Ertzaintzak eta Udaltzaingoak baterako dispositibo zabala koordinatuko dute berriro, 2026ko Andre Maria Zuriaren jaietan segurtasuna bermatzeko. Operatiboa diseinatzeko, kontuan hartu da jaietako ekitaldi nagusietan jende asko biltzea aurreikusten dela, eta arreta berezia jarri da prebentzioan, herritarren babesean eta edozein gorabeheraren aurrean eman beharreko erantzun koordinatuan.
Alderdi horiek eta beste batzuk landu dira Andre Maria Zuriaren jaien aurreko ohiko Polizia Koordinatzeko Batzordean, eta bertan parte hartu dute Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko alkateak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak. Udalaren aldetik, Segurtasuneko zinegotzi César Fernández de Landa, Segurtasun Saileko zuzendari José Antonio Haro eta Udaltzaingoko komisario José Carlos García Marcos ere izan dira. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren ordezkari gisa ere parte hartu dute Ertzaintzako eta jaietako operatiboan esku hartuko duten zerbitzuetako arduradunek.
Dispositibo bateratua jaien hasiera ofiziala baino lehen hasiko da eta amaitu arte egongo da abian, bizilagunen eta bisitarien segurtasuna bermatzeko giza baliabideen eta bitarteko materialen hedapen koordinatuarekin.
Arreta berezia ekitaldi ofizialetan eta delituen prebentzioan
Operatiboak arreta berezia eskainiko die tradizioz jende gehien biltzen duten ekitaldi ofizialei, hala nola Blusaren eta Neskaren Egunari (uztailak 25); Zeledonen Jaitsierari, Bezperetara joateari eta Farolen Prozesioari (abuztuak 4); Egunsentiko Arrosarioari eta Gotzain Mezari (abuztuak 5); Zeledon Txikiri eta Neska Txikiri (abuztuak 7); eta Zeledonen Igoerari (abuztuak 9).
Jaiek irauten duten bitartean, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren lehentasuna izango da sexu-askatasunaren aurkako delituak, indarkeriaz egindako lapurretak eta ebasketak prebenitzea, eta, horretarako, prebentziozko patruilatze eremuen banaketa espezifikoa diseinatu da bi polizia-taldeen artean.
Zaintza ez da pertsona gehien biltzen diren espazioetara mugatuko, baizik eta etxera itzultzeko ohiko ibilbideetara (batez ere goizaldean), eta segurtasunik ezaren pertzepzio handiena dagoen lekuetara ere zabalduko da.
Era berean, patruilek berehala esku hartuko dute, baldin eta antzematen badute gizonezko bat emakume bat gogaitzen edo jazartzen ari dela, eta, horrela, sexu-askatasunaren aurkako erasoen eta jokabideen aurkako babesa indartuko dute.
Txupinazoan 35.000 lagun bilduko dira, 11 sarbide kontrol eta zaintza droneen bidezko laguntza izango dira
Abuztuaren 4ko ohiko txupinazoa izango da, berriz ere, poliziaren hedapen handiena eskatuko duen ekitaldietako bat. Andre Maria Zuriaren plazan 35.000 pertsona inguru biltzea aurreikusten da.
Ekitaldiaren segurtasuna bermatzeko, 11 sarbide-kontrol bateratu ezarriko dira, udaltzainek eta Ertzaintzak zainduta. Kontrol horietatik, dagokion udal-bandoak debekatutako elementuak sartzea eragotziko da. Ekitaldiak, besteak beste, zaintza-droneen laguntza izango du. Drone horiek dispositiboa airetik denbora errealean ikustea erraztuko dute, eta edozein gorabeheraren aurrean erantzuteko gaitasuna hobetzea ahalbidetuko dute.
Aurreko egunetan, New Jersey motako hormigoizko hesiak jarriko dira Andre Maria Zuriaren plazako sarbide estrategikoetan, baita ekitaldi jendetsuak egingo diren beste gune batzuetan ere, bertaratutakoen segurtasuna indartzeko.
Bi alderdi zehatzek aipamen berezia izan dute. Alde batetik, Zeledonen igoeran, gero eta bengala gehiago erabiltzen dira eta ez dago horrek berekin dakarren arriskuari behar adinako pertzepzio publikorik. Hori dela eta, aurreko egunetan pedagogia egingo da. Bestalde, jende gehien biltzen den ekitaldietan tenperatura altua izan daitekeenez, osasun-arretako taldeak dimentsionatuko dira eta neurri osagarriak abian jartzeko aukera aztertuko da.
Herritarrei arreta emateko bulegoak
Jaietan, salaketak eta beste kudeaketa batzuk aurkezteko arreta bi puntutan zentralizatuko da:
- Ertzaintzaren Herritarren Arretarako Bulegoan, Olagibel kalean (Panticosa eraikina). Abuztuaren 4ko 07:00etatik abuztuaren 10eko 22:00etara egongo da zabalik, etenik gabe.
- Udaltzaingoaren polizia-etxean, Jose Erbina kalean. Abuztuaren 4ko 14:00etatik abuztuaren 10eko 14:00etara bitarte eskainiko du zerbitzua, etenik gabe.
2025eko jaien balantzea
2025eko Andre Maria Zuriaren jaiak 391 salaketarekin itxi ziren; hau da, aurreko urtean baino 153 gutxiagorekin.
Horietatik 328 ondarearen aurkako delituak izan ziren, batez ere indarkeriaz edo indarrez egindako ebasketak eta lapurretak; 53 pertsonen aurkako delituak izan ziren, horien artean lesioak, mehatxuak eta sexu-askatasunaren aurkako delituak; eta 10 bide-segurtasunaren aurkako delituak.
Datu horiek kontuan hartu dira Andre Maria Zuriaren 2026ko segurtasun-dispositiboa diseinatzeko garaian. Dispositibo horrek arreta berezia jarriko du delitu horien prebentzioan eta Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko etengabeko koordinazioan, jai seguruak bermatzeko.






