- Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren ekimena bost hilabetez egon da ikusgai Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetako 14 kokalekutan, herritarrei abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoari buruzko ezagutza hurbiltzeko.
- Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak gogorarazi du ezinbestekoa dela homologatutako eklipse-betaurrekoak erabiltzea, eta herritarrei gomendatu die fenomenoa dauden lekutik bertatik ikustea, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko.
«Bi ilunabarreko eguna« erakusketa ibiltariak Guardian amaituko du apirilaren 1ean hasi zuen ibilbidea. Ordutik, Euskal Autonomia Erkidegoko hamalau kokalekutan izan da, herritarrei datorren abuztuaren 12an Euskaditik ikusgai izango den eguzki-eklipse osoari buruzko ezagutza zientifikoa hurbiltzeko. Erakusketa Arabako udalerrian izango da ikusgai egun horretara arte, fenomeno astronomikoarekin bat eginez.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek gaur goizean bisitatu du erakusketa, Raúl García Ezquerro Guardiako alkatearekin eta Maite Córdoba Fernández Lapuebla Labarcako alkatearekin batera; azken udalerri horretan ere egon da ikusgai erakusketa. Bisitan, sailburuak herritarrak mende bat baino gehiago igaro arte Euskadin berriro ikusiko ez den gertaera apartaz gozatzera animatu ditu, eta eklipsea segurtasunez behatzeko gomendio nagusiak gogorarazi ditu.
Zientzia espazio publikoan
«Bi ilunabarreko eguna» erakusketa Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatutako ekimen baten parte da. Ekimenaren helburua zientzia espazio publikora eramatea eta edonork Lurretik ikus daitekeen fenomeno astronomikorik ikusgarrienetako bat ulertzeko aukera izatea da.
Ilustrazio zientifikoen eta publiko guztientzako egokitutako dibulgazio-edukien bidez, erakusketak azaltzen du zer gertatzen den eguzki-eklipse oso batean, zergatik izango den abuztuaren 12koa mugarri historikoa Euskadirentzat eta zer neurri hartu behar diren fenomenoa segurtasunez behatzeko.
Proiektuak Jakindari Kultura Zientifikoaren Aldeko Aliantzako hogeitik gora erakunderen lankidetza izan du, tartean DIPC eta Aranzadi Zientzia Elkartea. Erakunde horiek erakusketaren edukiak prestatzen parte hartu dute.
Apirilaren 1ean Zarautzen inauguratu zenetik, erakusketak hiru lurralde historikoak zeharkatu ditu, eta honako herri hauetan izan da: Zarautz, Beasain, Zalla, Donostia, Bergara, Durango, Bilbo, Barakaldo, Gasteizko bi kokaleku, Gesaltza Añana, Gaubea, Lapuebla Labarca eta, azkenik, Guardia. Ibilbide horretan zehar bisita gidatuak, hitzaldiak eta tailerrak ere antolatu dira, milaka herritarrengana kultura zientifikoa eta astronomia hurbiltzeko.
Eklipsea segurtasunez behatzeko deia
Eklipserako azken egunetan gaudela, sailburuak Eusko Jaurlaritzaren gomendio nagusiak gogorarazi ditu fenomenoaz segurtasunez gozatzeko. Lehenengo eta garrantzitsuena homologatutako eklipse-betaurrekoak erabiltzea da; izan ere, Eguzkiari babes egokirik gabe zuzenean begiratzeak, Ilargiak ia erabat estali duenean ere, erretinan kalte larri eta atzeraezinak eragin ditzake.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak gomendatzen du eklipsea pertsona bakoitza dagoen lekutik bertatik behatzea, bizi den udalerrian edo oporrak igarotzen ari den tokian, horrela beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestuz, zirkulazio-sarean mugikortasun handia aurreikusten den egun batean. Lekuz aldatzea erabakitzen bada, aldez aurretik mendebalderantz ikuspen ona eta oztoporik ez duen gertuko behatoki bat aukeratzea gomendatzen da.
Osasun publikoa babesteko, segurtasuna indartzeko eta herritarrei informazio fidagarria eskaintzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztiei eklipsea segurtasunez behatzeko prebentzio-neurri eta gomendio nagusiak biltzen dituen dokumentua helarazi die. Horrez gain, aholku horiek herritarren artean zabaltzeko informazio-kanpaina bat jarri du abian.
Eklipseari buruzko informazio guztia, behaketa segururako gomendioak, jardueren agenda eta dibulgazio-baliabideak eklipsea.euskadi.eus webgunean daude eskuragarri. Bertan, erakusketako ilustrazioak ere deskarga daitezke.






