- Osakidetzak biriketako minbiziari buruz egindako 23 saiakuntza kliniko aktiboak alternatiba terapeutiko guztiz finkatua dira, eta Euskadiko eta inguruko 206 pazientek parte hartzen dute
- Saiakuntza klinikoak funtsezkoak dira Euskadiko 2025-2030 Plan Onkologiko Integralaren estrategian, berrikuntza terapeutikoa eta osasun-arloko ikerketa sustatzeko
- Osakidetzan minbiziari buruz egiten diren saiakuntza klinikoak funtsezko tresna dira EAEko Osasun Itunaren lehentasunetan aurrera egiteko, hau da, ikerketa sanitarioa, berrikuntza terapeutikoa eta kalitate asistentzialaren hobekuntza bultzatzeko eta EAEko herritarrek azken belaunaldiko tratamenduak ekitatez eskuratzeko
Euskadin, biriketako minbiziaren 2.000 kasu berri inguru diagnostikatzen dira urtero. Euskal Autonomia Erkidegoko gizonen eta emakumeen artean, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren tumore ohikoenak dira, eta minbiziak gure ingurunean eragindako heriotzen eragile nagusia.
Testuinguru horretan, azpimarratu behar da, biriketako minbiziaren tratamenduaren eremuan, Euskadin, saiakuntza klinikoak tratamendu-alternatiba guztiz integratu gisa finkatu direla Osakidetzako onkologiako profesionalen armategi terapeutikoan. Hala, gaur egun, biriketako minbiziari buruzko 23 saiakuntza kliniko daude Euskadin. Saiakuntza horietan, Osakidetzak Euskadiko eta autonomia-erkidego mugakideetako 206 paziente tratatzen ditu guztira, fase lokalizatuetako sendatze-tasa eta minbiziaren fase aurreratuetako biziraupena eta bizi-kalitatea hobetzeko helburu nagusiarekin.
Sareko lana eta pazientea sistemaren zentroan
Osakidetzako onkologoek sarean lan egiten dute, eta, horri esker, Osakidetzako edozein paziente sar daiteke saiakuntza kliniko aktibo batean. Horrela, beti saiatzen da paziente bakoitzari tratamendu pertsonalizatua eskaintzen, bere egoera klinikora egokitutako aukera sendagarri edo aringarrien bila. Tratamendu-ikuspegi horren tresna nagusietako bat Onkobide da, minbizia duten pazienteen tratamenduen kudeaketa integralerako sortutako tresna digitala. Haren funtzio nagusien artean dago tratamendu onkologikoen toxikotasunari buruzko informazioa erregistratzea eta saiakuntza kliniko aktiboei buruzko informazioa biltzea.
2025-2030 Onkologia Plana eta Euskadiko Osasun Ituna
Osakidetzak minbiziaren arloko saiakuntza klinikoak indartzeko estrategia berritu bat jarri du abian, biriketako minbiziari arreta berezia eskainiz, Euskadiko 2025 ‑ 2030 Plan Onkologiko Integralaren esparruan. Planak ikerketa bere ardatz estrategikoen artean kokatzen du, Europako estandar zorrotzenekin bat eginez, eta, testuinguru horretan, saiakuntza klinikoak funtsezko tresnatzat hartzen dira minbiziaren aurkako terapia berriak garatzeko, biziraupena hobetzeko eta Euskadiko paziente guztiek azken aurrerapen zientifikoen onura jaso ahal izatea bermatzeko.
Biriketako minbizia da hilkortasunean eragin handiena duen patologietako bat Euskadin, eta lehentasunezko lekua du estrategia honetan. Eremu horretako saiakuntza klinikoen ardatza itu terapeutikoak bilatzea da. Itu horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: terapia bideratuak, immunoterapia, doitasun-biomarkatzaileak eta konbinazio terapeutiko berriak, erantzuna hobetzea eta kontrako ondorioak murriztea helburu dutenak. Plan Onkologikoak, gainera, medikuntza pertsonalizatuaren integrazioa eta datuen analisi aurreratua sustatzen ditu, azterketa horietarako hautagai diren pazienteen hautaketa optimizatzeko.
Osakidetzak azken urteetan amaitutako 26 saiakuntza klinikoen artean lortutako emaitza nagusiak nazioarteko saiakuntzen emaitzekin konpara daitezke, eta hainbat helburu jorratzen dituzte. Horien artean, nabarmentzekoak dira kimioterapiaren eta immunoterapiaren konbinazio terapeutikoaren arrakastaren azterketa, tratamendua jaso ondoren kirurgiarako hautagaien ehunekoa igotzea ahalbidetzen duena, bai eta terapiak etetea eta tratamendu kirurgikoa atzeratzea saihesten duten tratamenduen toxikotasuna hobeto heltzea ere.
Era berean, biriketako minbiziari buruzko saiakuntza klinikoek aurrera egiten dute EAEko Osasun Itunak bultzatutako akordioetan; izan ere, aukera ematen dute osasun-emaitzak zorroztasunez neurtzeko, hala nola erantzun patologikoa, biziraupena eta toxikotasuna. Elementu horiek funtsezkoak dira Itunak sustatzen duen balio-ikuspegirako, eta EAEko sistema sanitarioak ikerketarekin, berrikuntza terapeutikoarekin eta ekitatearekin duen konpromisoa sendotzen dute tratamendu aurreratuetarako sarbidean.






