aurrekontu hori, Patronatuko kide diren hiru erakunde publikoen artean estali behar da: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala. Hala, erakunde bakoitzak 858.333 euroko dirulaguntza emango dio 2026ean Arte Ederren Bilboko fundazioari.

Eusko Jaurlaritzak, Patronatuko erakunde bezala, konpromisoa du beharrezko egitura -bai giza-baliabideena, bai baliabide tekniko eta finantzarioena- eta etorkizunean fundazioaren funtzionamenduari eta inbertsioei dagozkien gastuak finantzatzeko.

Bilboko museoak arte-adierazpenak ditu, arte erromanikotik hasi eta lehen abangoardietaraino, bai eta bere adar garaikideetaraino ere. Mendebaldeko artearen artista, estilo eta eskola nagusiak aurki daitezke ibilbide horretan, obra adierazgarriekin. Izan ere, bilduman artearen historian hain esanguratsuak izan diren maisuak biltzen dira, hala nola Cranach el Viejo, El Greco, Zurbarán, Murillo, Orazio Gentileschi, Goya, Sorolla, Gauguin, Bacon, Tàpies edo Barceló, besteak beste. Gure inguruko artisten presentzia ere ugaria da.

Ondare artistiko horren aberastasuna museoa sortu zen testuinguruaren, horretan lagundu zutenen nortasunaren eta bildumaren hasierako nukleoaren ondorengo bilakaeraren argitan azaltzen da. Hain zuzen ere, Arte Ederren Bilboko Museoa 1908an sortu zen hiriko burgesia emergentearen eta artista-talde baten nahiei erantzuteko, eta 1914an ireki zituen ateak. Horiek guztiek museoaren helburu pedagogikoan sinesten zuten.

Museoa kudeatzen duen fundazioaren helburua dela arte-bildumak biltzea, kontserbatzea, aztertzea eta erakustea, funtsak aberasten saiatzea, zerbitzuak mantentzea eta kalitatezko jarduerak sustatzea, gizartearen hezkuntza eta Euskadiko kultura-balioen proiekzioa bultzatzeko.