Gaurko Gobernu Kontseiluan Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta Euskadiko Medikuen Sindikatuaren artean 2026ko uztailaren 20an Osasuneko Mahai Sektorialean lortutako akordioa baliozkotzen duen dekretua onartu da. Akordio horrek mediku eta fakultatibo espezialisten jardun profesionalaren baldintzak hobetzeko eta euskal osasun-sistema publikoaren erantzuteko gaitasuna indartzeko neurri espezifikoak jasotzen ditu.
Alberto Martínez Osasun sailburuak jakinarazi duenez, “akordioak berariaz medikuei zuzendutako antolaketa- eta ordainsari-neurriak konbinatzen ditu, asistentziaren jarraitutasuna indartzeko, plantillen egonkortasuna hobetzeko eta garapen profesionala bultzatzeko. Jarduketa nagusien artean, honako hauek daude: guardia-orduaren balioa eguneratzea, produktibitate finkoko osagarria handitzea, guardiak eta autokontzertazioa salbuesteko moduluak berrikustea, eta librantza berriak sartzea”.
Dekretua onartuta, Eusko Jaurlaritzak aurrera egiten du euskal osasun-sistema indartzeko bidean, profesionalen baldintzak hobetuz eta medikuen eskuragarritasunaren egungo erronkei erantzunez, kalitatezko osasun-arreta, eskuragarria eta herritarren beharretara egokitua bermatzeko.
37,5 milioi euro euskaltegien jarduera finantzatzeko
Era berean, Gobernu Kontseiluak 2026-2027 ikasturterako euskaltegi pribatuei eta euskara autoikasteko zentro homologatuei zuzendutako dirulaguntzen deialdia onartu du. Deialdiak 37.530.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango du. Laguntza horiei esker, 2026ko urritik 2027ko irailera bitartean zentroen jarduera finantzatu ahal izango da, eta helduen euskalduntzean funtsezkoa den euskaltegien sarea indartuko da.
Deialdiak euskaltegi pribatuek eta euskara autoikasteko zentro homologatuek garatzen duten jarduera finantzatzea aurreikusten du, irakaskuntzaren modalitate guztiak barne hartuta, eta jardueran nahiz irakaskuntzaren kalitatean oinarritutako finantzaketa-sistema ezartzen du.
Euskadiko komunikabide profesionalentzako laguntzak
Gobernu Kontseiluan onartutako beste puntu bat, 7 milioi euroko laguntza-deialdi bat izan da, Euskadiko komunikabide profesionalei laguntzeko kazetaritzan, desinformazioaren aurkako borrokan eta alfabetatze mediatikoko ekimenak bultzatzen. Deialdiak iazko zuzkidura ekonomikoari eutsi dio, baina orientazioa eguneratu du egungo ekosistema informatiboaren erronka nagusietako bati erantzuteko: herritarrek informazio zehatza, egiaztatua eta kalitatezkoa jasotzeko duten eskubidea bermatzea.
Deialdia bi laguntza-lerrotan egituratzen da. Lehenengoa, 6 milioi eurokoa, Euskadiko komunikabide orokorrei zuzenduta dago. Bigarrena, milioi 1 eurokoa, tokiko eta eskualdeko hedabideetara bideratzen da, hurbileko informazioan, informazio-aniztasunean eta lurralde-kohesioan duten funtsezko zeregina aitortuz.
Euskara Bonua
Gobernu Kontseiluak onartu du Euskara Bonua abian jartzea, euskara ikasteko laguntzak zabaltzea eta euskararen ikaskuntzarako sarbidea erraztea ahalbidetuko duen arau-esparruaren aldaketa. Eredu berri horri esker, euskara hasierako mailatik B1 mailara ikasi ahal izango da 120 euroko ordainketa bakar baten bidez. Urrats honekin, Eusko Jaurlaritzak indartu egiten du pertsona gehiagok euskara ikasten hasi, berriz ekin edo ikasten jarrai dezaten sustatzeko konpromisoa, laguntza-sistema malguago eta ikaskuntza-prozesuaren etapa desberdinetara egokituago baten bidez.
Euskara Bonua Jauzia Gara proposamenaren parte da, euskararen erabilera sozialean jauzi kualitatiboa emateko Eusko Jaurlaritzaren bide-orriaren parte. JAUZIA GARA proposamenaren bidez, Jaurlaritzak ikaskuntzarako sarbidea erraztu, oztopoak ezabatu eta herritarrak euskalduntze-prozesu osoan laguntzeko neurriak sustatzen ditu.
Arte eszenikoak, musika, literatura eta arte plastikoak sustatzeko dirulaguntzak
Gainera, Gobernu Kontseiluak 2026ko ekitaldirako arte eszenikoen, musikaren, literaturaren eta arte plastikoen sustapen eta banaketarako laguntzen deialdia onartu du. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 600.000 euro bideratuko ditu euskal kultur sorkuntzaren sustapena, merkaturatzea, nazioartekotzea eta banaketa bultzatzen dituzten proiektuak laguntzera, haren presentzia merkatu berrietan indartzeko. Deialdiak arte eszenikoen, musikaren, literaturaren eta arte plastikoen sustapen eta banaketarako lau laguntza-modalitateei eusten die.
Euskarazko argitalpenak
Gobernu Kontseiluak gaur onartu du euskaraz eta paperean argitaratzen diren argitalpenak sendotu, garatu eta normalizatzeko dirulaguntzen deialdi berria ezartzen duen agindua. 400.000 euroko zuzkidurarekin, laguntza-ildo honen helburua da euskararen sorkuntza, zabalkundea eta gizarte-presentzia indartzeko funtsezkoa den argitalpenen eremua babesten eta sustatzen jarraitzea.
Artxibo pribatuak antolatzeko, digitalizatzeko eta hedatzeko dirulaguntza
Gobernu Kontseiluak onespena eman dio artxiboak antolatzeko eta digitalizatzeko programak garatzeko, euskal dokumentu-ondarea osatzen duten artxibo-dokumentuak eta artxibo-funtsak – publikoak ez direnak – zabaltzeko 2026ko dirulaguntzaren deialdiari. Eusko Jaurlaritzak 80.000 euro bideratuko ditu.
Dirulaguntzak jaso ahal izateko programak 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Euskadiko Artxibo Historikoan gordetzen den dokumentu-ondarea ikertzea sustatzeko bekak
Gobernu Kontseiluak lau ikerketa-bekaren deialdia onartu du. Guztira 40.000 euroko zuzkidura izango dute, eta Euskadiko Artxibo Historikoan gordetzen diren dokumentu-funtsak ikertzea sustatzea dute helburu. Ekimenaren bidez, Euskadiren historiaren ezagutza sakontzen lagunduko duten ikerketa berriak eta zabalkunde-proposamenak bultzatu nahi dira, dokumentu-ondare hori herritarrengana hurbiltzeko.
1,2 milioi euro Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoen (KIUB) zerbitzua indartzeko
Baita ere, Gobernu Kontseiluak Euskadiko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoentzako (KIUB) dirulaguntzen deialdia onartu du, toki-erakundeek sustatuta. Partidak 1,2 milioi euroko aurrekontua du, eta laguntza horien helburu nagusia kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta interesak sustatzea eta defendatzea da.
Kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoek (KIUB) zeregin garrantzitsua dute kontsumitzaileei informazioa eta orientazioa emateko doako zerbitzu gisa. Bere erantzukizunen artean dago zuzeneko erreklamazioak jasotzea, izapidetzea eta bitartekotza egitea, bai eta kontsumitzaileen eta enpresaburuen arteko gatazkak konpontzea ere.
Lankidetza UNEDekin
Gobernu Kontseiluak baimena eman du 470.000 euroko dirulaguntza emateko Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko (UNED) hiru ikastetxe elkartuei.
Finantzaketa horrek jarraipena ematen dio Eusko Jaurlaritzaren eta UNEDen arteko lankidetzari, lana, arrazoi pertsonalak, ekonomikoak edo bizilekua direla medio urrutiko irakaskuntza aukeratzen duten pertsonei goi-mailako hezkuntzarako sarbidea errazteko. Helburua da irakaskuntza presentzialaren eta urrutiko hezkuntzaren arteko koordinazioa indartzea, euskal unibertsitate-sistemaren kalitatea sustatzea eta UNEDeko ikasleei Euskadiko gainerako unibertsitateen tratamendu bera bermatzea.
Dirulaguntza honela banatuko da UNEDek Euskadin dituen hiru zentro elkartuen artean Gasteizko zentroak 117.603,40 euro jasoko ditu; Bergarakoak 123.591,20 euro; eta Bizkaikoak 228.805,40 euro, hitzarmenaren Koordinazio Batzordeak onartutako banaketaren arabera.
350.000 euro Euskadiko nekazaritza-, elikagaigintza- eta basogintza-sektoreetako elkarteak indartzeko
Eusko Jaurlaritzak Elkarteak programaren 2026ko deialdia baimendu du, 350.000 eurokoa, Euskadiko nekazaritza-, elikagaigintza- eta basogintza-sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialen jarduerari laguntzeko.
Laguntzek honako gastu hauek finantzatzeko aukera emango dute: elkarteen funtzionamendu-gastuak, azoka eta lehiaketak antolatzea eta horietan parte hartzea, azterlanak eta prestakuntza-jarduerak egitea, sustapen- eta hedapen-ekintzak, bai eta azpisektoreen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzera bideratutako proiektu esperimentalak ere.
Deialdiak 250.000 euro bideratuko ditu lehen eraldaketako nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako elkarteentzat, eta 100.000 euro elikagaigintza-sektorekoentzat, aurrekontu-zuzkidura handitzeko aukerarekin, baliabide ekonomikoek horretarako aukera ematen badute.
Nekazaritza-ustiategiak ekoizpen ekologiko bihurtzea bultzatzea
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko nekazaritza-ustiategietatik ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsizioa errazteko laguntzen deialdia onartu du. Lerro horrek 180.000 euroko zuzkidura du, ekoizpen-eredua osorik edo partzialki eraldatzea erabakitzen dutenei laguntzeko.
Laguntzak ustiategi osoa edo zati bat ekoizpen ekologikora bihurtzen hasi nahi duten nekazaritza-ustiategien titularrei zuzenduta daude, bai eta ekoizpen-eredu horren pean jarduera bat zuzenean hasten dutenei ere. Proiektuek ekoizpen ekologikorako trantsizioari zuzenean lotutako langile-gastuak, materialak, funtzionamendua eta inbertsioak jaso ahal izango dituzte.
STEAM hezkuntza bultzatzea, bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzeko
Bestalde, Gobernu Kontseiluak 2026-2027 ikasturtean Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko itunpeko ikastetxeetan STEAM hezkuntzarako berrikuntza-proiektuak bultzatzeko laguntzen deialdia onartu du.
Deialdiak 350.000 euroko zuzkidura izango du, eta itunpeko ikastetxeetan hezkuntza-berrikuntza bultzatzea du helburu, STEAM proiektuen bidez. Horretarako, metodologia berritzaileak bultzatzen dituzten eta ikasleen bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzen dituzten ekimenak finantzatuko ditu, batez ere nesken artean. Proiektuek bizitza pertsonalaren, sozialaren, globalaren eta lanekoaren hainbat eremuri lotutako erronkak eta arazoak planteatuko dituzte, zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematikak (STEAM) diziplina artean integratuz.
Urdaibaiko Ingurumen Hezkuntzako proiektuaren berritzea
Eusko Jaurlaritzak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Banku Fundazioak Sukarrietako BBK Urdaibai zentroan garatzen den Urdaibai Ingurumen Hezkuntzako Proiektuaren funtzionamendurako hitzarmena berritu dute. Gobernu Kontseiluak gaur hartu du erabakiaren berri, eta hiru urteko indarraldia izango du.
Programa Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako eta DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta dago. Ikasle horiek lau eguneko hezkuntza-egonaldietan parte hartzen dute, eta Bizkaiko ikastetxeetako ikasleei natura zuzeneko esperientziatik ezagutzeko, komunikazioa eta bizikidetza errazteko eta ikasgelatik kanpo ikasteko modu berriak garatzeko espazio bat eskaintzea dute helburu.
Gizarte-bonu termikora bideratutako gastuaren aurrekontu-aldaketa
Gobernu Kontseiluan aurrekontu-aldaketa bat onartu da, eta gizarte-bonu termikoa ordaintzeko gastuaren zuzkidura osoa 14.463.744 eurora igo da aurten. Hau da, aurreko ekitaldian baino 371.705 euro gehiago. Igoera aurrerapauso bat da pobrezia energetikoa prebenitzeko eta hari heltzeko jarduketak indartzeko, bereziki pertsona kalteberenei eragiten baitiete. Guztizko kopuruak gora egin du: 2021ean 43.813 hartzaile izan ziren, eta 2025ean 63.837 onuradun.
Gizarte-bonu termikoa ordainketa bakarra da, eta Euskadin dirulaguntza horren zenbatekoa 139 eurotik 400 eurora bitartekoa da urtean, onuradunaren kalteberatasun-mailaren eta klima-eremuaren arabera.
Euskadiko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Errolda (2026) egiteko hitzarmena
Gobernu Kontseiluak baimena eman du Eustat – Euskal Estatistika Erakundearen eta Estatistikako Institutu Nazionalaren (EIN) artean lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko, 2026ko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuak eta Euskadiko Biztanleriaren eta Etxebizitzen Funtsezko Ezaugarrien Inkesta (ECEPOV2026) egiteko.
Hitzarmen honen xedea da bi institutuen estatistika-eragiketa ofizialak egiteko behar diren metodologiak eta estatistika-informazioa trukatzea. Hala, Eustatek lurraldeko datu-basearen informazio alfanumerikoa eta kartografikoa emango dio EINi, bai eta etxebizitzen eta pertsonen datu estatistikoak ere, biztanleriaren, hezkuntzaren, jardueraren eta etxebizitzaren arloko errolda-eragiketen ondoriozkoak. Bestalde, EINek administrazio-iturrietatik abiatuta egindako errolda-proiektuaren aldagaiak emango dizkio Eustati, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoari buruzko ECEPOV2026 inkestaren jatorrizko informazioa ere (2027ko urtarrilaren 1a baino lehen entregatuko da).
Francisco Javier Gómez Elosegui Sariaren 2026ko deialdia
Gobernu Kontseiluak Francisco Javier Gómez Elosegui Sariaren 2026ko deialdia onartu du. Sari horrekin, Eusko Jaurlaritzak pertsonen edo erakundeen lana aitortzen du, espetxeen eremuan duten konpromisoagatik eta bikaintasunagatik, bereziki giza eskubideen defentsan eta gizarteratzearen aldeko ahaleginetan.
Saria 10.000 eurokoa izango da. Francisco Javier Gómez Elosegui du izena, Gipuzkoako espetxeko psikologoa eta EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuko (IVAC-KREI) prestatzailea. ETAk hil zuen 1997ko martxoaren 11n.






