Ertzainek joan den uztailaren 25ean Amorebieta-Etxanon, N-634 errepidean, txirrindulari bat harrapatu zuen ibilgailuaren jabea atxilotu dute. Gidariak ihes egin zuen eta txirrindularia egun horretan bertan hil zen Gurutzetako ospitalean.
Istripua goizeko hamarrak laurden gutxi inguruan gertatu zen N-634 errepidean, Amorebieta-Etxano parean, eta Bilborako noranzkoan zihoan txirrindulari bat zauritu zen. Istripuaren biktima, espainiar nazionalitateko 82 urteko gizona, Gurutzetako ospitalera eraman zuen Osakidetzaren helikoptero batek, eta arratsaldean zehar, ospitaletik jakitera eman zuten txirrindularia hil egin zela.
Bizkaiko Trafikoko Lurralde Unitateak abian jarri zuen ikerketan jakin ahal izan zuten istripuan ibilgailu bat zegoela inplikatuta eta ihes egin zuela. Era berean, egindako ikerketen ondorioz, txirrindularia zehazki zein ibilgailurekin harrapatu zuten jakitea lortu zuten.
Atzo, igandea, Bilboko Ertzain-etxeko agenteek, Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak eta Bizkaiko Trafikoko Lurralde Unitateak gauzatu zuten operatibo batean, autoaren jabea atxilotu zuten Bizkaiko hiriburuan. Pertsona horri zuhurtziagabekeriaren ondoriozko giza hilketa eta sorospen-eginbeharra ez betetzea leporatzen dizkiote.
Atxilotua, espainiar nazionalitateko 37 urteko gizona, epailearen eskuetan jarriko dute dagozkion eginbideak amaitu ondoren.






