Medikuen baldintzak hobetzeko eta osasun-arreta indartzeko akordioa onartu du Eusko Jaurlaritzak

0
  • Alberto Martínez Osasuneko sailburuak nabarmendu duenez, akordioak “herritarren arreta hobetuko du eta Osakidetzara profesionalak erakartzen eta bertan gera daitezen lagunduko du
  • Barne hartzen ditu guardiak hobetzea, osasun-emaitzei lotutako pizgarriak eta kontziliazioa eta atsedena sustatzeko neurriak
  • Martínezek azpimarratu du akordioak ez duela beste kolektiboekin duten negoziazioa ixten eta Mahai Sektorialean jarraituko duela negoziatzen. “Osakidetzako profesional guztiekin negoziatzen jarraituko dugu, kategoria bakoitzak bere beharrak baititu”

Gobernu Kontseiluak onartu egin du Osakidetzak eta Euskadiko Medikuen Sindikatuak (SME) 2026ko uztailaren 20an Osasuneko Mahai Sektorialean medikuen eta fakultatibo espezialisten baldintzak hobetzeko lortutako akordioa balioesten duen dekretua. Helburua da euskal osasun-sistema publikoa indartzea eta herritarrei arreta hobea ematea bermatzea.

Alberto Martínez Osasuneko sailburuak prentsaurrekoan azpimarratu duenez, “akordio hau beharrezkoa da: Osakidetza osoan eragin positiboa izango du eta zuzenean herritarren asistentzia hobetzea eragingo du”. Azaldu duenez, onartutako testua “ez da ordainsariez bakarrik ari”, eta antolakuntza eta plangintzako aldaketak ere jasotzen ditu.

Medikuen falta, erretiroak eta osasun-eskaera handitu izanaren testuinguruan kokatu du akordioa Martínezek “Belaunaldi berrientzat erakargarriagoa egin behar dugu Osakidetza, eta dagoeneko lanean ari direnen baldintzak hobetu”, adierazi du.

Besteak beste, guardia medikoetan aldaketa handiak ekarriko ditu akordioak. “Guardiako orduen eta ohiko orduen balioa parekatzea da bidea”, azaldu du sailburuak. Horrez gain, guardia jakin batzuen osteko atsedenaldiak indartu dira, eta bizitza profesionalaren azken etapetan guardien derrigortasuna pixkanaka murriztea sustatu da. “Ez gara ordainsariez bakarrik ari, laneko osasunaz eta kontziliazioaz ere ari gara”, gaineratu du.

Pizgarriei dagokienez, osasun-arloko emaitzei lotutako ikuspegi berri baten alde egiten du akordioak. “Irisgarritasuna hobetzeko, itxarote-zerrendak murrizteko edo kalitate handiagoko arreta eskaintzeko egiten den ahalegina aitortu nahi dugu”, adierazi du Martínezek. Ildo horretan, produktibitate-eredu homogeneoagoa bultzatzen da, pazienteak jasotzen duen balioa oinarri.

Osasun-sistemaren erronkei aurrea hartzeko asmoz, plantillak planifikatzeko neurriak ere jasotzen ditu akordioak. “Etorkizunean zer profesional beharko ditugun eta gure baliabideak hobeto nola antolatu zehaztu behar dugu”, adierazi du sailburuak, eta horretarako lantaldeak sortuko direla gaineratu du.

Akordioak ez ditu beste kolektiboentzako aurrerapenak bazter uzten, ezta mugatzen ere

Prentsaurrekoan Martínezek azpimarratu du akordio honek ez dituela “beste kolektiboentzako hobekuntzak bazter uzten eta mugatzen”. “Osakidetzako profesional guztiekin negoziatzen jarraituko dugu, kategoria bakoitzak bere beharrak baititu”, adierazi du. Hala, Mahai Sektorialean hainbat elkarrizketa-prozesu irekita daudela gogorarazi du.

Euskal osasun-sistemaren datuak ere nabarmendu ditu sailburuak, eta azpimarratu du Euskadi dela osasun-profesionaletan gehien inbertitzen duen erkidegoetako bat, eta Osakidetzak “talentua erakartzen eta fidelizatzen duen sistema erakargarria” izaten jarraitzen duela.

Akordioaren baitan, gainera, Jarraipen Batzorde bat eratuko da. Batzorde horrek akordioaren aplikazioa ebaluatuko du aldian behin, eta, behar izanez gero, doikuntzak egiteko aukera emango du.

“Interes publikoari, behar asistentzialari eta sistemaren iraunkortasunari erantzuten dio akordio honek”, amaitu du Martínezek. “Gure helburua argia da: kalitatezko osasun-arreta bermatzea, irisgarria eta euskal herritarren beharretara egokitua”.