- Neurri horien artean daude, besteak beste, ordainsariak hobetzea —guardiak ordaintzea eta produktibitate-osagarria—, lanaren antolamendua aldatzea —guardien salbuespenak eta autokontzertazioa berrikustea—, librantza berriak ematea eta haien aplikazioa ebaluatzeko jarraipen-sistema bat sortzea
- Profesional medikoak gehitzeko eta haien egonaldia errazteko egin da akordioa, zenbait arlotan espezialistarik ez dagoelako, erretiroak daudelako, lanpostu jakin batzuk betetzeko zailtasunak daudelako eta osasun-arretako beharrak handitu direlako
Gobernu Kontseiluak gaur goizean onartu du Osakidetzak eta Euskadiko Medikuen Sindikatuak (SME) 2026ko uztailaren 20an Osasuneko Mahai Sektorialean lortutako akordioa baliozkotzen duen Dekretua. Hitzarmen horretan, medikuen eta fakultatibo espezialisten lan-baldintzak hobetzeko eta euskal osasun-sistema publikoaren erantzun-gaitasuna indartzeko neurri espezifikoak jasotzen dira.
Osasun Sailak osasun-sistema sendotzeko duen estrategiaren barruan kokatzen da ekimena. Helburua da, gainera, profesionalentzat erakargarri egitea eta gero eta handiagoa den asistentzia-eskaerari erantzutea. Testuinguru horretan, gure inguruko osasun-sistemek partekatzen dituzten erronkei heltzen zaie, besteak beste, hauei: plantilletako belaunaldi-erreleboa, profesional medikoen eta espezialitate jakin batzuetako profesionalen eskasia, beste osasun-sistema batzuen konpetentzia eta betetzen zailak diren lanpostuak betetzea. Horri gehitu behar zaio biztanleriaren zahartzearen eta konplexutasun kliniko handiagoaren ondoriozko asistentzia-beharrak handitu izana.
Akordioak medikuen kolektiboari zuzendutako antolakuntza- eta ordainsari-neurriak uztartzen ditu, asistentziaren jarraitutasuna indartzeko, plantillen egonkortasuna hobetzeko eta garapen profesionala bultzatzeko. Jarduketa nagusien artean daude, besteak beste, guardiako orduaren balioa eguneratzea, produktibitate finkoko osagarria handitzea, guardiak salbuesteko eta autokontzertatzeko moduluak berrikustea eta librantza berriak gehitzea.
Neurri horiek egokitasun- eta proportzionaltasun-irizpideen arabera diseinatu dira; izan ere, behar horiek zuzenean eragiten dien kolektiboan oinarritzen dira, eta pizgarri ekonomikoak eta antolakuntzako hobekuntzak konbinatzen dituzte.
Antolaketari dagokionez, akordioak honako alderdi hauek hobetzen lagunduko duela aurreikusi da: arretaren jarraitutasuna, guardien estaldura erraztea, lan-taldeen egonkortasuna indartzea, zenbait espezialitatetan dauden profesionalen prestasun mugatuari erantzutea, betetzeko zailak diren lanpostu hutsak murriztea eta programatutako jarduera bultzatzea; hori guztia lan-giroa hobetzeko esparruan.
Akordioak, gainera, etengabeko jarraipen- eta ebaluazio-sistema bat aurreikusten, eta horretarako Jarraipenerako Batzorde Paritario bat eratuko da. Batzorde horrek hiru hilean behin aztertuko du neurrien bilakaera, eta hautemandako beharren araberako egokitzapenak egiteko aukera emango du.
Osakidetzako Administrazio Kontseiluak uztailaren 21ean onartu zuen akordioaren edukia. Halaber, espedienteak Osakidetzako Aholkularitza Juridikoko Zuzendariordetzaren, Osasun Saileko Aholkularitza Juridikoaren eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saileko Lan Harremanen Zuzendaritzaren aldeko txostenak ditu, bai eta Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol ekonomikoko aldeko txostena ere.
Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera, akordioek Gobernu Kontseiluaren onarpen ageri-
Dekretu hori onartuta, Eusko Jaurlaritzak aurrera dihardu euskal osasun-sistema indartzeko bidean, bertako profesionalen baldintzak hobetuta eta medikuen egungo prestasun-erronkei erantzun emanda, kalitateko osasun-arreta, eskuragarria eta herritarren beharretara egokitua bermatzea helburu.






