Eusko Jaurlaritzak laguntza berrien deialdia egin du salgaien eta bidaiarien garraio publikoan teknologia berriak eta segurtasunekoak ezartzeko

0
  • Programak 110.000 euroko aurrekontua du eta bigarren belaunaldiko takografo adimendunen instalazioa berriro sartzen da diruz lagun daitekeen elementu gisa

Gobernu Kontseiluak Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecaren agindua baimendu du. Agindu horren bidez, Euskadiko salgaien eta pertsonen errepideko garraio publikoan teknologia berriak eta segurtasun-sistemak eskuratu eta ezartzeko laguntza-programa bat deitu eta arautzen da 2026ko ekitaldian.

Programaren helburua da flotak kudeatzeko, lokalizatzeko eta kontrolatzeko sistemak ezartzea, bai eta salgaien eta bidaiarien garraio publikorako ibilgailuetan segurtasun-elementuak ezartzea ere, besteak beste, kamioientzako artazi-efektuaren aurkako sistemak, suteak detektatzeko eta autoitzaltzeko sistemak, eta radarren eta sentsoreen bidez talkak prebenitzeko aukera ematen duten teknologiak. Era berean, gidaritza eraginkorra optimizatzeko eta erregai-kontsumoa murrizteko sistemak diruz lagunduko dira, besteak beste, gurutzaldi-abiaduraren kontrolatzaileak.

Bestalde, 2025eko aurreko deialdian bezala, Mugikortasun Jasangarriaren Sailak diruz lagun daitekeen elementu gisa sartu du bigarren belaunaldiko takografo adimendunen instalazioa, bide-segurtasuna handitzeko, gidarien lan-baldintzak hobetzeko eta lehia leiala babesteko. Gainera, Europako araudiaren arabera, beren matrikulazioarekin bat ez datorren estatu kideetan jarduten duten ibilgailu guztiek sistema hori instalatu behar dute edo eguneratu egin behar dute lehen belaunaldiko takografo adimenduna duten ibilgailuen kasuan. Zehazki, 2026ko uztailaren 1etik aurrera, betebehar hori 2,5 tonatik gorako gehieneko masa baimendua, edozein atoi edo erdi-atoi barne, baina 3,5 tonatik gorakoa ez duten ibilgailuetara zabaldu da, hau da, ibilgailu arinetara.

Laguntza hauek 2005ean hasitako programa batekoak dira, eta datozen bi hilabeteetan eskatu ahal izango dira. Laguntza horiek 10.000 eurora mugatzen dira diruz lagundu daitekeen jarduera mota bakoitzeko, eta 110.000 euroko aurrekontua dute.