Euskadiko Arkitektura Institutuak “Zabalguneak Euskadin”: Trazatutako edozein garai hobea izan al zen? erakusketa aurkeztu du

0
  • Erakusketak zabalguneen jatorria aztertzen du, eta Donostiako, Bilboko eta Gasteizko zabalguneak dokumentazio historikoaren, argitalpenen eta ikus-entzunezko instalazio baten bidez alderatu eta aztertzen ditu.
  • Euskadiko Arkitektura Institutuak Santa Teresa komentuan hartuko duen azken erakusketa izango da, udazkenean Tabakalerara lekualdatu aurretik, eta irailaren 27ra arte egongo da ikusgai.
  • Uztailean eta irailean komisarioarekin bisita gidatuak egingo dira, baita familientzako tailerrak eta Jose Ignacio Linazasororen “Permanencias en la arquitectura urbana” liburuaren aurkezpena.

Trazatutako edozein garai hobea izan al zen? Manuel de Solà-Morales hirigileak bere buruari egin zion galdera horrek laburbiltzen du gaur Euskadiko Arkitektura Institutuan aurkeztu den “Zabalguneak Euskadin” erakusketaren helburua. Erakusketa irailaren 27ra arte egongo da ikusgai, eta Institutuak Santa Teresa komentuan hartuko duen azkena izango da, udazkenean Tabakalerako hirugarren solairura lekualdatu aurretik.

Luis Tena Núñez komisario duen erakusketak XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran Europako hirietan garatutako hiri-hedapeneko proiektuak jartzen ditu balioan. Harresiak eraistean askatutako lurra aprobetxatzeko eta etengabe hazten ari zen biztanleria hartzeko sortu ziren zabalguneak, hiri historikoak ez zituen bizigarritasun eta bide-loturak eskainiz. Gaur egun ere, zabalgune hitzak prozesu haren ondorioz eraikitako hirigunea izendatzen du.

Ildo horretan, XIX. mendeko zabalguneak Europako hiri modernoaren eragiketa urbanistiko garrantzitsuenetako bat izan ziren. Hazkunde demografikoari eta industrialari erantzuteaz gain, hiriaren hedapena ulertzeko modu berri bat ezarri zuten, plangintzan, higienearen printzipioetan, mugikortasunean eta trazaduraren erregulartasunean oinarritua.

XX mendearen zati handi batean, Mugimendu Modernoaren korpus kritikoak baztertu egin zituen XIX. mendeko zabalguneak, hiri-forma zaharkitutzat jotzen baitzituen, hiri burges eta industrialarekin lotuta. Etxadi itxia, kalearen jarraikortasuna eta erabileren nahasketa urbanismo funtzionalistaren printzipioek ordezkatu zituzten: zonifikazioa, bloke isolatuak eta funtzioen bereizketa.

Hala ere, erakusketak jasotzen duen bezala, ikuspegi hori kritikoki berrikusten hasi zen 1970eko hamarkadatik aurrera. Manuel de Solà-Morales bezalako egileek zabalguneak ehun urbano malgu gisa aldarrikatu zituzten, egitura galdu gabe behar berrietara egokitzeko gai zirenak. Berreskuratze horrek paradigma aldaketa ekarri zuen: lehendik zegoen hiria ordezkatu beharrean, hura birgaitzearen eta heredatutako hiri-formaren indarraldia aitortzearen alde egin zen. Horrela, erakusketak zabalgunea aberastasun formal, espazial eta funtzional handiko hiri-eredu gisa berrirakurtzea proposatzen du, gaur egungo etxebizitza eta hiria pentsatzeko eta proiektatzeko erreferentzia izaten jarraitzen baitu.

Erakusketaren aurkezpenean parte hartu dute Denis Itxasok, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak; Luis Tenak, erakusketaren komisarioak; Carlos Arrutik, Maushaus-eko kidea eta Euskadiko Arkitektura Institutuko bitartekaritza arduradunak; eta José Ángel Medina Muruak, Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendariak.

Denis Itxaso Sailburuak nabarmendu du euskal hiriburuetako zabalguneak “eragiketa urbanistiko hutsa baino askoz gehiago” direla, “hiria bizikidetzarako, aukera-berdintasunerako eta bizi-kalitaterako espazio gisa ulertzeko modu bat adierazten baitute”.  Haren esanetan, erakusketak gure hirien jatorriari buruz eta gaur egungo erronkei aurre egiteko hiri-eredu trinko, konektatu eta giza eskalako hartatik zer ikas dezakegun hausnartzera gonbidatzen du.

Bere hitzaldian, Itxasok defendatu du zabalguneek gaur egun ere irakaspen baliagarriak eskaintzen dituztela etxebizitzarako sarbidearen eta hiri-eraldaketaren erronken aurrean. «Gaur ere harresiak eraitsi behar ditugu: etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, segregazio soziala, hiri-sakabanaketa edo gure hiriak klima-aldaketara egokitzeko beharra», adierazi du. Haren ustez, «etxebizitza gehiago behar dugu, baina auzo bizietan ondo integratuta, zerbitzuekin, garraio publikoarekin eta kalitatezko espazioekin. Azken finean, hiria eraiki eta birsortu behar dugu, ez metro koadroak ekoitzi besterik».

Luis Tena Núñez, erakusketaren komisarioak zehaztu du “erakusketak zabalguneak lau dimentsio osagarriren bidez jorratzen” dituela: “lehenengo ikuspegi teoriko eta dibulgatzaile batetik, haien jatorria eta Europako hirigintza tradizioarekin duten lotura azaltzen dituena; bigarrena ikuspegi analitiko eta deskribatzaile batetik, euskal zabalguneetan zentratua; hirugarren ikuspegi dokumental bat, jatorrizko trazaduraren atzean dagoen prozesu historikoa berreraikitzen duena; eta laugarren ikuspegi pertzeptibo eta sentsorial bat, Euskadiko Arkitektura Institutuko bitartekaritza taldeak bigarren hezkuntzako ikastetxeekin eta hiru artistarekin egindako lana biltzen duena”.

Azken atal honi buruz, Carlos Arrutik, Euskadiko Arkitektura Institutuko Bitartekaritza arduradunak, erakusketa osatzen duten bitartekaritza artistikoko hiru piezak nola sortu diren azaldu du, Gasteizko Ekialdea BHI eta Bilboko Miguel de Unamuno BHI bezalako ikastetxeetako ikasleekin elkarlanean. “Parte hartu duten ikastetxeetako ikasleen lankidetzari esker, Susana Blasco, Nagore Legarreta eta Tzesne

artistekin batera hiru pieza garatu ahal izan ditugu. Pieza horiek gaur egun zabalguneez dugun ikuspegia balioan jartzen dute, jatorrian hain ordenatuak eta erregularrak ziren ingurune horien ikuspegi zatitua eta deskonposatua eskainiz. Horrela, erakusketak erakusten duen etxadien lerrokaduraren aurrean, ikuspegi horiek inguruan ditugun alderdi ukiezinei buruzko hausnarketa proposatzen dute: hiri-hutsunea, memoria kolektiboa edo gure jarduera etengabearen oihartzuna nabarmentzen dituzte, gure bizitzaren joan-etorriak erresonantzia-kaxa baten moduan dardararazten dituen hirietan.

Cerdá planetik gaur egungo balio-berreskurapenera

Erakusketaren lehen eremuak zabalgunea XIX. mendeko Europako hirien hazkundeari emandako erantzun urbano planifikatu gisa aurkezten du. Bartzelonako

Cerdá plana eredu gisa hartzen du, eta haren bidez azaltzen dira eredu urbanistiko horren ezaugarri nagusiak eta hirigintza greko-erromatar, errenazentista eta ilustratuarekin duen lotura. Lehen espazio horrek, gainera, 1970eko hamarkadako posmodernitatearen etorreratik gaur egunera arte hiria egiteko modu horrek izan duen balio-berreskurapena erakusten du. Horri esker, zabalguneek eta haien arkitekturak babes eta ondare-berreskurapen prozesuak hasi zituzten. Planoek eta argitalpenek atal hori ilustratzen dute.

Gainera, berebiziko garrantzia ematen zaio “Donostiako Arkitektura Asteari” ere. Erakusketan ikusgai dago mugarri haren jatorrizko kartela, Andres Nagel artistak egina. Jose Ignacio Linazasorok eta Miguel de Garayk antolatu zuten, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko kultura batzordetik, eta zabalguneen balio-berreskurapenean mugarri izan zen. Atal honetan, Linazasorok berak azaltzen du pasarte historiko hura bideo baten bidez.

Artearen eta eskolaren artean

Erakusketaren ibilbideak Donostiako, Bilboko eta Gasteizko zabalguneak alderatu eta aztertzen dituen atalarekin jarraitzen du. Horretarako, hiru proiekzio zenital dituen instalazio bat diseinatu da, hiru zabalguneen oinplanoen gainean, lurrean orientazio eta eskala berean inprimatuta. Instalazioak auzo horien proposamen eta eraikuntza planoak gainjartzen ditu, haien bilakaera eta garapen kronologikoa konparatzeko aukera emanez.

Ondoren, erakusketak gogorarazten du gaur egun ondare arkitektoniko eta urbanistiko aitortua diren zabalguneak ez direla jatorrizko plangintza asmatu zutenen ideia bikainen emaitza hutsa. Aitzitik, hausnarketa eta aberastasun kolektiboko prozesu luze baten ondorio dira: lehen proiektuak aberastu, findu eta edertu dituzten aldaketa eta egokitzapen jarraituen emaitza. Azkenik, erakusketa Maushausek sustatutako bitartekaritza artistikoaren emaitzekin amaitzen da. Hiru artista garaikidek Gasteizko, Bilboko eta Donostiako bigarren hezkuntzako ikasleekin lan egin dute beren hirietako zabalguneak berrinterpretatzeko. Emaitza hiru pieza dira: Arquitecturas enredadas, Ensantxe::Player eta Collage. Hiri-hutsuneari, memoria kolektiboari eta gure eguneroko jardueraren oihartzunari buruz hausnartzera gonbidatzen gaituzte.

Bisita gidatuak, tailerrak eta liburu aurkezpena

Erakusketarekin batera familiei, publiko orokorrari eta publiko espezializatuari zuzendutako jarduera programa antolatu da. Uztailaren 21ean, Euskadiko Arkitektura Institutuak Jose Ignacio Linazasororen “Permanencias y arquitectura urbana” liburuaren aurkezpena hartuko du. Egileak Espainiako Arkitektoen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren Arkitekturaren Urrezko Domina jaso berri du.

Halaber, Luis Tena Núñez komisarioarekin bisita gidatuak antolatu dira uztailaren 25erako eta irailaren 5erako, 11:30ean eta 12:30ean, euskaraz eta gaztelaniaz. Familientzako tailerrak, berriz, irailaren 4an eta 11n egingo dira, 17:30ean, eta hiriaren historiari eta hazkundeari buruz hausnartzera gonbidatuko dute “Walk about” izenburupean.

Komisarioari buruz

Luis Tena Núñez arkitektoa da, ikasketak Nafarroako Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan egin dituena, eta 48 urteko lanbide-esperientzia du Iruñean duen estudioan. Gainera, 44 urteko ibilbidea egin du irakaskuntzan. Bere lanak arkitektura-jarduna eta hirigintzari eskainitako dedikazio handia uztartzen ditu. Hirigintzaren esparru horren barruan, Iruñeko Udaleko Hirigintzako kudeatzailea eta Hirigintzaren Hastapenak, Urban Morphology eta Hiria eta Paisaia irakasgaietako irakaslea izan da, besteak beste.

Horrez gain, irakasle-lanetan aritu da Rafael Moneorekin eta Juan Navarro Baldewegekin batera, eta irakasle bisitaria izan da Guatemalako UNISen. Europako eta Amerikako hiriburuen hiri-azterketa ardatz duen “12 Ciudades” ikus-entzunezko sailaren egilea da. Sail hori Euskadiko Arkitektura Institutuak antolatutako Hiru Hiri erakusketaren programazioaren parte izan zen, eta sari ugari jaso ditu, hala nola Hirigintzako EHAEO Saria (1991) eta Mies van der Rohe Sarirako (1999) hautagaitza.

Euskadiko Arkitektura Institutua

Euskadiko Arkitektura Institutuak arkitektura herritarrengana hurbiltzea du helburu, eta haren, hirigintzaren, paisaiaren eta diseinuaren inguruko eztabaida sustatzea. Zentroa Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren laguntzarekin.

Ordutegia: 

Asteartea–ostirala: 17:00–20:00

Larunbata: 11:00–14:00 ; 17:00–20:00

Igandea:  11:00–14:00