Suaren aisia-erabilera: barbakoa piztu aurretik gogoan izan beharrekoak

0

Sua erabiliko bada, kontuz eta arduraz jokatu behar da nahitaez, are gehiago udan eta tenperatura altuko uneetan. Kontuz erabiltzea lagungarria da, ingurumen-hondamendiez gain, kalte materialak eta heriotzak eragiten ahal dituzten larrialdiak gerta ez daitezen.

Jokabide arduratsu hori dela eta, egunotan pertsona askok jo dute Ingurumeneko Zentralera (IZ), Nafarroan sua erabiltzeko muga zehatzak zein diren egiaztatzeko. «Barbakoak udan: bai ala ez?» galderaren erantzunak, egiaz, suaren aisia-erabilera guztiei buruzko zalantza ebazten du, eremu urbanizaezinei dagokienez. Aisia-erabilera kontzeptuak barnean hartzen du, halaber, bero-sorgailuen erabilera (kanpin-gasa, suarkak, etab.).

Erantzunak gogoan izan behar diren hiru bektore hauek ditu: sua egiteko hautatu den lekua, eguneko sute-arriskuaren maila eta urteko sasoia. Ingurumen Departamentuaren aurreikuspenak eremu urbanizaezinetan suarekin izan beharreko jokabidera mugatzen dira, horretarako gaituta dauden eremuei dagokienez (barbakoak, piknikguneak, errepide eta autobideetako atsedenguneak, etab.). Hiriguneetan, kasuan kasuko toki-entitateak ezartzen duen araudiari jarraitu behar zaio.

Navarra.es webgune espezifikoak, baso-suteen prebentzioari buruzko atalean, informazio hori guztia biltzen du, baita erreferentziazko araudirako eta suari buruzko beste xedapen batzuetarako estekak ere, hala nola ibilgailuen zirkulazioari edo makineriaren erabilerari buruzkoak. Maiz egiten diren galderen (FAQ) atala ere badu webguneak, eta aukera ematen du Ingurumeneko Zentralarekin posta elektronikoz harremanetan jartzeko (centralmedioambiente@navarra.es). Zentralaren telefono-zenbakia ere ageri da orri horretan. 646594948 zenbakiak deiak eta WhatsAppeko mezuak ere onartzen ditu. Zentralak zuzeneko telefono-arreta eskaintzen du 8:00etatik 22:00etara urteko 365 egunetan.

Zer izan behar da kontuan?

Nafarroan, 2016ko foru-aginduari jarraitu behar zaio, suaren erabilera arautzen baitu, balizko baso-suteak prebenitzeko. Izan ere, araudia baso-sutearen arrisku zenbatetsiari loturik dago, Meteorologiako Estatu Agentziaren (AEMET) webgune ofizialeko parametroak izanik haren erreferentzia. Arrisku hori berariaz neurtzen da udal-mugarte bakoitzeko lurzoru urbanizaezinerako, eta webgune espezifiko batean eskaintzen da, kolore-gama baten bidez eta hiru eguneko denbora-tarterako adierazita.

Arriskua oso altua edo muturrekoa bada, erabat bazterturik dago sua erabiltzea lurzoru urbanizaezineko aire zabaleko edozein espaziotan, horretarako prestatuta egon ala ez. Arrisku-maila apalagoa bada (oso baxua / baxua / altua eta moderatua), aurreikuspenak orokorragoak dira. Kontuan izan behar da Nafarroa bi eremutan erdibitzen dela klimatologiari eta balizko sute-arriskuari dagokionez; hain zuzen ere, Iparraldea eta Hegoaldea.

Ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, alegia, uda-sasoian, debekatuta dago sua eta bero-sorgailuak erabiltzea Hegoaldean, salbu eta gaitutako eremua eta itzaltze-ekipoak dituzten kanpin mailako hotel-establezimenduetan. Iparraldean, ordea, erabiltzen ahal dira sua eta berotzen diren elementuak lurzoru urbanizaezineko aire zabaleko edozein eremutan, hori bai, betiere horretarako gaitutako lekuetan. Edozein kasutan ere, agintaritza eskudunak zigilatu dituen barbakoak ezin dira erabili zigilatuta dauden bitartean.

Lurzoru urbanizaezinean, muga horiek ez betetzeak administrazio-zehapenei bide ematen ahal die, hargatik eragotzi gabe suaren erabilerak baso-sutea eragiteagatik edo pertsonei, ondasunei edo ingurumenari kalteak eragiteagatik eskatzen ahal diren erantzukizunak.