1960tik 2001era estreinatutako 20 film luzez osatuta egongo da José Giovanni zinemagile, gidoigile eta eleberrigileari (polizia-zinema frantziarraren aro handiaren irudi eztabaidaezina berau) buruzko atzerabegirakoa. Zinemaldiaren 74. edizioak Giovannik zuzendutako ia film guztiak berreskuratuko ditu, bai eta hark beste errealizadore batzuentzat (hala nola Jacques Becker, Jean-Pierre Melville, Jacques Deray, Claude Sautet, Henri Verneuil eta Robert Enrico) idatzitako zortzi film ere.
Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak Espainiako Zinematekaren lankidetzarekin antolatua, zikloak liburu baten argitalpena ere barne hartuko du: José Giovanni. No hay vida plena sin piedad, Felipe Cabrerizok idatzia eta Quim Casas kritikari eta Donostia Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kideak editatua. Giovannik eleberrigile, gidoigile eta zuzendari gisa ekoitzitako obra guztia errepasatzen du azterlanak, frantziarraren bizitzako zenbait alderdi polemikoz gainera: alemaniarren okupazioan izandako eginkizuna, kartzelatik ihes egiten saiatu zenekoa, etab.
Liburua, gaztelaniaz eta ingelesez editatua, Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak bultzatutako bildumaren bosgarrena da, Claude Sauteti, Hiroshi Teshigaharari, polizia-zinema italiarrari eta Lillian Hellman gidoigileari eskainitakoen ondoren.






