Gobernu Kontseiluak 72 milioi euro erabiltzea onartu du hezkuntzan aukera-berdintasuna indartzeko

0

Gaurko Gobernu Kontseiluan onartu da 2026-2027 ikasturterako unibertsitateaz kanpoko ikasketak egiteko beken, laguntzen eta sorospenen deialdia, 72 milioi euroko zuzkidurarekin.

Deialdi honek Eusko Jaurlaritzak aukera-berdintasunean oinarritutako hezkuntzarekin duen konpromisoari erantzuten dio. Helburua da ikasle bakar baten hezkuntza-ibilbidea ere ez baldintzatzea arrazoi ekonomikoengatik. Horretarako, eskolaratzean zehar sor daitezkeen beharrei erantzuteko egokitutako beka, laguntza eta sorospen sistema bat antolatzen du. Hezkuntza Sailaren aurreikuspena 120.000 eskaera inguru artatzea da.

Deialdia Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan 2026-2027 ikasturtean matrikulatutako eta unibertsitateaz kanpoko ikasketak egiten dituzten ikasleei zuzenduta dago. “Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza hartzen ditu barne, baita Batxilergoa, Lanbide Heziketa, hizkuntza-irakaskuntzak, musika, dantza, arte plastikoak eta diseinua nahiz kirol-irakaskuntzak ere” azaldu du Maria Ubarretxena bozeramaileak.

Euskaraz irakurtzeko zailtasunak goiz detektatzeko tresna

Gobernu Kontseiluak onartutako beste puntu NEUREHIZKI irakurketa-zailtasunak goiz detektatzeko sisteman pixkanaka txertatzeko aukera emango duen lankidetza-hitzarmena. Akordio horrek jarraipena ematen dio Hezkuntza Sailak eta Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) erakundeak azken urteotan tresna hau garatzeko egindako lanari.

NEUREHIZKI euskarazko irakurketa-prozesuak ebaluatzeko tresna digital estandarizatua da. Ikasleekin irakurketako proba espezifikoak egiteko aukera emango du, eta Hezkuntza Sailak Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan garatzen duen prozeduraren barruan egiten diren ebaluazio psikopedagogikoetan erabiliko da.

Euskal hezkuntza-sistemak baditu ikaskuntza-zailtasunak lehen etapetatik identifikatzeko prozedurak. Alerta-seinale jakin batzuek bere horretan jarraitzen dutenean eta ebaluazio psikopedagogikoa egitea beharrezkoa denean, NEUREHIZKIk irakurketarekin lotutako zailtasunak identifikatzeko eta ikasle bakoitzak behar izan dezakeen hezkuntza-erantzuna eta laguntzak zehazteko informazioa emango du.

Gernu-iheserako xurgatzaileak hornitzea eta banatzea

Gobernu Kontseiluak kontratu hau baimendu du: EAEko zentro soziosanitarioetan eta egoitzetan artatutako eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren kargura farmazia-prestazioa jasotzeko eskubidea duten pertsonei gernu-iheserako xurgatzaileak ematea eta banatzea, 8,9 milioi euroko guztizko zenbatekoarekin.

Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu duenez “kontratuan aurreikusitako banaketa-sareak EAEko 337 zentro soziosanitario eta egoitza hartzen ditu: 76 zentro Araban, 183 Bizkaian eta 78 Gipuzkoan. Lurralde-ezarpen horrek aukera ematen du Euskal Autonomia Erkidegoko egoitza-baliabideetan artatutako erabiltzaile guztiei estaldura emateko, eta hiru lurralde historikoetan arreta homogeneoa eta hurbila bermatzen du”.

1,7 milioi euro «Euskalgintza» deialdirako, gizartean euskara sustatzeko, garatzeko eta/edo normalizatzeko

Gobernu Kontseiluak onartu du gizarte bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edo normalizatzeko lanean diharduten pertsona fisikoek edo juridiko pribatuek 2026an burutuko dituzten egitasmoak laguntzeko deialdia, “Euskalgintza” deialdia bezala ezagutzen dena. Eusko Jaurlaritzak 1.704.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara.

Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok nahi adina eskabide-orri aurkezteko aukera izango du, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta 2026ko irailaren 18ra arte.

250.000 euro Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko

Era berean, Gobernu Kontseiluak onartu du Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko eta/edo garatzeko dirulaguntzen deialdia. Guztira, Eusko Jaurlaritzak 250.000 euro bideratuko ditu liburutegi publikoen titular diren udalen, toki-erakunde eskudunen eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal-liburutegi publikoen arloan eginkizunak esleituta dituzten udal-erakundeen artean banatzeko.

Deialdi honek liburutegien azpiegitura indartzea du helburu, haien eskaintza digitala aberastuz. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gaur onartutako agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

135.000 euro itsas kultura-ondareari balioa emateko proiektuetarako

Gobernu Kontseiluak Euskadiko itsas kultura-ondarea osatzen duten ondasunak (itsasontziak eta ekitaldiak) babesteko eta ezagutzera emateko helburua duten proiektuak diruz laguntzeko deialdia onartu du, haien balio historiko, etnografiko, arkeologiko edo sozialean oinarrituta.

Guztira 135.000 euro banatuko dira diruz lagundu daitezkeen lau jardun-ildo hauetan sartzen diren proiektuen artean: zurezko ontzietan egindako lanak, musealizatzeko (50.000 euro), jendeari zerbitzua emateko egurrezko ontziak armatzea eta prest jartzea (55.000 euro), pertsona fisikoen edo irabazi-asmorik gabeko elkarteen jabetzako zurezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak, lizentziak izapidetzeko gastuak, (15.000 euro) eta Zurezko itsas kultura-ondarea balioan jartzeko elkarte edo erakunde pribatuek egindako ekitaldiak (15.000 euro).

Diruz lagundu daitezkeen proiektuak 2026an hasitakoak edo hasiko direnak izan beharko dira, eta gehienez ere 2026ko abenduaren 31ra baino lehenago amaitu beharko dira. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Kooperatu programa, nekazaritzako elikagaien kooperatibismoa sustatzeko

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Kooperatu 2026 programaren deialdiari. Programa honek milioi bat euro izango ditu, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako elikagaien kooperatibismoa sustatzeko, sektoreko entitateen arteko integrazio-, fusio- eta elkartze-prozesuei lagunduz. Ekimena nekazaritzako elikagaien kooperatibei, bigarren mailako kooperatibei, eraldaketarako nekazaritza-sozietateei eta nagusiki erakunde horien partaidetza duten merkataritza-sozietateei zuzenduta dago, baldin eta beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen badute.

Deialdiaren helburua da EAEko nekazaritzako elikagaien sektorearen enpresa-dimentsioa indartzea, lehiakortasuna hobetzea, efizientzia irabaztea, baliabideak optimizatzea eta erronka ekonomiko, teknologiko eta komertzialei berme handiagoz aurre egitea ahalbidetuko duten lankidetza-ereduak sustatuz. Horretarako, programak entitateen integrazio-prozesuak, bat-egiteak eta enpresa-lankidetzarako formulak babestuko ditu, hala nola taldeak, kooperatiben arteko akordioak, kooperatiba-taldeak edo kooperatiba mistoak.

Eskabideak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da, eta 2026ko urriaren 15era arte egongo da irekita.

Animalien ongizatearen ziurtagiriak bultzatzea

Gobernu Kontseiluak animalien ongizatearen ziurtagiriak lortzeko 2026ko ekitaldiko laguntzen deialdia baimendu du. Neurri horren bidez, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Euskadiko abeltzaintza-ustiategietan animalien ongizatearen arloko jardunbide egokiak egiaztatzeko sistemak ezartzen lagundu nahi du.

Ekimenak aukera emango du ziurtagiri horiek lortzeko prozesuari lotutako gastuak diruz laguntzeko, autokontrol-sistemak ezartzea, arduradunak prestatzea, beharrezkoak diren prozedurak lantzea eta barne-auditoretzak egitea barne, betiere jarduketak Euskal Autonomia Erkidegoko ustiategietan egiten badira eta animalien beren ongizatearen ebaluazioan oinarritutako ziurtagiri bat lortzera bideratuta badaude.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita.

Lanbideren eta HABEren arteko akordioa langabeak eta landunak euskaraz trebatzeko

Gobernu Kontseiluak baimena eman du Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta HABE – Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen artean 400.000 euroko kudeaketa gomendio bat sinatzeko, langabezian eta lanean dauden langileei zuzendutako euskarazko hizkuntza gaikuntzako ikastaroak egiteko.

Akordioak 200.000 euro jasotzen ditu 2026rako eta beste 200.000 euro 2027rako. Euskararen ezagutza mailak –Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, A1, A2, B1, B2 eta C1 mailetan– egiaztatzeko prestakuntza jaso ahal izango dute gaur egun Lanbiden izena emanda dauden edo 2022tik Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak programatutako edo baimendutako Prestakuntza ekintzetan parte hartu duten langile langabeek edo landunek.

Emakumeen ekintzailetza bultzatzeko eta enpresa eta erakundeetako zuzendaritza-organoetan sartzeko dirulaguntza

Gobernu Kontseiluak 175.000 euroko dirulaguntza ematea onartu du emakumeen ekintzailetzaren eta enpresetako eta erakundeetako zuzendaritza organoetan emakumeen talentua txertatzearen alde lan egiten duten irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeei zuzenduta.

Laguntza horien seigarren deialdiak bi ildo ditu. Lehenengoa, 150.000 eurokoa, erakunde onuradun guztientzat da, eta irizpide hauek baloratzen ditu: lurralde errotzea, sareko lana, aginduaren xedearekin lotuta 2025ean egindako eta 2026rako aurreikusitako jardueren kopurua, eta kanpoko finantza kontrolaren mende egotea. Bigarren lerroa, 25.000 eurokoa, tamaina txikiagoko eta/edo finantza nahikotasun txikiagoko emakume elkarteentzat baino ez da, haien hazkunderako pizgarri gisa.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Euskadiko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoaren bidez.

Elementu ozeano-meteorologikoen zaintza, jarraipen, kontrol eta kudeaketa zerbitzurako hitzarmena berritzea

Gobernu Kontseiluak baimena eman du Segurtasun Sailaren (Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren bidez) eta AZTI Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena berritzeko, itsas meteorologiako elementuak zaindu, jarraitu, kontrolatu eta kudeatzeko zerbitzurako. Bi urteko indarraldia izango du, eta beste bi urtez luzatu ahal izango da. Segurtasun Sailak 195.000 eurorekin finantzatuko du aurten AZTI Fundazioarekiko akordioa, eta beste 195.000 eurorekin datorren urtean.

Suteak itzaltzeko helikopteroa

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek lankidetza-hitzarmena sinatu zuten 2024ko abuztuaren 30ean, suteak itzaltzeko helikopteroaren erabilera batera finantzatzeko. Hitzarmenak bi urteko indarraldia zuen, eta 12 hilabetez luzatzeko aukera zegoen. Kontratua amaitzear, euskal erakundeek 2027ko abuztuaren 31ra arte luzatzea erabaki dute.

Gobernu Kontseiluak lankidetza-hitzarmena luzatzea onartu du gaur, eta foru-aldundiek ere onartu beharko dute beren kontseiluetan.

Helikopteroa turbina bakarreko modelokoa da eta 900 litro ur garraiatzeko eta orduko 200 kilometrora baino gehiagora hegan egiteko gaitasuna du eta suteak itzaltzeko zerbitzuei laguntzeko misioak betetzen ditu, hala nola, beti ere inguruabar zehatzen arabera, brigadak sute-guneetara eramatea, ura isurtzea (aparduna izan edo ez), eta zaintza, jarraipen eta koordinazioko hegaldiak egitea.

Lankidetza-hitzarmena Bilbao Ekintzarekin

Azkenik, Gobernu Kontseiluari jakinarazi zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Bilbao Ekintzak lankidetza-hitzarmena sinatu dutela 2025eko abenduaren 11n egindako Ekintzailetzari buruzko I. Biltzarrean bildutako datu pertsonalak lagatzeko. Datu horien helburua izango da estatistika eta analisi agregatuak egitea, Euskadiko ekintzailetza-profila aztertzea, ekintzailetzaren arloko politika publikoak ebaluatzea eta hobetzea, eta ekintzailetza sustatzeko etorkizuneko kongresuak eta jarduerak diseinatzea eta planifikatzea.

Gai zerrenda

Prentsa-Txostena