Eusko Jaurlaritzak aregotu egin ditu 2026. urterako gazteen mugikortasunerako edo trukerako jarduerak garatzeko laguntzak (Gobernu Kontseilua 2026-07-07)

0
  • 2026an, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak 175.000 euro emango ditu, iaz baino 30.000 gehiago, horrelako jardueretarako.
  • Diruz lagundutako jardueren hartzaileak 12 eta 30 urte bitarteko gazteak izango dira, eta truke bakoitzaren iraupena 6 eta 21 egun bitartekoa izango da.

Gobernu Kontseiluak gaur, gazteen mugikortasunerako edo trukerako jarduerak 2026an garatzeko dirulaguntzen oinarriak eta deialdia onartu ditu.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailarentzat, gazteen mugikortasunerako edo trukerako jarduerak garatzen laguntzea beste tresna bat da, gazteak gizarteratzen lagunduko duena, eta aukera ematen die EAEko erakundeei gazteen mugikortasunerako edo trukerako jarduerak gauzatzeko, erakunde horiek askatasunez egindako diseinuaren arabera.

2026an, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak 175.000 euroko partida bat bideratuko du horrelako jardueretara, iaz baino 30.000 euro gehiago. Onartutako aurrekontuan diruz lagundu daitekeen gastuaren % 80ra iritsi ahal izango dira dirulaguntzak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko publiko edo pribatuak izan daitezke dirulaguntzen onuradun.

Gazteen mugikortasunerako edo trukerako jarduerek dirulaguntza jaso ahal izango dute, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

  • 12 eta 30 urte bitarteko gazteak xede dituzten jarduerak.
  • Interes komuneko gaiak eta parte-hartzaileen taldearentzat garrantzitsuak direnak.
  • Ikaskuntza ez-formaleko metodoak aplikatzea.
  • Proiektuan parte hartzen dutenen inplikazio aktiboa.
  • Parte-hartzaileen gizarte- eta kultura-garapena sustatzea.
  • Kulturarteko dimentsioa.
  • Europa eta nazioartea.
  • Gutxi gorabehera 6 egunetik 21 egunera bitarteko iraupena izango du.
  • Talde bakoitzean gutxienez 6 parte-hartzaile egongo dira, eta gehienez 15.

Agindu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira jarduera hauek:

a) Ikasketa akademikoetako bidaiak.

b) Onura ekonomiko bat lortzeko egiten diren truke-jarduerak.

c) Turismo gisa sailka daitezkeen truke-jarduerak.

d) Jaialdietan parte hartzea edo horietara joatea.

e) Oporretako bidaiak.

f) Hizkuntza-ikastaroak.

g) Ikuskizun-birak.

Dirulaguntza, Europar Batasuneko beste eskualde edo estatu bateko gazteak hartzeko soilik eskatzen bada, Europar Batasuneko beste eskualde edo estatu bateko gazteak Euskadin hartzeko gastuak hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, hau da, bi taldeek Euskadin dituzten jarduerak prestatzeko eta egiteko, mantenurako eta ostaturako gastuak.

Eskabide berean Euskadiko gazte-talde bat bidaltzeko eta Europar Batasuneko beste eskualde edo estatu bateko gazteak hartzeko dirulaguntza eskatzen bada, diruz laguntzeko modukotzat joko dira gazte-taldea bidaltzeko bidaia-gastuak eta Europar Batasuneko beste eskualde edo estatu bateko gazte-taldea Euskadin hartzeari dagozkion jarduerak prestatzeko eta egiteko gastuak, ostatu- eta mantenu-gastuak.