Nafarroako Foru Ogasuna 2026ko erdialdera 2 588 milioi euroko diru-bilketa metatuarekin

0

Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketa likidoa, ekainean metatua, 2. 588,1 milioi eurokoa izan zen. 2025eko ekainera arte 2.346,8 milioi euro jaso ziren; beraz, % 10,3koa izan da urtetik urterako gehikuntza. Gorakada hori diru-bilketa oso metatua % 5,6 gehitzearen eta itzulketak % 4,4 murriztearen ondorioa da.

Ekaina izaten da apirilari dagozkion kuoten diru-sarrerak, aldizkakoak ez diren zergak eta epez kanpoko ordainketak kontabilizatzen diren hilabetea. Horrez gain, Hitzarmen Ekonomikoan aurreikusitako zuzeneko eta zeharkako zergen doikuntza fiskalak gehitzen dira, aurtengo bigarren hiruhilekoari dagozkionak.

Iragan ekainean, indarrean jarraitzen zuten 7/2026 Errege Lege Dekretuak eta 1/2026 Legegintzako Foru Dekretuak Ekialde Ertaineko gerraren ondorio ekonomikoei aurre egiteko abian jarri ziren aldi baterako neurriek. BEZa, Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren Balioaren gaineko zerga, Elektrizitatearen gaineko zerga eta Hidrokarburoen gaineko zerga dira haien eraginpeko zergak.
Kudeaketa zuzenaren bidez metatutako diru-bilketa likidoak, hau da, Foru Ogasunaren diru-bilketa jardueratik bakarrik eratorritakoak, % 14,4ko gehikuntza izan zuen iazko zenbatekoekin alderatuta: 1.756,3 milioi euro, 2025eko hil berean metatutako 1.535 milioi euroen aldean, alegia, zenbateko osoaren % 67,9.

Azterketa xeheagoa eginez, kapituluka, zuzeneko zergen bilketa likidoa 1.239,6 milioi eurora iritsi zen ekainean, urte arteko % 19,7ko gorakadarekin. Zeharkako zergen kasuan, 1.331,4 milioi eurokoa izan zen zenbatekoa, hau da, % 2,8 gehiago. Tasen eta bertzelako diru-sarreren kontura, berriz, 17,1 milioi euro bildu dira.

Zerga-figura nagusien azterketa

Zerga nagusien portaerari dagokionez, PFEZaren zuzeneko kudeaketa metatuaren bidez 992,5 milioi euro bildu dira, 2025ean epe horretan bertan bildutakoa baino % 23 gehiago. Atal horretako osagai guztietan goratu dira zenbatekoak: lan-atxikipenak, 1.086,8 milioi eurokoak, % 7; kapital-atxikipenak, 84,7 milioi eurokoak, % 12,3; eta PFEZaren konturako zatikapenak, 45 milioi eurokoak, % 6,6.
PFEZaren kuota diferentzialak 214 milioi euroko saldo negatiboa du, hain zuzen ere, ekainean oraindik ez direlako ordaindu Errenta Kanpainaren lehen epeko kuotak. Zenbateko hori, ia oso-osorik, 2025eko Errenta Kanpainan orain arte egindako itzulketei dagokie.

Sozietateen gaineko zergak, 91,8 milioi euroko zenbateko metatuarekin, urte arteko %30,3ko igoera izan zuen. Kuota diferentzialaren hazkundeak ulertarazten du datu hori: 15,8 milioi euro positibo, 2025eko 3,3 milioi euro negatiboen aldean. Kapitalaren atxikipenak gehitu behar zaizkio horri: % 12,3ko gorakada izan dute eta 36,3 milioira iritsi dira.

BEZaren zuzeneko kudeaketaren bidez bildutakoa % 4,6 igoda, 279,8 milioi euroraino. 2026an bilketa oso jarraitua handiagoa izatearen emaitza da zenbateko hori. 980,8 milioi eurokoa da, 2025ean baino % 4,2 handiagoa. Itzulketak ere duela urtebete baino % 4 handiagoak dira, 701,0 milioi eurokoak.
Zerga bereziek ere zertxobait, zehazki % 0,9,  egin dute gora kudeaketa zuzenaren bidez bildutako diru-kopuruan, batez ere % 7,1eko gehikuntzarekin 102,6 milioi eurotaraino heldu den Hidrokarburoen gaineko Zerga Bereziaren diru-bilketa likidoak hauspotuta.

Estatuarekiko zerga-doikuntzek % 2,5eko hazkundea izan dute, 2025eko ekainera arte likidatutako zenbatekoarekin alderatuta, eta bilketa metatu osoaren % 32,1 izan ziren, bigarren hiruhilekoko behin-behinekoak likidatu baitziren ekainean.

BEZaren doikuntzak 2025eko ekainean bildutakoak baino % 8,5 handiagoak izan ziren, eta zerga berezien doikuntzek nabarmen egin zuten behera, 29,2 milioi euroraino Estatuaren alde. Horrez gain, lan eta kapital atxikipenengatiko doikuntzaren sarrera ere izan zen, 76,1 milioi euroko zenbateko metatuarekin, Nafarroaren alde.

Datu horien guztien ondorioz, zerga-bilketa likido metatua 2.588,1 milioi eurokoa zen ekainean, hau da, hasiera batean 2025erako aurreikusitako aurrekontuarekiko % 44,5eko exekuzio-maila.