Bilboko Udalak euskal kulturarekin eta herri kirolekin lotutako ehun jarduera baino gehiago programatu ditu Aste Nagusian, eta bederatzi jaiegunetan zehar, euskal tradizioak, ohiturak eta nortasun-ezaugarriak egunero hurbilduko dizkie herritarrei. Programazio honekin, Aste Nagusian euskal folklorea sustatzeko eta zabaltzeko konpromisoa berresten du Udalak.
Itziar Urtasun Berdintasun eta Jaietako zinegotziak, Salbatzaile Dantza Taldeko bi dantzarik lagunduta, gaur goizean Bilboko Euskal Museoko Klaustroan egindako prentsaurrekoan arlo horretako udal programazioa azaldu du. Ekitaldia gune bereziki sinboliko batean egin da; izan ere, museoak bere ateak ireki berri ditu, eraldaketa arkitektoniko eta museografiko sakon bat burutu ondoren, eta euskal kulturaren hedapenerako erreferente moderno eta irisgarri gisa sendotu du.
Itziar Urtasunek azpimarratu duenez, «ez dago museo hau baino leku hoberik, Aste Nagusian zehar, bilbotar eta euskaldun gisa definitzen gaituen programazioa aurkezteko. Oraintxe bertan Euskal Kulturaren Nazioarteko Atean gaude. Bertako guneek gure tradizioei begiratzeko aukera ematen digute, bizirik mantentzeko, eta hori da, hain zuzen ere, Aste Nagusiak egin nahi duena, euskal kultura ikasi ez ezik bizi ere egiten dela erakustea«.
Era berean, nabarmendu duenez, «programa bat diseinatu dugu, adina kontuan hartu gabe, guztiok parte har dezaten eta hain gureak diren tradizioei hel diezaieten: musika, dantzak, herri kirolak, bilbainadak, bertsolaritza… Jarduera programa honek bizirik mantentzen ditu gure benetako ospakizun moduak, dagoeneko ezagutzen dituztenek goza ditzaten eta belaunaldi berriek eta bisitatzen gaituztenek ezagutzeko aukera izan dezaten. Elkar ezagutu eta ezagut gaitzatela, esan ohi dugun bezala «.
Abuztuaren 22tik (larunbata) 30era (igandea), Bilboko kaleetan, Alde Zaharra ardatz nagusitzat hartuta, hainbat erakustaldi, alarde, kalejira, dantza eta beste hainbat proposamen izango dira, euskal tradizioak, ohiturak eta kultura Aste Nagusiko protagonista nagusi bihurtuko dituztenak, adin guztietako herritarrek eta egun horietan Bizkaiko hiriburua bisitatzen dutenek goza ditzaten.
Horrela, dantzek, Herri Kirolek, Erraldoi eta Buruhandiek, bilbainadek, bertsolariek, traineruek eta pilotak, besteak beste, eguneroko hitzorduak izango dituzte programazioan.
TXISTULARIAK ETA GAITARIAK GOIZAK ANIMATZEKO
Goizero, 10:00etatik aurrera, txistulariek eta gaiteroek Zazpi Kaleak zeharkatuz irekiko dituzte eguneroko ospakizunak.
Ondoren, 11:00etatik aurrera, Erraldoiek eta Buruhandiek kalejira egingo dute Bilboko Euskal Museotik abiatuta, eta bi orduko ibilbidea egingo dute, egunero ezberdina izango dena. Ibilbidea zuzenean jarraitu ahal izango da 2026ko Aste Nagusiko app ofizialarekin.
Pertsonaia horien egun nagusia abuztuaren 30ean (igandea) izango da, ERRALDOIEN XXXV. BILKURAk Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Lapurdiko hainbat konpartsa bilduko baititu, Ondalan Erraldoien Konpartsak eta Bizkaiko Gaiteroak antolatuta. 10:30ean abiatuko dira Plaza Biribiletik, eta 13:00etan Areatzara iristea aurreikusita dago.
Bilboko kultura herrikoiaren irudi enblematiko horiek protagonista izango dira Aste Nagusian, baita «Bilboko erraldoiak» erakusketan ere. Erakusketa bi gunetan egongo da ikusgai uda honetan: Bilboko Euskal Museoko klaustroan eta Mariaren Bihotza plazako aztarnategian. Erakusketa irailaren 6ra arte egongo da ikusgai, eta haurrentzako eta familientzako jardueren programazio berezi batekin osatuko da bi egoitzetan.
Era berean, Evaristo Txurruka kaian izango da Udal Txistulari Bandak antolatzen duen Txistularien Alarde tradizionalaren 66. edizioa. Aurten, taldearekin batera arituko dira Moonshine Wagon, Europako musikaren panoramako talderik berezienetako eta indartsuenetako bat. Hitzordua abuztuaren 30ean izango da, igandean, 13:00etan.
BERTSOAK, FANFARRIAK ETA BILBAINADAK
Bilbotarrak taldearen bilbainadek Alde Zaharreko kaleak alaitzen jarraituko dute eguerdian, jaia tabernaz taberna eramango duen ibilbide batekin, guztiok ezagutzen ditugun abesti herrikoi horiek ezagutarazten.
Ondoren, fokua Santiago Plazara eramango da, eta bertan bertsolaritzaren munduko lehen mailako artistak bilduko dira egunero 13:00etan, abuztuaren 26an (asteazkena) izan ezik. Egun horretan, 14:00etan izango da, bertso bazkaria egingo baita.
- Abuztuak 23, igandea: Sustrai Colina, Jone Uria, Maite Sarasola, Aitor Etxebarriazarraga.
- Abuztuak 24, astelehena: Miren Amuriza, Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain, Aitor Mendiluze.
- Abuztuak 25, asteartea: EZ DA KASUALITATEA (bertso saio musikatua). Oihana Bartra, Eli Pagola, Aner Peritz.
- Abuztuak 26, asteazkena: BERTSO-BAZKARIA. Amets Arzallus, Maddalen Arzallus.
- Abuztuak 27, osteguna: Saioa Alkaiza, Aitor Sarriegi, Xabat Galletebeitia, Iñaki Viñaspre.
- Abuztuak 28, ostirala: LIBREAN. Julio Soto, Oihana Iguaran.
- Abuztuak 29, larunbata: Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Aitor Bizkarra.
- Abuztuak 30, igandea: Maialen Lujanbio, Etxahun Lekue, Maddi Ane Txoperena, Jon Maia.
Musika Fanfarreen erritmoan ere egongo da, egun garrantzitsuetan egingo diren ibilbideekin, goizez eta arratsaldez. Larunbatean, abuztuaren 22an, Sama Sikuk txupineko giroa alaituko du, aldez aurretik Areatza inguruan ibiliz, 18:00etatik 18:45era, eta ondoren, 19:15etik 21:15era, txosnei irekiera emanez. Igandean, hilaren 23an, eta baita 28an (ostirala) eta 29an (larunbata) ere, Dunbots, Ardoa Barrura eta Adiskideak taldeen txanda izango da, hurrenez hurren, bi txandatan: 13:00etatik 14:30era Ledesma eta Diputazio kaleetan, eta 19:30etik 21:00etara Alde Zaharrean.
- Abuztuak 22, larunbata: Sama Siku.
- Abuztuak 23, igandea: Dunbots.
- Abuztuak 28, ostirala: Ardoa Barrura.
- Abuztuak 29, larunbata: Adiskideak.
Udal Musika Bandak, bere aldetik, goizeak girotuko ditu, 12:00etatik aurrera, egunero Areatzako Kioskoan. Eta musika Casilda Iturrizar Parkeko Pergola agertokian ere entzungo da, abuztuaren 23tik, igandea, 30era, 12:00etatik aurrera, bilbainadei, habanera doinuei, pasodobleei, hainbat eskualde eta nazionalitatetako folkloreari eta euskal musikari protagonismoa emanez.
- Abuztuak 23, igandea: 5 Bilbainos.
- Abuztuak 24, astelehena: Gaupasa.
- Abuztuak 25, asteartea: Los Chimberos.
- Abuztuak 26, asteazkena: Bilbao Mapamundi.
- Abuztuak 27, osteguna: Gaupasa.
- Abuztuak 28, ostirala: 5 Bilbainos.
- Abuztuak 29, larunbata: Los Chimberos.
- Abuztuak 30, igandea: Bilbao Mapa Mundi.
HERRI KIROLETAKO HAINBAT PROBA
Arriagako Plazak, bere aldetik, Herri Kiroletako erakustaldirik onenak bilduko ditu, abuztuaren 26tik (asteazkena) 29ra (larunbata) bitartean, 12:00etatik aurrera; eta urte batez gehiago, emakumeak eta gazteak ikustarazteari garrantzi berezia emango zaio programazioan.
Horrela, abuztuaren 26an, asteazkena, Emakumeen Eguna Herri Kiroletan izango da, eta Uxue Ansorregi eta Irati Astondoa aizkolariek, Ane Atxutegi eta Estefania Etxebeste harri-jasotzaileek eta Garbiñe Lopez de Uralde eta Sara Asenjo harri-jasotzaileek parte hartuko dute.
Hilak 27, ostegunean, bestalde, Gazteen Eguna Herri Kiroletan ospatuko da. Egitarauan, aizkolari gazteen proba konbinatu mistoak egongo dira, eta horietan parte hartuko dute Jakes Iruretagoiena-Izeta eta Jon Zaldua, 250 zentimetroko zirkunferentzia duen enborra txanda librean moztuko dutenak, eta beste lau enbor harrijasotzaileekin konbinatuta. Gazte harrijasotzaileen proban, bere aldetik, Izadi Agirrek (11 urte) eta Xuhare Urruzunok (11 urte) parte hartuko dute. Gainera, aizkolari gazteen proba ere egongo da, Malen Barrenetxea eta Ekiñe Lópezekin.
Abuztuaren 28an, ostirala, aizkolarien (Iker Vicente eta Aitzol Atutxa) eta harrijasotzaileen (Inhar Urruzuno, harri txikiekin, eta Gari Garmendia, harri handiekin) erakustaldiez gozatzeko aukera egongo da. Gainera, Iparraldeko jokoak egongo dira, besteak beste, lasto jasotze eta lasto botatze, Jon Loiolaren eta Jon Lapzaranen eskutik, eta txinga erute, Nerea Egurrolarekin (50 kiloko txingak) eta Kerman Pérez de Herediarekin (75 kiloko txingak).
Euskal herri kirolen erronda honi amaiera emateko, abuztuaren 29an, larunbata, Bizkaiko Taldekako Harrizulatzaile Txapelketa izango da. Horrez gain, aizkolarien (Hodei Ezpeleta eta Eneko Saralegi, 5 metroko altueran ebakiak egiten) eta harri-jasotzaileen (Leire Olea eta Eider Durana) erakustaldiez gozatu ahal izango da.
PILOTA PARTIDAK ETA ESTROPADAK
Pilota ere izango da protagonista, modu nabarmenean, Aste Nagusia Torneoarekin, igandetik (hilak 23) larunbatera (hilak 29) bitartean jokatuko dena, Esperantza Pilotalekuan, hainbat modalitatetan: eskuz binakako pilota eta lau t’erdiko esku pilota (finalak larunbatean, hilak 29, izango da), eta emakumezko gomazko paleta (finala ostiralean, hilak 28, izango da).
Traineruei dagokienez, bi estropada egongo dira Bilboko Itsasadarrean, abuztuaren 23an (igandea), Deustu Arraun Taldearekin elkarlanean antolatuta: 11:15ean, Emakumezkoen Traineru Ligako Emakumeen XI. Ikurriña-Ane Aizpuruen VI. oroimena estropada ospatuko da, eta 12:00etan, XLVIII. Estropada “Bilbao Hiria”. Biak abiatuko dira Bilboko Udalaren aurretik, non helmuga ere egongo den; eta Bizkaitik, Gipuzkoatik, Kantabriatik eta Lapurditik etorritako klubek parte hartuko dute probetan.
EUSKAL DANTZAK, AURTEN GASAREN PLAZAN
Euskal Dantzak, berriz, protagonista izango dira berriro arratsaldeetan, baina aurten eszenatokiz aldatuko dira eta Gasaren Plazan izango dira.
Abuztuaren 23tik (igandea) abuztuaren 30era (igandea) bitartean, 19:00etatik aurrera, publikoak gozatu ahal izango du erakustaldiez, erromeriez, Larrain Dantzaz eta alardeez, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak (BDB) eskainita; izan ere, Udalak urteko hitzarmena du haiekin.
- Abuztuak 23, igandea: Zerutxu (Markina).
- Abuztuak 24, astelehena: Goialde (Erandio).
- Abuztuak 25, asteartea: Gaztedi (Santutxu).
- Abuztuak 26, asteazkena: Salbatzaile (Castaños).
- Abuztuak 27, osteguna: Alkartasuna (Bermeo).
- Abuztuak 28, ostirala: Urdaibai-Irrintzi Alai (Forua-Busturia).
- Abuztuak 29, larunbata: Mikel Deuna (Iurreta).
- Abuztuak 30, igandea: Beti Jai Alai (Basurto).
Eta, ohiturari eutsiz, abuztuaren 25ean, asteartean, 20:00etan, Aste Nagusiko egitarauaren atal honetako gehien espero den uneetako bat iritsiko da: “Larrain Dantza” ospetsua, hain zuzen ere. Herrian dantzarik errotuenetako bat da, eta, bertan, kalejira, fandangoa, jotak, baltsa, bolerak eta katean zein binaka egiten diren dantzak uztartzen dira. Udaletik, gainera, jantzi tradizionalarekin parte hartzera dei egiten da, “Zatoz zure jantziarekin!” lelopean.






