Eusko Jaurlaritzak 72 milioi euro bideratuko ditu hezkuntzan aukera-berdintasuna indartzeko

0
School children in classroom at lesson
  • 2026-2027 ikasturterako unibertsitateaz kanpoko beken, laguntzen eta sorospenen deialdiak 120.000 eskaera inguru artatzea aurreikusten du, eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzako etapa guztiak hartzen ditu barne, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora, Lanbide Heziketara eta gainerako irakaskuntzetaraino
  • Laguntza-sistema ikasleen eta familien behar askotara egokitzen da, eta eskola-jantokirako, material didaktikorako, egoitzarako, garraiorako nahiz hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzak jasotzen ditu

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du, Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak proposatuta, 2026-2027 ikasturterako unibertsitateaz kanpoko ikasketak egiteko beken, laguntzen eta sorospenen deialdia, 72 milioi euroko zuzkidurarekin.

Deialdi honek Eusko Jaurlaritzak aukera-berdintasunean oinarritutako hezkuntzarekin duen konpromisoari erantzuten dio. Helburua da ikasle bakar baten hezkuntza-ibilbidea ere ez baldintzatzea arrazoi ekonomikoengatik. Horretarako, eskolaratzean zehar sor daitezkeen beharrei erantzuteko egokitutako beka, laguntza eta sorospen sistema bat antolatzen du. Hezkuntza Sailaren aurreikuspena 120.000 eskaera inguru artatzea da.

Deialdia Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan 2026-2027 ikasturtean matrikulatutako eta unibertsitateaz kanpoko ikasketak egiten dituzten ikasleei zuzenduta dago. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza hartzen ditu barne, baita Batxilergoa, Lanbide Heziketa, hizkuntza-irakaskuntzak, musika, dantza, arte plastikoak eta diseinua nahiz kirol-irakaskuntzak ere.

Ikasleen behar askotara egokitutako erantzuna

Aukera-berdintasuna bermatzeko, egoera oso desberdinei erantzun behar zaie. Horregatik, deialdiak laguntza-modalitate desberdinak jasotzen ditu, gastu jakin batzuek edo egoera pertsonalek ikasleen eskolaratzea baldintzatu ez dezaten.

Besteak beste, irakaskuntza-maila guztietarako ikasketa-bekak eta -laguntzak jasotzen dira, eskola-materialerako, jantokirako, ikasturtean zeharreko egoitzarako eta garraiorako, bai eta familia-errentari, errendimendu akademikoari, bikaintasunari eta bestelako zenbateko osagarriei lotutako osagaiak ere.

Laguntza handiagoa arreta espezifikoa behar duen ikasleentzat

Deialdiak, halaber, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei zuzendutako laguntza eta sorospen espezifikoak jasotzen ditu. Horien artean daude irakaskuntzarako, eskola-garraiorako, berrheziketa pedagogikorako, hizkuntzaren berrheziketarako edo gaitasun handiko ikasleei zuzendutako programa espezifikoetarako laguntzak.

Ikasle horientzako sorospen jakin batzuk emateko ez dira kontuan hartzen familia-unitatearen errenta eta ondarea, hezkuntza-premiei emandako erantzuna lehenetsiz. Era berean, deialdiak genero-indarkeriaren eta sexu-indarkeriaren biktimentzako berariazko araubidea jasotzen du, ikasketekin jarraitzeko aukera errazteko zenbait baldintza malgutuz.

Izapidetze errazagoa familientzat

Hezkuntza Sailak eskaeren izapidetze telematikoari eusten dio, eta aurreko ikasturtean beka edo laguntzaren onuradun izan ziren ikasleei eskaera-inprimakia aurrez beteta emango die, izapidetzea errazteko eta familiek egin beharreko kudeaketak murrizteko.

Eskaerak Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 2026ko irailaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira, bai Hezkuntza Sailaren egoitza elektronikoaren bidez, bai ikastetxeetan bertan.