- Eusko Jaurlaritzak, Ikerbasquek eta Innobasquek Europako adituak bildu dituzte Donostian, ERC Proof of Concept eta EIC tresnak aurkezteko.
- Euskal erakundeek 64 milioi euro baino gehiago eskuratu dituzte Europako finantzaketa EICren tresna ezberdinen bidez.
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, Ikerbasquek eta Innobasquek EIC-ERC Ekimena jardunaldia egin dute gaur Donostiako Aquariumean. Topaketaren helburua izan da ERC Proof of Concept (ERC PoC) eta Europako Berrikuntza Kontseiluaren (EIC) tresnek eskaintzen dituzten aukerak ezagutaraztea. Bi tresna horiek funtsezkoak dira punta-puntako ikerketa gizartean eragina izango duten irtenbide berritzaile bihurtzeko.
Jardunaldia Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP 2030) eta Berrikuntzaren Faroen estrategiaren esparruan antolatu da. Bertan elkartu dira Europako Ikerketa Kontseiluko (ERC), Europako Berrikuntza Kontseiluko (EIC) eta Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzarako Zentroko (CDTI) ordezkariak, baita programa horien onuradun diren euskal erakundeak ere. Helburua esperientziak partekatzea eta proposamen lehiakorrak prestatzeko gakoak eskaintzea izan da.
Jardunaldiaren inaugurazioan, Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak azpimarratu du Euskadi une erabakigarrian dagoela, Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP 2030) eguneratzea onartu berri delako eta Ikerketa eta Berrikuntzako Europako X. Esparru Programa (FP10) diseinatzen ari direlako; programa horretan berrikuntzak gero eta protagonismo handiagoa izango du. Testuinguru horretan, programa europar horiek ezagutaraztearen garrantzia nabarmendu du, euskal erakundeek horietan parte-hartze handiagoa izan dezaten eta Europako finantzaketa gehiago erakar dezaten.
Datuen arabera, Euskadi ondo kokatuta dago tresna horietan. 2022 eta 2025 bitartean, ERC Proof of Concept programara aurkeztutako euskal proposamenen arrakasta-tasa % 38,5ekoa izan da. Bestalde, 2021etik 2025era bitartean, euskal erakundeek 64 milioi euro baino gehiago eskuratu dituzte Europako finantzaketa EICren tresna ezberdinen bidez.
Jardunaldian, halaber, CIC bioGUNE, CIC nanoGUNE, Multiverse Computing eta SENER Aeroespacial erakundeen esperientziak aurkeztu dira. Laguntza horien onuradun diren erakundeek erakutsi dute Europako tresnek berrikuntza baten ibilbide osoan ematen dutela babesa: emaitza zientifikoak baliozkotzetik hasi, enpresa-garapenera eta merkaturatzeraino.
Ekimen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak, Ikerbasquek eta Innobasquek euskal erakundeek Europako programetan duten parte-hartzea handitu nahi dute, eta bikaintasuneko ikerketaren, garapen teknologikoaren eta enpresa-berrikuntzaren arteko lotura sendotu.






