- Trantsizio Energetikoko sailburuorde Irantzu Allenderekin batera, Euskadiko autokontsumo fotovoltaikoko industria-instalazio handienetako bat —7 megawatteko potentzia instalatua— bisitatu du
- Vidralak Laudioren alde egindako apustuak —3 milioi eurotik gorakoa— autokontsumoaren aldeko Eusko Jaurlaritzaren laguntza-programaren bidez % 25eko dirulaguntza jaso du
- Azpiegitura duela gutxi jarri da martxan, eta Arabako fabrikaren deskarbonizazioan aurrera egitea ahalbidetuko du. Fabrikak urtean 500 milioi beirazko ontzi baino gehiago produzitzen ditu.
Vidrala konpainia liderra da beirazko ontziak fabrikatzen, eta Europa hegoaldean, Erresuma Batuan eta Hego Amerikan lan egiten du. Enpresak gaur inauguratu du, Laudion, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi eta Trantsizio Energetikoko sailburuorde Irantzu Allende bertan zirela, bere instalazio fotovoltaikoa, elektrizitate % 100 berriztagarria sortzeko, instalazioan bertan autokontsumitzeko.
Azpiegitura berria Euskadiko autokontsumo fotovoltaikoko industria-instalazio handienetako bat da, 7 megawatteko potentzia instalatua eta 30.000 metro koadroko estalki industriala dituena. Inbertsioa 3,2 milioi eurokoa izan da, eta Eusko Jaurlaritzak autokontsumorako duen laguntza-programaren bidez % 25eko dirulaguntza eman du, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bitartez.
Instalazio horri esker, energia berriztagarriaren erabilera handitu ahal izango da Arabako fabrikaren produkzio-prozesuan —urtean beirazko 500 milioi ontzi baino gehiago produzitzen ditu—, eta urtean 1.909 tona CO₂ gutxiago isuriko ditu.
Egindako inbertsio diferentzialen ondorioz —estandar teknologiko aurreratuenen, energia-kontsumoen efizientzia handienaren, sorkuntza elektriko berriztagarriaren aldeko inbertsioaren eta energia-iturri alternatiboetarako apustu irmoaren alde—, Vidralak sektoreko emisio-ratio txikienetako bat mantentzen du eta nazioarteko erreferente gisa indartzen da.
Bisitan, Mikel Jauregik nabarmendu duenez, “Euskadiko autonomia energetikoan aurrera egin behar dugu, elektrizitate berriztagarri propioa sortzeko gaitasuna garatuz. Inportatutako erregai fosilekiko mendekotasuna murriztu nahi dugu. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak autokontsumo programa bat abiarazi du. Azken bost urteetan 186 MWetan handitu dugu instalatutako potentzia. 7MWetatik, 193ra pasata 2025. urtean. Berriki autokontsumo proiektuak onartu ditugu, beste 72,5 MW gehiagorekin. Labrazako bi parke eolikoen pareko”.
Aipatu duenez, “autokontsumo elektrikoko potentzia berri horren ia % 60 pabiloi industrialetako instalazio fotovoltaikoetatik dator. Vidrala Trantsizio energetikoaren aldeko apustua egiten duen industria baten adibide garbia da, Euskadin dagoen autokontsumo industrialeko instalazio handiena ezarrita”.
Vidralako CEO Raul Gomezek adierazi duenez, “euskal industriaren une erabakigarrian gaude: mehatxu handiei egin behar diegu aurre fronte gehiegi daudelako; horien artean kezkagarrienak dira laneko gatazka- eta absentismo-maila, gehiegizko erregulazioa eta Ekialde Ertaineko egoerak sortutako energia-kostuen krisia. Ekiteko unea da, gu defendatzeko beharra dago. Industriari ez zaio irabazten, konbentzitu egiten zaio. Nahi dugun energia-subiranotasuneranzko aurrerapausoak ez dira doakoak izango; indarrak batu behar ditugu, gizartea kontzientziatu, eta Espainian eta Europan gaizki diseinatutako erregulazioak malgutzea sustatu behar dugu, erregulazio horiek munduko beste eskualde handi batzuen aldean lehiatzeko desabantailak eragin baitituzte. Errealistak eta pragmatikoak ere izan behar dugu: ingurumen-jasangarritasuna lehiakorra izatera irits daiteke, baina horretarako ahalegin ekonomiko handiagoa beharko da. Gaur, inoiz baino gehiago, gure etorkizuna markatuko duten inbertsio-erabakiak gauzatu behar ditugu. Ez da erraza, erantzukizuna garrantzitsua da, baina Vidralan ez da anbiziorik edo ikuspegi zabalik faltako. Inbertsio hau horren adibide da: konpromisoa benetako proiektu bihurtu dugu, euskal erakundeekin lankidetza eraikitzaileari esker. Eskerrik asko”.
Energia berriztagarria sortzeko instalazio berria Vidralak lehiakortasunean aurrera egiteko duen konpromiso irmoaren adibide da, autonomia energetikoa eta deskarbonizazioa palanka garrantzitsu gisa hartuta. Taldeak asmo handiko inbertsio selektiboaren aldeko apustua egiten du, eta ingurumen-jasangarritasunaren aldeko proiektuak babestuko ditu.
Proiektu horiek energia-iturri alternatiboak probatzean —betiere lehiakorrak badira—, autokudeaketan inbertitzean eta lehengai birziklatuen erabilerari lehentasuna ematean oinarrituko dira.
Beste ontzi batzuekin —plastikoarekin edo latarekin, adibidez— alderatuta, beirak aldea markatzen du: % 100 birziklagarria da nahi adina aldiz, bere izaera bizigabeak barruan duena gordetzen du eta pertsonak zaintzen ditu; gainera, gehien inporta duten uneetan presente dago. Gaur inauguratutakoa bezalako proiektuek etorkizuneko ontzi izateko duten aukera indartzen dute.






